Donostia San Sebastián Turismoa-ren webgune ofiziala

Blog

Donostia, by locals

15 plan berezi… udazkenerako

Udazkena iristearekin batera, Donostiako azokak onddoz, zizaz eta perretxikoz betetzen dira, eta hiriko mendi, parke eta lorategiak okre koloreko hostoz janzten dira, hiriaren edertasuna eta xarma are gehiago nabarmenduz. Donostian era guztietako planez gozatzeko garai ezin hobea da. Animatuko zara?

1. Naturan murgiltzeko eta arnasa hartzeko ibilbideak…

Aire freskoa arnasteko eta lasaitasunaz gozatzeko gogotsu? Donostia naturaz inguratuta dago, eta oinez egiteko hainbat ibilbide edo bizikletaz egitekoak proposatzen dizkizugu, hirian bertan zein handik oso gertu: Cristina Enea Parkeko ibilbide magikoa, Donejakue Bidea, Donostiako kostaldea bizikleta elektrikoan, Urumea ibaiaren ibilbidea oinez edo piraguan, edota gure mendietako ikuspegi paregabeak…

2. Ezagutu gure basoak, parkeak eta jauregiak

Zuhaitz artean paseatzeko, eta turismo-mapetan agertzen ez diren beste leku batzuk ezagutzeko gogoa baduzu… Donostiako baso, parke eta jauregietan barrena egin dezakezun ibilbide honetan murgiltzera gonbidatzen zaitugu… Egokiena, ibilbide hau tokiko gida batekin egitea da, sekretu guztiak konta diezazkizun.

3. Gastronomiaren hiriburuan zaude… gozatu!

Gure hirian chef handiak biltzen dira, tokiko produkturik onenak eta teknikarik berritzaileenak uztartuz… Aurten, oparitu zeure buruari esperientzia gastronomiko ahaztezin bat: Michelin izarrak, merkatu tradizionalak, pintxorik onenak…

4. Shopping made in Donostia

Ezagutu aire zabaleko merkataritza-gune txiki baina bikain bat: tokiko saltokiak eta marka handiak Donostiako eremu erromantikoan! Tokiko diseinatzaileak, denda bereziak, ehun urtetik gorako historia duten saltoki tradizionalak… Ezagutu erosketak egiteko aukera guztiak!

5. Museo eta arte-galeriei esker, hiriko kulturan murgiltzeko aukera duzu

Egun lainotsu edo euritsu baterako, ez dago Tabakaleran, San Telmo Museoan, Chillida Lekun edo Albaolan murgiltzea baino plan hoberik… Bisitatu Donostiako museo eta arte-galeria ugariak eta ezagutu euskal kultura garaikidea!

6. Ikasi eta gozatu… familian

Ikasi modu dibertigarrian Aquariumeko 200 arrain-espezie baino gehiagoren artean, harritu Eureka! Zientzia Museoaren planetario handiarekin eta haurrentzako esperimentu zientifikoekin, edo gozatu Igeldo Mendiko jolas-parke vintagean. Haurrekin gozatzeko plan ugari ditugu!

7. Aire zabaleko museoa

Zeharkatu Donostia mutur batetik bestera, eta miretsi pasealekuetan aurkituko dituzun aire zabaleko eskultura ugariak: Nestor Basterretxearen Bakearen Usoa, Jorge Oteizaren Eraikuntza Hutsa eta Eduardo Chillidaren Haizearen Orrazia, besteak beste.

8. Donostia itsasotik

Eguraldiak eta itsasoak laguntzen badute, udazkena ere garai aproposa da Donostia itsasotik gozatzeko: belaontzian, yatean, katamaranean edo arrantza jasangarriaren bidez, hiria beste ikuspegi batetik ezagutu ahal izango duzu. Hainbat itsas jarduera eskaintzen ditugu horretarako. Eta eguna borobiltzeko, ilunabarra ikusteko lekurik onenak gomendatzen dizkizugu.

9. Goxa ezazu zeure burua… itsasora begira dagoen spa batean

Zer hoberik itsasora begira dagoen talasoterapia-zirkuitu bat, edertasun-tratamendu bat edo masaje erlaxagarri bat baino La Perla Talaso Sport-en? Ezagutu mende bat baino gehiagoko historia duen bainuetxea, Donostiako Belle Époque-aren ikurretako bat.

10. Olatuen ikuskizun paregabea!

Ba al zenekien Donostian, ekaitza dagoenean, 5 eta 10 metro arteko olatuak sortzen direla, eta batzuetan 20 metrora ere irits daitezkeela? Ikuskizuna miretsi edo unea betiko gorde dezakezu Paseo Berritik, Urgull Menditik edo Haizearen Orrazitik… baina kontuz, ez hurbildu gehiegi!

11. Murgildu txokorik benetakoenetan: Donostiako auzoak

Saihestu gune turistikoenak eta ezagutu leku alternatiboago eta benetakoagoak Donostiako auzoetan, gure ibilbide interaktiboen bidez edo bizikleta elektrikoz egindako bisita gidatu batean.

12. Hiriko arkitektura miresteko ibilbidea

Miretsi hiriko arkitektura eta erreparatu haren eraikin erromantiko, arrazionalista eta garaikide ikusgarriei, baita eraikin erlijioso eta historikoei ere, hala nola San Bizente Elizari, Santa Maria Basilikari edo Artzain Onaren Katedralari.

13. Ezagutu Donostiaren esentzia

Aipatutako lekuez gain, badaude Donostian galdu ezin diren beste hainbat txoko ere. Hiriko lekurik ezkutuenak ezagutu nahi dituzu? Hainbat ibilbide eskaintzen dizkizugu, hiriko txokorik ederrenez gozatu eta bertako sekretuak, historia, tradizioak eta kultura ezagutzeko… eta Euskal Herria bere osotasunean hobeto ulertzeko. Ezagutu gure hiriko bisita gidatuak!

14. Gustu guztietarako jaialdiak eta ekitaldiak

Donostiak bizi-bizirik jarraitzen du. Udazkena iristearekin batera, hainbat diziplina artistikotako ekitaldiak hartzen ditu hiriak: gastronomia – San Sebastián Gastronomika –; zinema – Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Donosskino eta Urpeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa –; eta musika elektronikoa – DKluba –.

15. Donostiatik egiteko txangoak

Donostiatik oso gertu, ezinbesteko txango ugari aurkituko dituzu: Bilboko Guggenheim Museoa bisitatzea, Gipuzkoa berdean murgiltzea, euskal eta/edo frantziar kostaldean barrena ibiltzea, edo Arabako Errioxako upategietan ardo-dastaketa batez gozatzea.
San Sebastián Turismo
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.