Donostian jaio nintzen duela 56 urte, eta bertan bizi izan nintzen 30 urte bete arte. Orduz geroztik, lan kontuengatik, Espainiako hainbat hiritan bizi izan naiz eta herrialde askotan ibilia naiz. Jakin-gose eta bidaiari geldigaitz, bai eta giza portaeraz eta gizarteaz jakinzale, gure LGTBI komunitatearen bizitza aztertu ahal izan dut hainbat eta hainbat tokitan. Gure hiriaren edertasun aski ezagunaz harago, zeinetaz hainbeste orri idatzi diren, lerro hauetatik gure hiriaren bizimodua eta idiosinkrasia ez ezik, gure hiriak jariotzen duen giro berezia ere azpimarratu nahi dut, turista guztiak kutsatzeko ahalmena du eta. Eta, bereziki, LGTBI komunitateari eta beste gutxiengo sozial batzuei dagokiena.
Gaur egun, LGTBI aisialdirako ia ez dago gaueko lokalik gure hirian. Hiri osoak LGTBI komunitatearekiko giro seguru eta irekia eskaintzen zuela erabaki zuten ostalariek duela zenbait urte. Nire iritziz, LGTBI lokalak ez dira soberan, gure kulturaren, musikaren eta gizarte mugimenduaren parte baitira, eta abar. Baina, zalantzarik gabe, LGTBI komunitateari espazio seguruak eskaintzeko premiarik ez duen hiria, hiri horren LGTBIfriendly izaeraren seinale garbia da
Bitxia bada ere, eta ikonoez ari garela, ba al zenekien San Sebastian —Elizak gehien gurtzen duen santuetako bat— benetako gay ikonoa dela? Haren irudikapen piktoriko eta eskultoriko zabala ez zen oharkabean pasatu gay komunitatearentzat. XIX. mendearen amaieran, orduko gizon gayek ideal homerotiko bat eta “armairuan” torturatutako gizon gay baten sinbologia ikusi zituzten San Sebastian santuaren irudikapenetan. San Sebastian santuaren irudia inspirazio iturri izan da literaturako maisu handien obran, esaterako, Oscar Wilderen edo Yukio Mishimaren obran, eta baita zineman ere, jakina.
Eta, hain zuzen ere, zinema da Donostia hiriak gure LGTBI komunitatearentzat eskaintzen duen erakargarritasunik berezienetako bat, zazpigarren artearekiko dugun grina gure bereizgarrietako bat da eta. Nire bizitza profesionala dela-eta ezinezkoa gertatu zait Lurreko hiririk ederrenetako batean bizitzea, baina urtero neure agendan iraileko aste bat aurkitzen dut ezinbestean, Donostiara itzultzeko eta munduko zinemaldi garrantzitsuenetako batez ahalik eta gehien gozatzeko. Jaialdiak iraun bitartean hiriak jariotzen duen giroa paregabea da. Artea, kultura, sofistikazioa eta estiloak donostiar eta bisitari oroz jabetzen dira. Izan ere, luxua nonahi jario arren, hiriak jaialdiari izaera herrikoia ematea lortu du, mundu guztiaren gozamenerako.
Hondartza eta gastronomia erakargarriak dira hiri askorentzat; Donostia hiria, ordea, erabat urruntzen da hiri masifikatu eta txosnaz beteriko ereduetatik. Gure kultura eta kalitate gastronomikoa mundu osoan ezaguna da. Eta hondartza-giroa hiriko beste giro guztiak bezain dotorea da, surfarekiko grina eta ingurumenarekiko errespetua bereziki azpimarratzekoak izanik
Berdin dio zertarako etortzen zaren Donostiara: ikastera, hiria ezagutzera, kongresu batean parte hartzera… aniztasunean errespetuz hartuak dira denak, bai eta jakin-minez ere. Bai, euskal herriko biztanleok neurritsuak izan ohi gara (“itxiak” izatearekin ez da nahastu behar), baina bisitariak ezagutzeko eta hartzeko irrikan gaude, baita elkarri eragiteko ere, bizipen eta gauza berriak ezagutu nahian. Eta, jakina, LGTBI bidaiarien kasuan ere bai.
Donostia, historikoki, politika-kontuengatik zapaldua izan da; horregatik, gure izaeran errebeldia-puntu bat izaten dugu, kanon zaharkituei aurre egin eta haize kontra joaten garelako ospea dugu, iraganeko garaietan zein egungoetan. Nik hori izugarri gogoko dut. Eta LGTBI komunitateko kide bazara eta Donostia bisitatzen baduzu, bere garairako aurreratuta beti dabilen hiri batez gozatzeko gogo bizia kutsatuko zaizu.
