Elkarte gastronomikoak
Elkarte batean sukaldatzen
Elkarte gastronomikoak Donostiako bizitza sozialaren ardatz garrantzitsu bat dira. Sukaldea duten lokalak dira eta, bertan, bazkideak beste bazkide batzuekin, senitartekoekin edo gonbidatuekin elkartzen dira, bazkaltzeko edo afaltzeko. Alabaina, elkarte gastronomiko askok beren bazkideek elkartzeko gune bat egokitzeaz gain, gure hiriko bizitza sozialean eta aisian garrantzi handia duten kultura-jarduerak antolatzen dituzte. Horren adibide esanguratsuenen artean, [danborradetako] konpainiak antolatzea dugu; izan ere, San Sebastian egunean Donostiako kaleetan barrena desfilatzen duten helduen konpainia gehienak elkarte gastronomikoetako danborradak dira.
Donostiako elkarte gastronomikoetan, ohikoa da bazkaltzera edo afaltzera joandako bi edo hiru lagunen artean banatzea menua prestatzeko lanak (bazkide batek gonbidatuta joan behar da betiere, San Sebastian egunean izan ezik). Otorduak mahaikideek ekarritako produktuekin prestatzen dituzte (dena den, oinarrizkoenak elkarteetako jakitokian izaten dituzte), eta, ondoren, gastuak denen artean banatzen dituzte. Gastu horien artean, besteak beste, sukaldea eta bertako tresnak erabiltzeko eskubidea, mahaikide bakoitzeko kopuru sinboliko bat eta jakitokiko edo upeltegiko produktuen kontsumoa sartzen da.
Elkartean sukaldatzen
Elkarte batean jaten
Konfiantzan eta autokudeaketan oinarritutako sistema dutenez, elkarte gastronomikoak etxe giroko tokiak izaten dira bazkideentzat eta haien gonbidatuentzat, eta bakoitzaren etxearen eta jatetxe baten erdibideko bat izaten dira. Lagunen arteko giro adeitsu horrek bultzatuta, bazkaldu eta afaldu ondoren, bertaratuek kartetan egiten dute edo kantari jarduten dute, beren gonbidatuekin edo une horretan elkartean dauden beste batzuekin. Elkarte gastronomiko batera bazkaltzera edo afaltzera joatea Donostiako kulturan bete-betean murgiltzea da.