Amara, Anoeta eta Loiolako erriberak
Donostiar peto-petoa bazina bezala sentitzeko
Amara, Anoeta eta Loiolako Erriberak nahitaez ezagutu beharreko hiru auzo dira, donostiarren eguneroko bizitza bikain jasotzen baitute hirurek ere. Egunez, atzera-aurrera handiko merkataritza- eta bulego-guneak dira. Iluntze-partean, auzoko biztanleak inguruko tabernetan elkartzen dira, afaldu aurreko pintxoa eta potea hartzera. Baina has gaitezen hasieratik.
Amaran paseatu eta Errealaren futbol-estadio berria ezagutu
>Mapa eta leku interesgarriak
- 1. Easo plaza
- 2. Araba parkea
- 3. Sancho el Sabio hir.
- 4. Pío XII Pza.
- 5. Madrid hir.
- 6. Reale Arena estadioa
- 7. Errealaren Museoa
- 8. IESU eliza
- 9. Errealaren zubia
- 10. Urumean zehar paseoa
Amara, parke ete hiribide hadien auzoa
Urumea ibaiaren bidean gora eginda, gune erromantikoa igaro ostean, Amara auzoa topatuko duzu. Hiriko handienetako bat da; turismoaren zalapartatik aldendu eta Donostiako giroan sartuko zara.
Amara paseatzeko tokiak eta atseden hartzeko parkeak dituen auzoa da. Tokirik atseginenetako bat Urumea alboko pasealekua da. Paseatu ibai ertzean aurrera eginda, zuhaizpean, Easo plazaraino. Bertan, itzaletan eseri edota aperitibo bat hartu ahal izango duzu, bertako tabernen terrazetan. Oso litekeena da plazan jardueraren bat topatzea: bigarren eskuko produktuen azoka bat, kontzertu bat plazaren erdian dagoen kioskoan edota lorez betetako postuak. Giro bizi-bizia duen tokia da.
PoxpolinaNire auzoa
EZAGUTU Amarari BURUZKO GOMENDIORIK ONENAK, GURE BLOGARIEN ESKUTIK Bloggerrak
Arraun egitne Urumea ibaian.
Eta haurrekin bazatoz, Araba parkea, ondo-ondoan, aukera polita da. Txikiak jolasean ibiliko dira eta zu, berriz, toki lasaian atseden hartzen, zuhaitzez inguratuta eta Donostiako ibaiari begira.
Era berean, Amarak auzoa zeharkatzen duten bi etorbide handi ditu. Lehendabizikoa, Antso Jakitunaren hiribidea, hiriko zabalena da, eta Pio XII.aren plazara eramango zaitu. Plaza biribil eder horrek iturri bat du erdian, eta lorez apaindutako berdegunea buelta guztian.
Auzoaren bigarren arteria Madril hiribidea da. Zeharkatu hiribide osoa, luzea iruditzen bazaizu ere, amaieran Reale Arena futbol-zelaia topatuko baituzu, Realaren tenplua.
Anoeta, primerako kirol-auzoa
Anoeta kirolaren sinonimoa da inolako zalantzarik gabe, auzo honetan topatuko baituzu hiriko kirol-instalaziorik osoena, besteak beste futbola, esku-pilota, saskibaloia, txirrindularitza, igeriketa patinajea eta izotz gaineko hockeya praktikatzeko. Haietan, hiriko kirol-talderik garrantzitsuenek jokatzen dute; asko, gainera, lehen mailan daude zein bere diziplinan.
Urrunetik, etxe artean Reale Arena futbol-estadioa ikusiko duzu, Realaren lehen mailako partidak jokatzen diren tokia. 2019an guztiz berritu zuten eta orain guztira 40.000 plaza baino gehiago dauzka eta Europa osoko puntakoenetako bat bihur da. Gainera, 100 urte baino gehiagoko futbol-talde horren historia eta pasadizoak ezagutu ahal izango dituzu, eraikinean bertan dagoen museoan.
Eta Euskal Herriko tradiziorik errotuenetako bat ezagutu nahi baldin baduzu, berriz, bisita ezazu Atano III.a pilotalekua, euskal pilota-partidak jokatzen diren tokia, batez ere esku-pilota modalitatean.
Anoetako kirol-instalazioetan, aurrekoez gain, belodromo bat, izotz-jauregi bat –patinatzen ibiltzeko edota izotz gaineko hockey partida bat ikusteko–, skate-parkea, atletismo-pista eta kiroldegia ere badira.
Loiolako Erriberak, Donostiako auzo berria
Rafael Moneoren Iesu eliza
Loiolako Erriberak hiriko bizitegi-eremu berrienetako bat da, eta, hura deskribatzeko hiru adjektibo aukeratzekotan, gaztea, freskoa eta modernoa botako genituzke. Urumea ibaiaren ertzean, hiriko arkitekturarik modernoenetako batek babesten du. Iesu parrokiak.
