Victoria Eugenia antzokiaren aurrean dagoen geltoki ofizialetik abiatu ginen. Hala, ibilbideari ekin aurretik, begirada bakarrean eraikin enblematikoak ikusteko aukera duzu: Maria Cristina hotela, Victoria Eugenia antzokia edo Rafael Moneok diseinatutako Kursaal kongresu-jauregia, adibidez.
Ibilbideko lehen geldialdia Pasealeku Berrian egiten du. Han hiria oso ikuspegi interesgarri batetik ikusi ahal izan genuen; Santa Klara uhartea Igeldo mendiarekin gainjarrita ikus daitekeen perspektibatik. Geltoki horrek aukera ugari ematen du; izan ere, hiriko toki estrategiko batean uzten zaitu. Jorge Oteizaren “Eraikuntza hutsa” eskultura ikusteaz gain, Urgull mendira igo zaitezke. Bertatik, badiaren 360º-ko panoramikaz gozatzeko, oinez urrats batzuk emateko eta, Ulia mendiaren beste aldea, Zurriola hondartza ikusteko aukera izango duzu. Gainera, mendian paseoan ibiltzeko eta garai bateko kanoiak, gotorlekua eta ingelesen hilerria ikusteko aukera izango duzu beste hainbat gauza harrigarriren artean.
Aquariumera joateko aukera ere izango duzu. Haurrekin derrigor egin beharreko plana da hori. Itsasoko espezie guztiak ikusten dituzten bitartean haurrek nola gozatzen duten ikusi besterik ez dago… Baina baita helduek ere! Europako ikusgarrienetako bat da; 360 graduko tunela ere badu eta marrazoz, arraiaz eta beste hamaika espeziez inguratuta zeharkatu ahal izango duzu. Eta egia da: merezitakoa du bere ospe ona.
Gure ibilbidean aurrera jarraitu genuen, ikusten, ikasten eta ulertzen ari ginen horrekin poz-pozik. Urte askotako historia duen hiria den arren, harrigarria da bertako modernitatea; izan ere, audiogidan azaltzen duten moduan, Donostiak 11 sute jasan ditu bere historian eta, ondorioz, etengabeko zaharberritzea bizi izan du.
Zoragarria izan zen autobus deskapotablearen goiko zatian Urumea ibaia zeharkatzea eguraldi eder harekin. Zubiz zubi joan ginen, haietako bakoitza, bertako historia, ezaugarriak eta, noski, izena identifikatuz. Deigarria iruditu zitzaidan ibaia Nafarroan jaiotzen dela eta Donostian itsasoratu aurretik 40 km egiten dituela jakitea. Hain zuzen ere, antzinaroan, Nafarroako erresumako portua izan zen, eta Erdi Aroan, ospetsu bihurtu ziren ibaiertzean zeuden ontziolak. Han eraiki zituzten Itsas Armada Garaiezina izeneko itsasontzi nagusiak.
Autobuseko ibilbidearekin aurrera jarraituta, ibaia zeharkatuko dugu Gros auzoa ezagutzeko. Ulia mendiaren hegaletako batean dago eta erpinetako batean du Kursaal jauregia. Autobusera igotzen eta handik jaisten ibili ginen, gure erritmoan, txoko guztiez gozatzen eta guztietan ikasten. Eta, eguna biribiltzeko, Groseko tabernetan sartu eta bertako barretako pintxo zoragarriak dastatu genituen… Ondo merezia genuen!