Donostia San Sebastián Turismoa-ren webgune ofiziala

Blog

Donostia, by locals

Urria agurtzeko… esperientzia ikaragarriak

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Astea urriaren 30etik azaroaren 6ra bitartean izango da

Urriaren 30ean, ostiralean, Norma Vilak zuzendutako Salitre (2026) euskal ekoizpenak Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Astea inauguratuko du Antzoki Zaharrean. Areto horretan bertan azaroaren 6an eskainiko den Rhys Frake-Waterfielden Pinocho: Unstrung (2026) film britainiarrak emango dio amaiera Jaialdiari.

Salitre

Bi data horien artean, urteko fantasiazko zinemaren titulu onenen aukeraketa bat proiektatuko da, film luzeak eta laburrak, eta hainbat jarduera paralelo egingo dira. Besteak beste, Nikias Chryssosen Bloody Tennis (2026), Angel Gomez Hernandezek zuzendutako Crawlers (2026), Indonesiako Ghost in the Cell (2026) eta Frantziako Sanguine (2026) filmak ikusi ahal izango dira egun horietan Antzoki Zaharrean.

Aurten 32 film luze, 33 film labur eta telebistako 6 atal eskainiko dira guztira.
Animedonen hirugarren edizioa, animazioko zinema japoniarrari eskainitako sail paraleloa, Victoria Eugenia Antzokira itzuliko da aurten ere, eta bertan garatuko da programazioaren zatirik handiena. Hiru film luze eta familia arteko saio bat, Nire izena da Shin chan, proiektatuko dira. Bertan, telesailaren hiru atal historiko emango dira, eta Nekane Sarobe bikoizlea omenduko da, Shin chanen ahotsa, EITBn emandako 500 atal baino gehiagotan.

Animedonek Hyakki yagyō: Ehun deabruen gaueko desfilea erakusketa eta Flop Kultura: Maritxuetik Songokura gure identitatea sortzen podcastaren zuzeneko saioa ere hartuko ditu.

Aurten, arreta berezia eskainiko zaio Hong Kongeko zinemari: batetik, Antzoki Zaharrean, herrialde horretako egungo bi film proiektatuko dira (Black Past eta Ultimate Revenge, 2025ekoak biak), eta Tabakaleran, berriz, generoko bi klasiko: The Black Magic with Buddha (1983) eta Hard Boiled (1992).

Antzoki Zaharra izango da zinemaldi honen egoitza nagusia, eta bertan Asteko film luzeen sail ofiziala osorik proiektatuko da, 20 tituluz osatua.

L’estranea

Victoria Eugenia Antzokian, Animedoneko zinema-saioak, euskal film laburren maratoia, eta Izaki pixkat gardenak telesailaren aurrestreinaldia programatuko dira; sail honen hiru atal proiektatuko dira Primeran-en programatu aurretik.

Aurten, Tabakaleran, El cebo (1958) ere programatuko da, Ladislao Vajdak zuzendutako espainiar fantasiazko zinemaren klasikoa.

2026ko Jaialdiaren irudi den Samantha Hudsonek, bere lehen kontzertua eskainiko du Donostian. Samantha Hudson Live Showcase Intxaurrondo Kultur Etxean izango da urriaren 29an.

Aipatutakoaz gain, beste hiru erakusketa izango dira aurtengo egitarauan: Bitxikeria, munstro eta makinen kabinetea Okendo Kultur Etxean, Mai Egurzaren omenez Liburutegi Nagusian, eta Kafkaren ‘Metamorfosia’, Stéphane Levalloisen eskutik Irungo CBAn (Carlos Blanco Aguinaga Kultur Gunea).

Beste jarduera batzuek ere osatuko dute egitaraua: Fanzineen Gerra klasikoaren 11. edizioa ospatuko da eta hitzaldiak eta topaketak ere izango dira.

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea

Giro paregabea ziurtatuta dago: jende asko mozorrotuta joaten da emanaldietara, eta sekulako intentsitatez bizi ditu egun hauek. Zu ere horietakoa al zara? Bada… hartu kontuan honakoa:

Sarreren eta abonuen salmenta

Urriaren 23an jarri ziren salgai abonuak Antzoki Zaharreko leihatilan; urriaren 26an, berriz, sarrera solteak Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean.

Informazio gehiago: Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea

Eta gogoratu Donostiako sekretu guztiak ezagutzeko lehen geltokia Turismo Bulegoa dela. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteaz gozatzera bazatoz, hurbildu gure bulegora eta ezagutu hiriak zuretzat prestatu duen guztia. Egiten duzuna egiten duzula, esperientzia ikaragarria bizitzen lagunduko dizugu.
San Sebastián Turismo
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.