Gros
Donostiako auzorik gazteena eta surflariena
Alde batean Kursaal jauregia, eta bestean, berriz, Ulia mendia. Bien artean zabaltzen da Gros. Kantauri itsasora ematen duen auzoa, Zurriola hondartzaren bidez. Hondartza horixe da hiruretan basatiena eta biziena, eta noiznahi topatuko dituzu surflariak bertan.
Baina Gros askoz ere gehiago da Zurriola baino. Kosmopolita, dinamikoa eta gaztea, hiriko auzorik bizienetako bat bihurtu da, pintxo-tabernak eta terrazak eta xarma bereziko dendak direla eta.
Tankera guztietako jendea topatuko duzu: surflariak ohola besapean dutela, familia osoak kalean paseatzen edota lagun-taldeak kontu-kontari, patxada ederrean, Sagueseko petrilean. Era berean, ohikoa da donostiarrak bizikleta-gainean, korrikan, saskibaloian edo skate-ohol baten gainean ikustea. Izan ere, kirola eta hondartza lotu-lotuta daude Grosen.
Mapa eta leku interesgarriak
- 1. Kursaal auditoriuma
- 2. Zurriola hondartza
- 3. Sagues eta Bakearen Usoa
- 4. Ulia mendiko begiratokia
- 5. Tren-geltokia (aldiriko trenak)
- 6. Equitativa eraikina
- 7. Kursaaleko zubia
- 8. Kubo Kutxa Aretoa
Zurriola hondartza, surflarien paradisua
Surfean aritzea gustuko baduzu, Zurriola hondartza da zure paradisua. Kursaal jauregiak eta Ulia mendiak babestuta, Zurriolan sekulako olatu-festa ikusiko duzu; egunero-egunero, mundu zabaleko surflariak iristen dira itsasoaz ez ezik inguruko giroaz ere gozatzera.
Baina guztia ez da surfa Zurriolan. Toki-faltarik ez duen hondartza zabala, olatu jostariek astindutako itsasoa eta kirola praktikatzeko gunea daude bertan, eta huraxe aukeratzen dute donostiar gazteek.
Urtean behin, uztailean, Zurriola hondartza jazzaren unibertsoaren erdigune bilakatzen da, Heineken Jazzaldiaren agertokietako bat baita.
Sagueseko petrila toki ederra da surflariak Zurriolako olatuetara nola igotzen diren ikusteko
Kursaal jauregia, auzoaren eraldaketaren sinbolo
Hiriaren erdialdetik bazatoz, lehendabiziko Kursaal jauregia ikusiko duzu. Rafael Moneo arkitektoaren obra horrek bi eraikin handi ditu, itsasoaren aurrean lehorreratutako bi arroka balira bezala. Moneoren kubo izenez ere ezagutzen dira, eta urte osoan hainbat kongresu eta ekitaldi egiten dira bertan.
Hain justu, iraila iristen denean, Kursaal jauregia glamourrez janzten da, nazioarteko Donostia Zinemaldiaren egoitza baita. Izar baten pare sentitu nahi baduzu, zoaz Kursaalaren atzeko aldean dagoen terrazara, eta atera argazki bat, Zinemaldira etortzen diren aktoreek photocallean egiten duten moduan.
Kursaal jauregia 1999an eraiki zuten, garai bateko kasinoa zegoen toki berean. Eta hura inauguratzearekin batera hasi zen auzoaren metamorfosia, gaur egun Gros auzoak bere-berea duen nortasunaren ernamuina.
Kursaal jauregiak Zurriola hondartzan lehorreratutako bi arroka irudikatzen ditu
Kubo Kutxa Aretoa, abangoardiako artearen gunea
Kursaaleko erakinean berta Kubo-Kutxa Aretoa aurkituko duzue. Abangoardiako arteko erakusketa handiak antolatzen dira erakusketa areto honetan. Arte plastikoak oinarri, nazioarteko erakusketa-proiektuak eta hurbileko proposamenak konbinatzen ditu.
Exterior de la Sala Kubo Kutxa
Ulia mendian basoak eta itsaslabarrak dituzu, hiritik bertantxe
Auzoaren beste muturrean, Ulia mendia topatuko duzu, Donostiako hiru biriketako bat. Bertako basoetako bidezidorretan ibiltzeak eta itsaslabarretara arrimatzeak pentsaezina dirudi hiri batean. Gainera, ikuspegi ikusgarriak dira nonahi mendiko talai eta itsaslabarretatik.
