Donostia San Sebastián Turismoa-ren webgune ofiziala

Blog

Donostia, by locals

Mende batetik gora Donostiara ongi etorria emanez

Donostiako Turismo Bulegoaren historia

Donostiak bi mende luze daramatza bisitariei harrera egiten, eta hiriko Turismo Bulegoaren historiak primeran azaltzen du hiriaren eta bisitarien arteko harreman benetan zahar hori. 1908az geroztik, zerbitzu horrek hiriaren eta bere jarduera turistikoaren bilakaeran lagundu du, eta garai bakoitzera egokitu egin da, izena eta kokalekua aldatuz, aldi berean Donostiaren, bisitarien eta bertakoen arteko harremanaren eraldaketak ere islatuz.
1908. urtean hasi zen dena, Ekimen Turistikoen Sindikatuak Informazio Turistikoaren Zerbitzua abian jarri zuenean, hau da, bisitariei informazioa emateko eta hiria sustatzeko lehenengo erakundea. Udalak 5.000 pezeta esleitu zizkion; horietako 2.000 langileei ordaintzeko baliatu ziren, beste 2.000 lokalerako eta 1.000 materialak erosteko. Jarduera turistikoari arreta antolatua emateko modu baten hastapena izan zen, jada helmuga turistiko moduan finkatzen hasia zen hiri batean.

Bulegoaren lehen kokalekua Boulevardeko kioskoan izan zen, erdigune betean zegoen aldi baterako puntu oso ikusgarri horretan. Handik gutxira iritsi zen lehen egoitza egonkorra, Alameda kaleko 10ean (gaur Boulevardeko Alameda 14), eta hor hasi zen finkatzen hasierako zerbitzu hura.
Urteak joan ahala, erakundea haziz joan zen. 1926an, Udal Propaganda eta Informazio Zentroa sortu zen, eta 1927. urtean Donostiako Erakarpen eta Turismo Zentro izena hartu zuen, (CAT gaztelaniako akronimoaz ezaguna). Gaur egun, beste garai bateko izena dirudi, baina ongi laburbiltzen du jada orduan iparraldeko helmuga nagusietako batek proiektatzen zuen hiriaren ideia.
Historia horren kapitulu deigarrienetako bat gaur egun Donostiako Udaletxea den Donostiako Kasinora aldaketa izan zen, 1929 eta 1932 urte artean. Aldaketa handia izan zen: 1928an, eraikina 75.000 pezetaren truke alokatzea adostu zen apiriletik abendura, 10.000 pezetako fidantzaz gain. CAT zentroa “Pilatosen balkoi” ospetsuaren azpian kokatu zen, eta bulego gisa funtzionatzeaz gain, turismoaren erakusketa iraunkorrerako gunea ere izan zen, bisitariei zuzendutako kartel, argazki, liburuxka eta informazioarekin.

1932an, bulegoa Victoria Eugenia Antzokira eraman zen, (Argentinar Errepublika, 3), eta han egon zen hamarkada luzetan. 2001. urtean Erregina Erregeordearen 3. zenbakira mugitu zen, pare-parean, eta 2008an, Donostia San Sebastián Turismoa izenarekin jada, etapa berri bati ekin zion Boulevardeko Alameda 8an, 2026ko martxora arte.
Hain zuzen ere 2026an, itzulera oso esanguratsu bat gertatu da: Turismo Bulegoa Donostiako Udaletxera itzuli da, bere ibilbide historikoko kokalekuetako batera. Aldiz, ez da helbide aldaketa xume bat, baizik eta bere ibilbidearen etapa oso sinboliko horrekin berriz ere konektatzeko modu bat.

Horrez gain, kokaleku berriak balio erantsi bat dauka: bulegoa Udalinfo ondoan egongo da, herritarrei arreta emateko zerbitzua. Xehetasun hori bizi dugun momentuaren adierazgarria da oso. Gaur egun, turismoa ez da sustapenaren ikuspegitik planteatzen, baizik eta helmugako kudeaketaren begirada zabalagotik, herritarrak eta beren bizi kalitatea erdigunean kokatzen dituena. Turismo Bulegoa eta herritarrei zuzendutako arreta espazio berean kokatzeko borondate hori bat dator, hain zuzen, hiria eta hiriko jarduera turistikoa ulertzeko modu garaikideago horrekin.

Azken batean, Turismo Bulegoaren historia bi mende luzez turismoarekin elkarbizitzan eta turismoa une historiko bakoitzera egokitzen aritu den hiri baten historia ere bada. 1908an sortu zen lehen zerbitzu hartatik Udaletxera itzuli den arteko ibilbide horrek erakusten digu Donostia mundura zabalik dagoen hiria izan dela belaunalditan zehar, eta gaur egun ere hala jarraitu nahi duela, gero eta ikuspegi orekatuagoarekin eta hemen bizi direnen bizi kalitatea erdigunean jarrita.

LEHIAKETA: “Ezagutzen al duzu Donostiako Turismo bulegoaren historia?”


Parte hartu! …eta irabazi 4 lagunentzako txakolindegirako txango pribatu bat, LOCAL EXPERT TOURSek eskainia.

Oinarriak ikusi

San Sebastián Turismo
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.