Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoa. Argazkia: Wikipedia
Heila gure etxera astebeterako etorri da. Joan den urtean, Donostiako campusean Erasmus ikasketak egin zituenean, izugarri gustatu zitzaizkion nola hiria hala inguruko bazterrak. Gainera, lagun onak egin zituen nire pisukideen artean eta itzultzeko gogoz geratu zen. Pentsatu eta egin: gurean baitaukagu Sheila egunotan, hau da, Antigua auzoan lau unibertsitateko ikasleon artean alokairuan dugun etxebizitzako egongelako sofan lotan. Eta nik, gurera zetorren Sheila artean ezagutu gabe, “nor zaitugu?” galdetu nion atzo campusean egin zen festa batean. Itxurari dagokionez, edozein euskal gazte izan bailiteke Sheila. Itxurak itxura, jakinminak bultzata Donostiara euskarazko esaldi batzuk ikasita itzuli den kanpotarra dugu Sheila.
Eta, hara non, zaitugu: beraz, zu Sheila zaitugu. Sheila gurean dugu. Gutasuna euskaran. Zu zaitugu eta zu zara ren arteko diferentzia esplikatzen hasi natzaio Sheilari. Hasteko, nor zaitugu? galderari “Sheila nauzue” erantzun beharko liokeela esan diot, eta are ur sakonagoetan murgildu ez naiz ba! Sheilaren ingelesean who are you, espainolez quién eres tú, frantsesez qui est-tu, alemanez wer sind sie, euskaraz nor zara zu esango genuke. Aldiz, zaitugu ia itzulezina da (“te tenemos-tu nos eres”, “you are us-we have you”).
Egia da gaur egungo niaren gizartean, zaitugu forma beharrean zara askoz gehiago erabiltzen dela. Nitasunaren garaiak bizi gaitu aspaldidanik, indibidualismoaren eta selfiearen erreinuak dirau gurean ere. Euskara eta gu ez gara salbuespen, ez horixe, mendebaldeko gizartean erabat txertatutako gizartea baita gurea ere eta horrek euskararen gutasun markak gutxiagotan erabiltzera bultzatzen du. Hala ere, euskarak gutasunaren aukera ematen digu beti. Etorri da gure etxera/herrira/lagunartera kanpotarra, ezezaguna, arrotza, eta bertakoak nor zaitugu? galdegiten dio. Zaitugu horrek arroztasuna ezeztatzen dio hain justu arrotza denari. Zaitugu-k jada etxeko egiten zaitu, gure arteko, modu abegikorrean zuzentzen zaizu hizlaria, harremana hasteko modu ezin integratzaileagoa da. Zu zara-k distantzia bat markatzen baitu; zu hor eta ni hemen. Gure etxea, gure herria, gure ama, gure aita esan izan ohi da euskarazko tradizioan.
Hizkuntza bakoitzak muga batzuk ditu, baina baita aukera batzuk ere, bere-bereak direnak esklusiboki. Beste hizkuntzen aldean, euskara abegikor ageri zaigu bestearekiko. Munduak osotasun eta batasun bat du, eta horrexegatik, bestea “gu” da. Hortxe euskararen ekarpena. Sheila kanpotarra dugu/Sheila kanpotarra da esan baitezakegu euskaraz. Sheila kanpotarra dugu esatean (da beharrean) ordea, Sheila jada ez da hain kanpotarra, gure artean kokatu dugu jada, gure baitan. Hortxe itzulezina den zentzua, hortxe gutasuna. Eta zorionekoak gu, euskarak bi aukera horiek eskaintzen dizkigulako eta gu baten parte egiten duelako edozein hiztun.
Halaxe, Sheilak “Sheila nauzue” “Sheila naiz” beharrean esaten ikasi du dagoeneko. Ederra iruditu zaio gutasuna. Ni-an oinarritutako gizarteak horrelakoak behar dituelakoan dago! Eta pisukideok irribarre urduri batez erantzuten diogu jakitun baikara guk geuk gehienetan nitasunetik hitz egiten dugula.
Alaia Martin (bertsolaria).
Bertsolaritza, euskaran ahozkotasunak izan duen, eta oraindik duen, indarraren isla da. Hain justu ahozkotasun horri esker transmititu edo heldu zaigu gutasunaren zentzua, besteak beste. Bertsolarien doinuak, Arkitektura fakultate modernoaren hormetan ez ezik, Sheilaren gogoan iltzatuta geratu dira.
Sheilak Donostian beste astebete geratzea erabaki du. Gure etxeko sofan. Gure artean. Gurekin. Gutasunak jota.
Easo plaza.