Ulia toki paregabea da haurrekin ibiltzeko, jaitsiera ez baita batere zaila. Horrez gain, haurrentzako parkea, piknikgunea eta merenderoa ere baditu, ibilaldiaren ostean ondo merezitako mokadutxo bat egin dezazun. Zer plan hoberik egun-pasa ederra egiteko!
Ulia mendian gora igota, tankera honetako ikuspegiak izango dituzu Gros auzoaren gainean
Hiriko ilunabarrik onenak Saguesetik
Ulia mendiaren magalean dago Sagues, hondartzaren amaieran. Nagusien eta gazteen topaleku da, aproposa kirola egiteko edota kontu-kontari aritzeko. Eseri petril gainean donostiar peto-petoa bezala, eta miretsi Donostiako ilunabarrik ikusgarrienak.
Saguesen, gainera, Donostiako eskulturarik enblematikoenetako bat bisitatuko duzu: Bakearen Usoa. Nestor Basterretxea artistaren obra honek elkarrizketaren eta hitzaren indarra sinbolizatzen ditu indarkeriaren gainetik.
Bakearen Usoa Zurriola hondartzaren mutur batean dago, Sagues inguruan
Gastronomia eta erosketak hiriko tokirik puntakoenetan
Itsasertzean ibili ostean, sartu auzoaren bihotzean, hortxe ezagutuko baituzu Groseko egiazko esentzia. Peña y Goñi eta tankerako oinezkoen kaleak edota Zabaleta kalea bera auzoko bizitzaren adibide garbiak dira, pintxo-tabernaz eta terrazaz beteta. Ezin dugu ahaztu, halaber, Katalunia plaza, haurrentzako parke batekin eta zuhaitzak beste terrazarekin; helduek zein txikiek ederki pasatzeko tokia, inondik ere.
Nabarmendu behar dugu Grosen punta-puntako tokiak daudela; horrexegatik da donostiarrak gehien elkartzen diren tokietako bat. Batez ere ostegunetan, pitxopotearen egunean.
Ostegunetan, pintxopotearen egunean, jendez gainezka izaten dira Groseko tabernak. Aprobetxatu pintxorik goxoenak preziorik onenean probatzeko..
Baina pintxotarako edota jateko ez ezik, erosketak egiteko ere toki aproposa da. Groseko kaleak bertako diseinatzaileen denda txikiz josita daude, xarmaz beteak eta ukitu oso pertsonalarekin.
Jakina, surflarien moda maite dutenen paradisua da Gros, bertan topatuko baitituzu sona handieneko dendak.
Gazteenen lo-lekua
Zuk zeuk ikusi duzunez, Gros surfarekin lotutako auzoa da, gazteenak erakartzen dituen kirolekin bat egiten duena. Hori dela eta, Grosen geratu nahi baduzu, makina bat pentsio, ostatu eta oporraldiko apartamentu topatuko duzu bertan.
Xarma handiko hotelen batean geratu nahi baduzu, berriz, joan Ategorrieta aldera eta ziur topatuko duzula zer bilatzen ari zaren.
Nola iritsi
Autoz, trenez edo autobusez. Aukera bat baino gehiago dituzu Grosera joateko, baina oinez edo bizikletaz gerturatzea gomendatzen dizugu. Erdialdetik iristeko, Kursaaleko zubia gurutzatu besterik ez duzu. Grosera iritsi ostean, oinezko kaleak dituzu nonahi: bertan ibiltzea erabateko luxua da. Horrez gain, toki interesgarriak oso gertu daude elkarren artean, paseo atsegin bat emanez iristeko moduan.
Garraio publikoa nahiago duzula? Inguruko hiriren batetik bazatoz, hartu aldiriko trena, Gros erdigunetik pauso batera utziko baitzaitu. Donostiako beste auzoren batean bazaude, berriz, aukerarik onena autobusa da. Honako linea hauetatik edozeinek eramango zaitu.
Autoz etorri behar duzu? Kotxea auzoko aparkaleku batean uztea duzu onena, kalean tokia topatzea kostatu egingo baitzaizu. Txofreko aparkalekua, Katalunia plazakoa edo Kursaalekoa aukera onak dira. Okendoko edo Boulevardeko aparkalekuetan ere utz dezakezu autoa, Grosera iristeko Kursaaleko zubia gurutzatu besterik ez baituzu egin beharko.
Edonola etortzen zarela ere, Groseko kaleek, nortasunak eta esentzia hain bereziak bertatik irten nahi ezta utziko zaituzte.
IRISGARRIA
Itsas ibilbidearen irisgarritasunari buruzko informazioa