Eliza zuri hau Rafael Moneo arkitektoaren obra da, eta 2011n inauguratu zuten. Harrituta utziko zaituzte haren estilo abangoardistak eta diseinu minimalistak. Ez galdu bertara sartzeko aukera: sabaian irekitako hutsarteetatik sartzen diren argi-jokoa ikusgarria da.
Parrokiaren bueltan Oroimenaren Lorategia dago, indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratzeko. Paseatu bertan eta erreparatu eraikinaren hegoaldeko fatxadari; izan ere, gorantz begiratuta leihate handi bat ikusiko duzu, urteko 12 hilabeteak zenbaki erromatarretan marraztuta dauzkala. Era berean, elizaren oinplanoa dauka irudikatuta, baita eguzkia eta ilargia ere, fase desberdinetan.
Urumea ibaiertzean paseoan
Paseatzen eta arraun egiten Urumea ibaia
Amara, Anoeta eta Loiolako Erriberak bisitatu ostean, hiriaren erdialdera bueltatzeko garaia da, Urumea ibaiertzean behera. Bide osoa estaltzen duten zuhaitzak, inguruan dituen eraikinen kutsu paristarra, lorategidun parke eta guzti... paseatzeko edo kirola egiteko tokirik atseginenetakoa da.
Eta, bidean zoazela, gozatu sei zubien estilo arkitektonikoaz. Batzuk modernoagoak, beste batzuk klasikoagoak, baina bakoitza bere tasun propioekin.
Jateko lekuak, gazizale zein gozozale, guztien atsegina
Loiolako Erriberetako zein Amarako plazek eta arteria nagusiek kalitate handiko establezimenduak dituzte jateko, pintxotarako edota gosaltzeko.
Amara gastronomiaren ospakizuna da. Bertako plazak terrazaz gainezka daude; Isabel II.a edo Antso Jakituna hiribideetan, euskal gastronomiaren adibide bikainak topatuko dituzu. Eta gorde tokitxo bat meriendarako, hiri guztiko gozotegi eta txokolate-denda onenetako batzuk bertan baitaude.
Gainera, Amaran ez dute pintxopotea astean behin edo bitan egiten... Hirutan izaten da! Amaran asteazkenean hasi eta ostiralera arte topatuko duzu pintxopotea.
Euskal Herriko produktu tipikoak erosi nahi dituzula? Amaran dauden gourmet-dendetan aukera paregabea duzu. Eta erosketekin jarraitzeko, joan zaitez Arcco merkataritza-zentrora, hainbat eratako establezimenduak bisitatzera..
Hiriko lokal modernoenetako batzuk bisitatu nahi badituzu, berriz, eman buelta bat Loiolako Erriberetan, Donostian bazkari lasai bat egiteko aukerarik onenetakoa da. Eta, kontuan izan: ostegunetan egiten dute pintxopotea.
Izardun hotelak erdialdetik berehala
Zentrotik gertu eta hiriaren sarreran dagoenez, inguru hau erosoa da ostatu hartzeko. Amaran 3 eta 4 izarreko hainbat hotel topatuko dituzu, baita bestelako aukerak ere, hala nola ostatuak, pentsioak edota bestelako ostatalekuak.
Hiriaren erdigunetik berehalaxe dagoen auzo baten lasaitasuna izango duzu. Bizitegi-eremu honetan, eguna bete-betean aprobetxatu eta gauez atseden hartu ahal izango duzu.
Ibaiaren ertzean kirolak egiteko leku paregabea da.
Aparkatzeko erosoa eta ondo konektatuta oinez etortzeko
Esan dizugun moduan, Amara eta Loiolako Erriberak hiriaren erdialdetik berehalaxe daude. Hori dela eta, aukerarik onena oinez etortzea edo bizikleta bat alokatzea da, eta inguru hori kale eta bidegorri zabaletan barrena zeharkatzea.
Gipuzkoako hiriburura kanpotik etortzeko, aukerarik onena topoa da (Euskotren). Amaran izen bereko geltokia du topoak, Easo plazan. Anoetan ere bada beste bat, estadiotik metro gutxira.
Autobusa ere aukera erosoa da hona iristeko, hainbat linea igarotzen baitira Amaratik, Anoetatik edota Loiolako Erriberetatik.
Autoz etortzea erabakiz gero, baduzu alde onik: Donostiara sartzeko errepide nagusiek inguru honetara ematen dute, eta, hala, ez duzu hiriaren erdialdea zeharkatu beharko.
Bi auzoetako kaleetan aparkatu ahal izango duzu, baina gogoan izan TAO eremua dela; horrenbestez, txartela erosi beharko duzu. Edonola ere, egia da merkeagoa dela autoa auzo honetan aparkatzea erdigunean uztea baino. Edota hortxe dauzkazu hainbat aparkaleku ere: Easokoa, Pio XII.ekoa edota Arccokoa, adibidez.