Bertako sekretuek, txoko magikoek, lakuek eta bideek naturaren erdian sentiarazten zaituzte, hiriaren bihotzean zauden bitartean. Halaxe mantendu du Donostiak bere xarma gaur egunera arte.
Hiriko parke eta jauregietan zehar antolatutako bisita gidatuak aukera ematen du Donostiako eraikin esanguratsuak ezagutzeko, bitartean hiri-ibilaldi paregabe bat eginez.
Autoa hartzeko beharrik izan gabe, zapatila eta arropa erosoak janztea aski da hiriaren erdigunean egotetik zuhaitz eta lorez jositako ingurune ezin baketsuago batera pasatzeko.
Baina, adi! Sartu aurretik, bi alboetara patxadaz begiratzea komeni da. Auzoaren hasieran eta eraikuntza berrien artean, lur haietan behinola izan zen bizitzaren oroitzapenak aurki daitezke. Depositu handi bat dago, garai batean egon zen gas-fabrikarena. Eta, ba al zenekiten zonalde hau hirira urak jaisten zuen ibar-bidea zela?
Hau da gure abenturan zehar gure gidariak, Amaiak, kontatu zigun bitxikerietako bat. Bi ordu eta erdiko abentura horretan, gaur egungo gizarte eta espaziotik baserri eta jauregien Donostiara eraman gintuen.
Hesiaren ataria zeharkatu eta asfaltotik oina altxatzearekin batera, txoko miragarri batera eramango zaituen bide bat topatuko duzu.
Igotzen ari zarela, parkea zaintzen duten zuhaitz izugarri handien itzalak gogobeteko zaitu.
20 urte baino gehiagoko esperientzia duen gure gidariak zuhaitz horiek gehiago ezagutzen lagunduko digu; nondik datozen, nola bereizi hostoen formaren arabera…
Eta naturaz ikusmenaz, usaimenaz eta ukimenaz gozatu ondoren, atseden hartzen utzi genien geure zentzumenei. Belarriak zorroztuz, Aieteko Jauregiaren historia ezagutzeko garaia iritsi zen.
Gure begien parean, hostoen tartetik irteten zen jauregi zuri handi bat ikusi genuen: uda batzuetan Maria Kristina erreginaren udako egoitza izan zen, eta pertsonaia historiko ugarik hartu izan zuten bertan ostatu, horien artean Isabel II.ak, Alfontso XII.ak, Alfontso XIII.ak eta Alejandra Viktoria monarka britainiarrak.
Jauregitik metro gutxira dago Aieteko parrokia; Maria Kristina maiz joaten zen meza aditzera. Emakume horren beste bitxikeria bat euskararekin zuen pasioa da. Kontatzen dutenez, Aieteko parrokiako parrokoarekin zuen harremanari esker, haren meza entzutera joaten baitzen, euskara ikasten hasi zen, nor-nori-nork leziora iritsi arte. Orduan, amore eman zuen, eta historiara pasa diren hitz batzuk esan zituen… Ba al dakizue zein diren?
Francisco Franco diktadoreak ere urte batzuetan Aieteko Jauregian pasatu zituen udako oporrak. Gaur egun, eraikina Bakearen eta Giza Eskubideen Etxe bihurtu da, eta bertan egin zen euskal gatazka konpontzeko Nazioarteko Bake Konferentzia.
Ur tragoxka bat edanda, Aiete zeharkatu eta Miramar Jauregirantz abiatu ginen.
Helmugara iritsita, Pierre Ducasse lorezainaren lan nahasezina topatu genuen berriz. Izen hori ezagutzen ez baduzue, gogoan izatea gomendatzen dizuet. Kristina Enea parkeak eta Alderdi Ederreko lorategiek ere haren sinadura eta estilo fina daramatzate.
Kasu honetan, hiriko harribitxietako batez ari gara: Miramar Jauregiaz. Jauregi hau Maria Kristina erreginaren eskariz egin zen, haren udako etxe moduan, eta berak eta errege-gorteek udaz uda erabili zuten erregina hil zen arte.
