Donostia San Sebastián Turismoa-ren webgune ofiziala

Blog

Donostia, by locals

Doako eta aire zabaleko jaialdiak Donostiara iristear daude… aukeratu zeurea!

Udako hilabeteetan, Donostia aire zabaleko doako jaialdien agertoki bihurtzen da. Nahiago duzu hondartzako hondar gainean oinutsik ibili, edo zuhaitz baten gerizpean etzanda musikaz gozatzen duzun horietakoa zara? Aukeratu hobekien datorkizun plana.

Jazzaldia

Uztailaren 22tik 26ra bitartean, Zurriolako hondartzak doako zortzi kontzertu hartuko ditu Jazzaldiaren barruan. Horien artean, nabarmentzekoak dira emakumeen lidergoa duten nazioarteko lau izar (LP, Danielle Nicole, Ibibio Sound Machine eta Emma-Jean Thackray) eta tokiko lau talde sendo (ETS, Kokoshca, Nøgen eta HOFE). 61. ediziora heldu den jazz jaialdi hau klasiko bat da dagoeneko, bai bertakoentzat eta baita egun horietan hiria bisitatzen dutenentzat ere. Nazioarteko programazio zabala eskaintzen du, hondartzako doako kontzertu ugarirekin, eta bere kartel nagusian, besteak beste, Pat Metheny, Diana Krall eta Samara Joy izarrak nabarmentzen dira aurten.

Argazkia: Donostiako Jazzaldia

Glad is the Day

Abuztuaren 2an, igandean (12:00-21: 00), hondartzatik Cristina Enea Parkeko zuhaitzen gerizpera lekualdatuko gara Glad is the Day doako jaialdiaz gozatzeko. Hainbat agertokitan banatutako musika emanaldiez gain, jaialdiak DJ saioak, artisautza eta arropa azoka, piknik-guneak eta haurrentzako programazioa eskainiko ditu.

Argazkia: CC BY-SA Donostia Kultura – Glad is the Day 5# 2019

Ba al zenekien jaialdi honen izena Gladys del Estal ekologista donostiarraren omenez egindako hitz-joko batetik datorrela? Glad is the Day ingelesetik dator eta “Egun zoriontsua!” gisa itzul daiteke.

Ezin ahaztu, bestalde, Donostiako Aste Nagusia, hiriko festa handia!

Aste Nagusia

Abuztuaren 8tik 15era bitartean, Donostiako Aste Nagusia ospatuko da, adin eta publiko guztientzako hamaika jarduerarekin: portutik abiatu eta Kontxako hondartzan lehorreratzen den piraten abordatzea, su artifizialen lehiaketa tradizionala, hiri osoan eskaintzen diren doako kontzertuak (besteak beste, Veintiuno, Sanguijuelas del Guadiana, Süne, Lia Kali edo Etzakit talde eta artistak izango dira gurean), etab.

Argazkia: Donostia San Sebastián Turismoa

Euskal Jaiak

Iraileko lehen egunetan (irailak 2-13), Kontxako Banderarekin (estropadak) bat eginez, Donostiak bere Euskal Jaiak ospatzen ditu, euskal folklorea, herri-kirola eta tokiko sagardo ekoizleak (Sagardo Eguna) ardatz dituen jarduera-programa batekin.

Argazkia: Donostia San Sebastián Turismoa

Boga Boga Festibala

2026ko irailaren 10etik 13ra bitartean, hiriko eta inguruetako leku enblematiko eta berezietan egiten den tokiko DNA duen musika independentearen jaialdiaren laugarren edizioa hartuko du Donostiak. Aurten, Boga Bogaren agertokiak Miramar Jauregian, Easo Plazan eta Dabadaban egongo dira.

Boga Boga Festibalaren 2026ko kartel ofiziala

San Sebastián Turismo
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.