Ipuinetako hiri bat parke eta jauregien artean
- Donosti Feeling
- 2024 Mai 09
Umetan aditzen genituen ipuinetan, erresuma bateko errege-erreginak gizon-emakume nekazariekin batera bizi ohi ziren. Donostia ere halaxe sortu zen, eta gero hazi eta hazi egin da gaur eguneko Donostia izan arte: hiri aberatsa eta askotarikoa, zentzu askotan.
Bertako sekretuek, txoko magikoek, lakuek eta bideek naturaren erdian sentiarazten zaituzte, hiriaren bihotzean zauden bitartean. Halaxe mantendu du Donostiak bere xarma gaur egunera arte.
Hiriko parke eta jauregietan zehar antolatutako bisita gidatuak aukera ematen du Donostiako eraikin esanguratsuak ezagutzeko, bitartean hiri-ibilaldi paregabe bat eginez.
Autoa hartzeko beharrik izan gabe, zapatila eta arropa erosoak janztea aski da hiriaren erdigunean egotetik zuhaitz eta lorez jositako ingurune ezin baketsuago batera pasatzeko.
Guk Amaran hasi genuen ibilaldia; izan ere, Morlans auzoan dago, ezkutuan, Aiete parkerako sarrerako atea. Behin ate hori zeharkatuta, lotsati baina xarma handiz irekitzen da bidea etxe artean.
Baina, adi! Sartu aurretik, bi alboetara patxadaz begiratzea komeni da. Auzoaren hasieran eta eraikuntza berrien artean, lur haietan behinola izan zen bizitzaren oroitzapenak aurki daitezke. Depositu handi bat dago, garai batean egon zen gas-fabrikarena. Eta, ba al zenekiten zonalde hau hirira urak jaisten zuen ibar-bidea zela?
Hau da gure abenturan zehar gure gidariak, Amaiak, kontatu zigun bitxikerietako bat. Bi ordu eta erdiko abentura horretan, gaur egungo gizarte eta espaziotik baserri eta jauregien Donostiara eraman gintuen.
Garai bateko antzinako etxeen oroitzapenak topatu genituen han: garai hartako gizon-emakumeek lurra lantzen zuten gero fruituak saltzeko, edota animaliak zaintzen zituzten, baina jauregietako aristokrazia ere zerbitzatzen zuten, eta hala, harremana sortzen zen itxura batean hain desberdinak diren bi munduren artean.
Hesiaren ataria zeharkatu eta asfaltotik oina altxatzearekin batera, txoko miragarri batera eramango zaituen bide bat topatuko duzu.
Igotzen ari zarela, parkea zaintzen duten zuhaitz izugarri handien itzalak gogobeteko zaitu.
20 urte baino gehiagoko esperientzia duen gure gidariak zuhaitz horiek gehiago ezagutzen lagunduko digu; nondik datozen, nola bereizi hostoen formaren arabera…
Aieteko parkean, bertako zuhaitzekin batera, munduko bazter guztietatik ekarritakoak ere bizi dira. Ehun urtetik gorako astigarrak, pagoak, haritzak, magnoliak, ginkgo bilobak… eta sekuoia batzuk ere badaude. Hain justu, parkean ikusteko aukera dugun sekuoietako bat Donostiako zuhaitzik handi eta mardulena da.
Besarkatu al duzu inoiz zuhaitzik? Guk ezin izan genion tentazioari eutsi. Ez baduzue halakorik inoiz egin, esaten da zuhaitz baten enborra besarkatzean zuhaitzak duen energia positibo guztia jaso dezakezula; proba egin beharko duzue egiaztatzeko!
Eta naturaz ikusmenaz, usaimenaz eta ukimenaz gozatu ondoren, atseden hartzen utzi genien geure zentzumenei. Belarriak zorroztuz, Aieteko Jauregiaren historia ezagutzeko garaia iritsi zen.
Gure begien parean, hostoen tartetik irteten zen jauregi zuri handi bat ikusi genuen: uda batzuetan Maria Kristina erreginaren udako egoitza izan zen, eta pertsonaia historiko ugarik hartu izan zuten bertan ostatu, horien artean Isabel II.ak, Alfontso XII.ak, Alfontso XIII.ak eta Alejandra Viktoria monarka britainiarrak.
Jauregi honetako estilo neoklasiko frantseseko hormek hitz egingo balute, aristokraziaren eta politikaren izen entzutetsuen istorio eta pasadizioak kontatuko lituzkete. Gaur egun izen horiek ate nagusiaren pareko zutabean aurki ditzakegu.
Jauregitik metro gutxira dago Aieteko parrokia; Maria Kristina maiz joaten zen meza aditzera. Emakume horren beste bitxikeria bat euskararekin zuen pasioa da. Kontatzen dutenez, Aieteko parrokiako parrokoarekin zuen harremanari esker, haren meza entzutera joaten baitzen, euskara ikasten hasi zen, nor-nori-nork leziora iritsi arte. Orduan, amore eman zuen, eta historiara pasa diren hitz batzuk esan zituen… Ba al dakizue zein diren?
Erreginak, euskaraz gain, euskal kulturaz ere jakin-mina zuen. Horregatik, gonbidatuei aurresku bidez egiten zien ongietorria, horien artean Ingalaterrako Viktoria erreginari. Hura bereziki txunditu zuen mikeleteen txapel gorrien estetikak.
Francisco Franco diktadoreak ere urte batzuetan Aieteko Jauregian pasatu zituen udako oporrak. Gaur egun, eraikina Bakearen eta Giza Eskubideen Etxe bihurtu da, eta bertan egin zen euskal gatazka konpontzeko Nazioarteko Bake Konferentzia.
Parkearen irteerarantz gindoazela, parkearen gaur egungo historia ezagutzeko aukera izan genuen, gaur egungo liburutegiaren parean idatzitako giza eskubideen inguruko hizkuntza askotako erreferentziak eta Anna Franken gaztainondoa.
Ur tragoxka bat edanda, Aiete zeharkatu eta Miramar Jauregirantz abiatu ginen.
Helmugara iritsita, Pierre Ducasse lorezainaren lan nahasezina topatu genuen berriz. Izen hori ezagutzen ez baduzue, gogoan izatea gomendatzen dizuet. Kristina Enea parkeak eta Alderdi Ederreko lorategiek ere haren sinadura eta estilo fina daramatzate.
Kasu honetan, hiriko harribitxietako batez ari gara: Miramar Jauregiaz. Jauregi hau Maria Kristina erreginaren eskariz egin zen, haren udako etxe moduan, eta berak eta errege-gorteek udaz uda erabili zuten erregina hil zen arte.
Viktoria Eugeniak ere uda batzuk pasatu zituen Jauregi honetan, eta hementxe jaso zuen erritu katolikoei jarraitzen zien bataioa, gero Alfontso XIII.arekin ezkontzeko.
Horrez gain, Kontxako badiaren goialdean, Miramar Jauregia huts egin ezinezko hitzordua da hiriko bisitari guztientzat. Eraikuntza honek jarduera handia du barnean zein kanpoan, eta gaur egun bisitarien zein donostiarren toki kuttunenetakoa da. Hiriaren eta ametsetako parke bat erakusten dituen aparteko ikuspegia du. Donostiako harribitxi hau zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta ederragoa da!