Mendiak
Urgull mendia
Historiaz jantzitako tokia, itsasoaren eta hiriaren artean
Urgull mendiko sarrerak itxita egoten dira gauez: maiatzaren 1etik irailaren 30era bitartean, 08:00etatik 21:00etara egoten dira irekita, eta urriaren 1etik apirilaren 30era, berriz, 08:00etatik 19:30era
Donostiaren historiaren lekuko
Urgull mendian paseatzeak garai batera eramango zaitu. Gertaera historikoek utzitako arrastoak topatuko dituzu bidean. Era berean, gotorlekuak ez ezik, Donostia besarkatu zuen harresiaren zati bat ere topatuko duzu: XIX. mendean hiriak izan zituen gerra-batailen eta setioen lekuko gutxietako bat. Urgull mendia izan zen, 1794an, hiriak frantsesen aurrean egindako lehen kapitulazioaren agertokia. Urte batzuk geroago, Frantziako tropen eta armada angloportugesaren arteko guduaren ondorioz 1813an egungo alde zaharra suntsitu zuen sutearen lekuko ere izan zen. Gertakari hori urtero-urtero gogoratzen da, abuztuaren 31n izen bera duen kalean.
Itsasoaren eta hiriaren gaineko atalaia, zeharkatzen dituen bidezidorrak igarota, hiriaren ikuspegi zoragarriak izango dituzu nonahi. Zuhaitzez jantzitako parajeetan ezkutatutako begiratokian, Donostia ikuspegi desberdinetatik ikusteko. Paseotxo bat eginez, mendi-tontorrera iritsiko zara; bertan Jesusen Bihotzaren estatua ikusgarria topatuko duzu, baita Motako gazteluaren gotorleku eta kanoiak ere.
Haietatik, Alde Zaharraren edertasuna miretsiko duzu, ikuspegi desberdinetatik miretsi ere. Beste batzuetatik, berriz, argazki gehienetan agertzen den panoramika eskuratuko duzu, Kontxako badia agertoki duela eta Igeldo mendiaren hondo ikusgarriarekin.
Aldiz, beste begiratoki batzuetatik itsaso zakarragoaren edertasuna izango duzu aurrez aurre, itsasoak Pasealeku Berriaren gainetik saltoka direla, zinezko paisaia bat marraztuz.
Motako Gaztelua, hiriko defentsa-bastioia
Motako gazteluaren barruan Urgulleko Historiaren Etxea, utopatuko dugu: museo txiki horretan, ikus-entzunezkoen, maketen, objektuen eta eszenografien bidez, hiriaren 800 urteko historian donostiarren bizitza definitu duten nondik norakoak azalduko dizkigute.
Urgull Mendiko paseorik onena
Haietako bakoitzak paraje naturalak eta begiratokiak ditu, Donostiako ikuspegirik ederrenez gozatzeko. Baina mendi honen hegalek ezkutatzen duten historia guztia ikusarazten duen pasealekurik baldin bada, hori Zuloaga plazatik gora abiatu eta Pasealeku Berrira ematen duena da.
Bide hori San Telmo museoaren alboan sortzen da, eta asfaltatutako bide samur batetik gora ematen du. Oinez tipi-tapa zoazela, ez utzi bidean topatuko dituzun begiratokietan gozatzeari. Haietako bakoitzetik, hiriaren ikuspegi ezberdina izango duzu.
Gora heltzen zarenean, ez ibili zalapartaka. Disfrutatu paisaiaz Jesusen Bihotzaren. Paseatu Motako gazteluaren harresi eta gotorlekuetan barrena, eta egin 800 urteko bidaia iraganean, Historiaren Etxean sartuta.
Mendiaren hegal honetan, Urgull mendian historia gehien duen tokietako bat bisitatu ahal izango duzu: Damen Bateria. Inguru militarretako bat da, gure egunetara arte iraun duten kanoiez gordeta.
Hain zuzen ere, garai militar hartatik datorkio izena. Bastioi horren beheko aldean, iturri bat bide zen garai batean, eta bertara joaten ziren hiriko emakumeak uretara. Bide bakarra zen hara iristeko: bateria hori igarotzea. Hori horrela izanik, soldaduak eta emakumeak elkartu ohi ziren bertan. Damen Bateriako goiko aldean, liburutegi bat dago. Aste Santuan eta udako hilabeteetan egoten da irekita.
Itsasoa zakar dabilen egunetan, begiratokietatik, kai-muturraren gainetik salto egiten duten olatuen joan-etorria ikusiko duzu, hiriaren irudi tipikoenetako bat.
Bide horri jarraituta eta Pasealeku Berrira iritsi aurretik, misterioz inguratutako toki batean sartuko gara: Ingelesen Hilerrian. Bertako hilobi-harriek eta monumentuek tankera guztietako kondairak biltzen dituzte, eta norberaren irudimenaren esku ipintzen dute hilerri txiki honen egiazko jatorria.
Eta, halaxe, kondairaz kondaira eta historia-zertzeladaz blai, Urgull mendiari itsasertzetik buelta ematen dion pasealekura iritsiko zara. Pasealeku Berria. 1916an inauguratua, olatu-talka ikusgarriengatik da ezaguna. Itsasoa zakar dabilen egunetan, hortaz, kontu handiz ibiltzea komeni da, blai eginda bukatu nahi ez baduzu, behintzat!
Eraikuntza hutsa, Jorge Oteiza
Ez galdu inondik ere pasealeku hau, mendebaldeko muturrean itsaso zabalera ematen duen leiho bat topatuko baituzu. Eraikuntza Hutsa, alegia. Jorge Oteizak sortutako eskultura honek harro asko egiten dio desafio itsasoari, olatuekin jolasean, salto egiten duten bakoitzean.
Obra hau São Pauloko bienalean saritu zuten 1957an, eta gaur egun arte garaikidearen erreferente da mundu zabalean. Guztion esku-eskura dugun altxorra.
Akuariotik metro gutxira, Untzi Museoa topatuko duzu; euskal itsas ondarearen zati eder bat bertan dago gordeta.
Eta, halaxe, Donostiako arrantza-portu pintoreskoraino iritsiko gara. Euskal Herriko arrantza-ontzi tipikoak atseden hartzen dute bertan, nabigatzera irten aurretik, itsasoak eta hiriak elkar hartzen duten toki honetan.