
Gipuzkoa begiragarria
Informazio gehiago nahi baduzu, antolatzailearen xehetasun-fitxan.
Kutxa Fundazioak bat egin nahi du «Ipuscua» hitza agertzen den lehen dokumentu idatziaren milagarren urteurrenaren ospakizunarekin. Hain zuzen ere, Pascual Marínek 1932an Lo admirable de Guipúzcoa izenburupean plazaratutako liburuaren berrikusketa argitaratuz bat egingo du urteurrenarekin; zehazki, argazki-proiektu bat gauzatuz, lau argazkilari gonbidaturen eskutik: María Azkarate, Peter Bialobrzeski, Dragana Jurišić eta Lobo Altuna.
Lan honetan, topofiliaren fenomenoaren bi osagaiak landu dituzte argazkilariek, nork bere ikuspegitik: gizataldea eta ingurune zedarritua. Hauxe da topofilia, Tuan Yi-fu geografo txinatar-estatubatuarraren definizioaren arabera: gizatalde bat bere ingurunera lotzen duen harreman afektiboa, zeinak baitarama gizataldea ingurune horretan irautera, baldintza txarrak izanik ere, edo utzi behar izan zuen lurrarekiko lotura emozionalari eustera.
Lurraldea eraikuntza sozial, historiko eta sinboliko gisa ulertzen da gaur egun. Ez da gauza emana, baizik eta denboran zehar sortu, bizitu eta zentzuz hornitzen den zerbait. Eguneroko jarduerek, gizarte-harremanek, azpiegiturek, errituek, arkitekturak eta arteak tankeratzen dute lurraldea, zentzu-ehun baten gisan. Ehun hori ez da homogeneoa, ezta egonkorra ere; gatazka eta aldaketa etengabeen mende dago, nola diren aldagai ekonomikoak eta sozialak.
María Azkaratek erakusten digunez, orainaren ikusezintasunaren eta oroimenaren eraikuntzaren arteko dualtasun horretan egon da beti ertza, zeina ez baita marra soil bat, eremua baizik, bere horretan.
Peter Bialobrzeskik modernitatea eta memoria uztartzen dituen sail bat sortu du; sail horretan, ondarearen ideia hausten duen paisaia batean konbinatzen dira bi alderdiak, errealitate misto baten konplexutasunean txertaturik, non tradizioak ez baitira nahasten modernitatearekin, zehazki, baizik eta modernoa den hori ulertzeko eta egokitzeko modu jakin batekin.
Dragana Jurišićek ez du erakusten nolakoak garen baizik eta nola ikusten gaituzten. Jolas horrek begiradaren eta objektuaren artean hainbat baldintzatzaile kultural jartzea eskatzen du: begiratzen gaituztenenak, hain zuzen ere. Haren begirada poesia hutsa da, aurrez aurre duen munduaren eta begiratzen duenaren adimenean dauden ideien kontrastearen aurreko erreakzioa.
Ibilbidea giza paisaiaren ikuspegi batekin amaitzen da, Lobo Altunaren eskutik. Hasieran, topofilia aipatu dugu. Orain, berriz, sentimendu horren eta beren sentimendua gure artean berreraiki behar dutenen arteko konbinazioa planteatu behar dugu, haien ohiturak gureekin uztartuz gizarte berri bat sortzeko, geldiezina bezain mistoa.