Donostia San Sebastián Turismoa-ren webgune ofiziala

Blog

Donostia, by locals

Euskal Jaiak Donostian

Irailaren 2tik 13ra Euskal Jaiek tradizioa eta oraina uztartuko dituzte berriz ere

Donostiak iraileko lehen egunetan —aurten, irailaren 2tik 13ra— Euskal Jaiak ospatzen ditu; jai horietan euskal kultura, kirola, gastronomia, folklorea eta tradizioak uztartzen dira.

Interesgarria izan daiteke zuretzat…

2026ko Donostiako Euskal Jaiak iragartzeko kartela

Egun hauetako ekitaldirik nabarmenenetako bat Sagardo Eguna da (irailak 5). Hitzordua 11:00etatik aurrera izango da Konstituzio Plazan; bertan, Gipuzkoako 31 ekoizleren sagardoa dastatzeko aukera egongo da, eta jai-giro ederraz gozatu ahal izango da trikitixaren eta euskal musikaren erritmoan.

Argazkia: Sagardoaren Lurraldea

Argazkia: Sagardoaren Lurraldea

Ezinbesteko hitzorduen artean, estropadak ere nabarmenduko genituzke, Kontxako Bandera jokoan baita; lau egun izango dituzu estropada giroaz gozatzeko: sailkatze-estropadak (irailaren 2an eta 3an), Kontxako Banderaren lehen jardunaldia (irailaren 6an) eta bigarrena (irailaren 13an). Nork eramango du aurten bandera preziatua?
Irailaren 6an, Gaztelu Eguna ospatuko da. Egun osoan zehar, 1813ko suntsiketaren ostean hiria nola berreraiki zen gogoratuko da, gaztelurako igoerarekin, kapitulazioen irakurketarekin, Urgulleko «Macho-an» (Motako Gazteluan) egingo den herri-bazkariarekin eta, amaierako ekitaldi gisa, Zubietako aktak Boulevardean irakurriz.

Haurrentzako programazioak ere izango du bere lekua —besteak beste, Haurren Toka Txapelketa (irailaren 11n) eta Urgulletik egingo den Herensugearen Jaitsiera ikusgarria (irailaren 12an), erraldoi eta buruhandien konpartsak lagunduta—, baita herri-lehiaketek ere (marmitakoa, tomateak, legatza…).

Alderdi Ederrek Artisautza Azoka hartuko du, eta, halaber, Donostiako Alde Zaharreko San Jeronimoko aretoan «Euskal Jantziak» erakusketa bisitatu ahal izango da.

Herri kirolak ere ez dira faltako. Izan ere, Kontxako Estropadez gain, Euskal Jaien barruan Esku-Pilota Txapelketako finalak (irailaren 10ean, Trinitate Plazan), Urgulleko Krosa (irailaren 12an, Argazkilari Elkartetik abiatuta) eta Kontxako Badiako Igeriketa Zeharkaldia (irailaren 12an) egingo dira.
Eta, noski, trikitilariek, txistulariek eta dantzariek hiriko plazak eta kaleak alaituko dituzte, Donostiako Alde Zaharrean, bereziki. Ez alferrik, jai hauetako programazioaren testuinguruan antolatzen diren lehiaketen artean, Dantza Solteko Txapelketa nabarmentzen da (irailaren 6an, Konstituzio Plazan).
San Sebastián Turismo
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.