Euskara eta Euskal Kultura
Europako hizkuntzarik zaharrena
Euskara Mendebaldeko Piriniotako bi aldeetan hitz egiten da, hau da, Frantzia eta Espainiar estatuko hainbat lurraldetan. Donostian, Euskal Autonomia Erkidego osoan bezalaxe, hizkuntza ofizialak dira euskara eta gaztelania.
Zergatik da hain berezia euskara? Hasteko, Europako hizkuntzarik zaharrena da! Oraindik ez dakigu zein den bere jatorria, ikertzaileentzat ere ezezaguna da. Genetikoki isolatutako hizkuntza dela diote, ahaiderik aurkitu ez zaion hizkuntza bakarrenetakoa baita.
Duela 3.000 urte hizkuntza ez indoeuroparrak zituen alboan. Migrazio mugimenduen eraginez, hizkuntza hauek desagertzen joan ziren pixkanaka eta Kristo aurretiko lehen milurterako hizkuntza indoeuroparrak (germaniarrak, erromantzeak, eslaviarrak…) nagusi ziren ia Europa osoan. Baina euskara ez zen desagertu eta gaur egun arte bizirik iraun du!
Euskal hiztunak
Gaur egun euskaraz gutxi gorabehera 1.000.000 lagunek hitz egiten dute eta beste 500.000 inguruk ulertu egiten dute. Gipuzkoa da elebidun kopuru handiena duen lurraldea, gipuzkoarren %57,37 euskal hiztuna da eta beste %15,90k ulertu egiten du. Donostia, berriz, Gipuzkoan elebidun kopuru handiena duen udalerria da: 81.274 donostiarrek euskaraz dakite (%46,01) eta beste bosten batek ulertu egiten du (% 19,72).
Euskararen berreskuratze prozesua
Azken urteetan elebidun kopurua nabarmen handitzen ari da eta etorkizunean hazkunde hori areagotzea espero da. Hezkuntza sistemari esker, haurrak eta gazteak euskara bereganatzen ari dira.
Azken hogeita hamabost urtean euskarak 300.000 hiztunetik gora irabazi ditu Euskadiko Autonomia Erkidegoan. Gainera, gizartean historikoki erabiltzen ez zen edo debekatuta zituen eremuetan tokia hartu du: administrazioan, irakaskuntzan, hedabideetan…
Euskararen berreskuratze prozesua erreferentzia da beste hizkuntza askoren biziberritzeko prozesuetarako nazioartean. Euskadiko Autonomia Erkidegoan euskarak lege babesa, hizkuntza politika eta herritarren borondatea izan ditu alde azken berrogei urteetan eta horri esker nabarmen aurrera egitea lortu da.
Donostiako kaleetan barrena, erreparatu kartel eta zeinuei, bi hizkuntza horietako zein da euskara? Nola ahoskatzen den jakin nahi duzu? Euskarazko hiztegitxo bat prestatu dizugu donostiarrek bezala agurtzeko nahiz pintxoak eskatzeko!
Euskara hiztegia
kultura paregabe eta originala
HERRI KIROLAK
Herri-kirolak esaten zaie Euskal Herriko landa-ingurunean betidanik egin diren kirol modalitateei. Herri-kirol gehienek landa-inguruneko lan-jarduerak dituzte sorburu. Urteen poderioz eta herrietako auzokideen artean trebeagoa nor zen ikusteko sortzen ziren norgehiagoken ondorioz, kirol bihurtu dira. Esate baterako, egurra egiteko enborrak mozteko jardueran oinarrituta, aizkolarien kirola sortu zen; eraikuntzarako harri handiak mugitzeko jardueran oinarrituta, harriak jasotzeko kirola, idi-probak, pilota etab. sortu ziren.
EUSKAL DANTZAK
Beste kultura askotan bezala, dantzak garrantzi handiko tokia izan du Euskal Herriaren gizarte- eta erlijio-bizitzan. Gaur egun herri-jaietan oraindik ere dantzatzen diren dantza askok 400 urte baino gehiagoko etengabeko historia dute. Ezin konta ahalakoak dira herri-dantzak, eta herri-ospakizun edo herri-jai bakoitzak bere dantza modalitatea izaten du askotan.
BERTSOLARIAK
Bertsolaritza euskal kulturaren diziplinarik bitxienetako bat da. Bertsotan egitea kantatutako bertso bat bat-batean asmatzea da, finkatutako errima eta doinu jakin batean oinarrituta. Horretarako, bertsolariek irudimen, ahozko trebetasun eta buru-bizkortasun handia behar dute. Gaur egun, oraindik ere lurralde osoan antolatzen dira bertsolari-txapelketak, batez ere herri-jaietan, sagardotegietan, etab. Are gehiago, bertsolaritza-eskolak ere sortu dira, eta horietatik atera da bertsolarien belaunaldi berria, kalitate eta ospe handiak lortu dituena.
EUSKAL MUSIKA
Gaur egun euskaraz egiten den musikaren zertzelada batzuk emate aldera, badira gutxienez hamabost urte askotarikoa izatea dela euskal kantagintzaren ezaugarri nagusietako bat, ia edozein estilo euskaraz entzuteko aukera dagoela. Bost hamarkada hauetan gure folk, pop eta rock musikak ia denetarako balio izan du: lirikarako zein aldarrikapen sozial eta politikoetarako, olgetarako zein engaiamendurako, tradizio zaharren berreskurapenerako zein berrien sorrerarako...
EUSKAL ZINEMA
Euskal industria zinematografikoaren garapena berantiarra eta xumea izaki, bideen zirriborroa besterik ez zen egin hogeiko hamarkadan. Bigarren Errepublikako urteetara arte ez zen filmatu espiritu nazionalista aski kontziente ta autentikoa zuen lehen lana. Gaur egun Euskal zinemagintzak ospea eta izena lortu du hemen eta atzerrian ere, euskal zinemaren belaunaldi berria jaio dela esan dezakegu.
EUSKAL LITERATURA
Hastapenetan eliz munduari eta hezkuntza erlijiotsuari loturik egon bazen ere, XIX. mendetik aurrera euskarazko literaturak bestelako norabidea hartu zuen nobela bezalako generoei ongi etorria emanez. Aipatu mendean bost nobelek bakarrik argia ikusi bazuten ere, erronka handia suposatu zuen horrek bestelako joerei atea ireki zielako. Dena den, XX. mende erdialdera arte itxaron beharko dugu euskal literatura jarduera autonomo izan dadin euskal gizartean.
SAN TELMO MUSEOA
Murgildu euskal kulturan San Telmo Museoan eta ezagutu euskararen, Europako hizkuntza zaharrenaren, sekretuak, gure jatorria eta euskal gizartearen nondik norakoak. Gainera, Hori guztia domingotarren antzinako klaustrodun komentuan gordeta dago.
Argazkiak: The passport Memorandum