Zubiak
ZURRIOLAKO ZUBIA
Zurriolako zubia, Kursaaleko kuboak atzean dituela
Urumea ibaiaren bokaletik gertuen dagoen zubia da. 1921ean eraiki zuten, eta, hasieran, Gran Kursaal eraikinaren (1972an bota zuten) ondoan zegoen. Gaur egun, berriz, Kursaal kongresu-jauregiaren ondoan dago ( “Kursaaleko kuboak” ere esaten zaio jauregiari). Bertako kale-argi deigarriak nabarmendu behar dira. Art Decó estilokoak dira eta Victor Aranak diseinatu zituen.
SANTA KATALINA ZUBIA
Santa Katalina zubia
Santa Katalina zubia, Donostian egin zen lehena, zurezko zubi bat izan zen urte askoan. Historia luzea eta kokaleku estrategikoa dituenez, hainbat aldiz suntsitu eta berregin dute. Egungo kale-argiak 1926koak dira, Juan Aldaik diseinatuak.
MARIA KRISTINA ZUBIA
Maria Kristina zubia
1893. urtean, zurezko behin-behineko pasabidea egin zuten, hiriaren erdialdetik Norteko geltokira, zezen-plazara edo belodromora zuzenean joateko. Behin betiko zubia 1905eko urtarrilaren 20an inauguratu zuten, San Sebastian egunean. Zubiak lau obelisko monumental ditu muturretan. Obeliskoek18 metroko altuera dute eta, goiko aldean, eskultura-multzoak dituzte.
MUNDAIZ ZUBIA
Mundaiz zubia
1999an inauguratu zen eta Urumearen ibilguan euskarririk ez duen Donostiako lehen zubia izan zen. Zubia eraiki zutenean, Federico García Lorca pasealekua berrurbanizatu zuten ordura arte RENFE erakundearenak izandako lurretan.
AGIRRE LEHENDAKARIAREN ZUBIA
Puente de Lehendakari Agirre
Amara Plaza hotelaren parean, ibaiarekiko zut eta hotelarekin lerrokatuta, Agirre lehendakariaren zubia dago. 2010ean inauguratua, zubiak ez du zutaberik ibaiaren ibilguan, eta, beraz, Urumearen bi ertzetan dago bermatuta. Arku-zubia da, oinplano eta aurretiko bista asimetrikoak dituena.
Eskuineko ibaiertzetik bi arku biki ateratzen dira, sestratik goratu eta kontrako ibaiertzeko pasealekuan bermatzen dira. Espaloiei dagokienez, zortzi koloreko 45.000 baldosa jarri dituzte, hexagonalak eta 10 zentimetrokoak, Manu Muniategiandikoetxea artistaren diseinuaren eta jarraibideen arabera. Gainerakoan, zura jarri dute, Nautikoko begiratokian dagoenaren antzekoa.
REALAREN ZUBIA
Realaren zubia
Donostiara hegoaldetik trenez sartzean, Urumea ibaia zeharkatu behar zen Norteko geltokira joateko. Horretarako Burdinazko Zubia esan ziotena egin zuten. 2008. urtean, Burdinazko Zubia desmuntatu egin zuten, eta haren elementuetako batzuk Loiolako Erriberak auzora sartzeko pasabide berria egiteko berrerabili ziren.
Burdinazko Zubia zegoen tokian Realaren zubia egin zuten. Aurrekoa baino askoz zabalagoa da, eta 2010. urtean inaguratu zuten.
MIKEL LABOA PASABIDEA
Mikel Laboa pasabidea
2009an inauguratutako oinezkoentzako pasabide honek Loiolako Erriberak auzoa eta Cristina Enea parkea lotzen ditu Urumea ibaiaren gainetik. Pasabide horri eta Mundaiz zubiari esker, ia zuzen-zuzen joan daiteke Loiolako Erriberetatik Amara Zaharrera, Urumea ibaiak inguru horretan osatzen duen bihurgunea saihestuta.