Ba al zenekien San Sebastián hiriaren izena Erdi Aroko monasterio batetik datorrela?
Nahiz eta ez dakigun noiz eraiki zuten, San Sebastián monasterioa 1014. urteko dokumentu batean aipatzen da, eta bertan adierazten da Leireko abade eta Iruñeko apezpikuaren eskuetan utzi zutela.
Gaur egun Miramar Jauregia dagoen lekuan kokatua (Antigua auzoan), monasterio hau San Sebastián santuari eskainita zegoen eta ospitale eta eliza gisa erabiltzen zen Santiagora zihoazen erromesentzat.
Miramar Jauregia
San Sebastián hiribildua Antso Jakituna errege nafarrak sortu zuen 1180 inguruan, Nafarroako itsas portua izateko. Erregeak monasterioaren izena hartu zuen, eta hiri-gutunean ezarri zuen hiribildua Sanctus Sebastianus deituko zela, erromantzez gaur egungo San Sebastián izenera eboluzionatu zuena.
Izen asko dituen hiria
Historian zehar, modu askotara deitu izan zaio hiriari:
Donostia
Euskarazko izen ofiziala da. Teoria onartuenaren arabera, Done Sebastianerengandik dator, zeina, aldi berean, Dominus Sebastianus latinetik baitator.
Donosti
Oso izen ohikoa da, eta gipuzkerazko euskalkitik dator. Haren ezaugarria “a” organikoa kentzea da, hau da, izenaren edo hitzaren beraren zati den amaierako “-a”, eta ez gehitutako artikulu bat.
La Bella Easo
Antzinako Oiasso (Easo) erromatar hiria gaur egungo Donostiaren kokalekuan zegoelakoan sortu zen. Erdaraz, “easonense” gentilizioa “donostiarra” hitzaren aldaera kultu gisa erabili izan da, baina gaur egun ez da erabiltzen.
Irutxulo edo Hirutxulo
“Hiru zulo” esan nahi du euskaraz. Arrantzaleek izen hori erabiltzen zuten; izan ere, hiria itsasotik ikustean, mendien eta uhartearen artean dauden espazioek osatutako hiru zulo ikusten dira.
Sanse
Lagunarteko izena da, San Sebastianetik datorrena, eta San Sebastián de los Reyeseko herritarrek ere erabiltzen dute.
Donostia / San Sebastián
San Sebastián izan zen hiriaren izen ofiziala 1980ra arte. Gaur egun, ordea, Donostia / San Sebastián izendapen elebiduna erabiltzen da.