Urriaren 31ko gauean ospatzen den festa, Euskal Herriak Halloween sortu baino askoz lehenago ospatzen zuena
Antzina, Gau Beltza neguaren hasiera iragartzeko eta arbasoak oroitzeko une berezia izan ohi zen, orduko sinesmenen arabera, gau horretan, bizidunen eta hildakoen munduek bat egiten baitzuten.
Herrietako haurrak maindire zaharrekin mozorrotuta eta kalabaza zulatuetan kandelak sartuta ateratzen ziren kalera, etxez etxe eskean ibiltzera eta bidean topatzen zituztenak izutzera. Garai hura bizi izan zutenek diotenez, kalabazek beste egiteko garrantzitsu bat ere bazuten: barruko argitxoaren bidez, hildakoen arimei bidea erakustea.
Gau Beltzak herritarrak batu eta gure ondarea biziberritzeko aukera ematen digu. Elkarrekin Euskal Herriko ahozko tradizioa eta sinesmen zaharrak berreskuratu eta neguari ongietorria ematekoa.
Horregatik, gero eta gehiago dira, urtero, urriaren 31ean, jai hau ospatzen duten herriak, haur eta gazteek gure kultura bizitzeko eta partekatzeko bide ederra delako. Kalabazen argipean eta kantu zaharren doinuan, iluntasunak eta argiak bat egiten dute gure kaleetan, iraganaren eta orainaren arteko zubia eraikiz.