Haizearen Orrazia
Hirira sartu aurretik itsasoa eta haizea orrazten diren lekua
Haizearen Orrazia altzairuzko hiru eskulturaz osatutako multzoa da; bakoitzak 9 tona baino gehiago ditu eta hiria amaitzen den eta itsasoa hasten den lekuan daude, olatuek Igeldo mendiko labar malkartsuak besarkatzen dituzten lekuan. Eduardo Chillidak han jarri zituen hiru eskulturak, haizea beti orraztuta sar zedin Kontxako badian.
Itsasoa eta haizea lehian, aske, harkaitzak astintzen dabiltzan lekua da. Natura eta artea urtu egiten dira bertan, eta bakarra dirudite. Izan ere, eskulturen kokapena dela eta, badirudi harkaitzetik ateratzen direla, haren parte balira bezala.
Hemen olatu basatienek elkar orrazten jolas egiten dute
Itsasoa zakartzen den egunetan, Haizearen Orrazia ikuskizun bikaina izaten da: olatuek dantza egiten dute eskulturaren hortzen artean, altzairuaren indarrari desafioa eginez, haizearen txistuak markatutako erritmoan.
Parerik gabeko ikuskizuna da; altzairuzko hiru piezek olatuen etengabeko astinduei eusten dietela ikusteaz gain, haizearekin eta itsasoarekin jolas egin ahal izango duzu; izan ere, bat egiten dute, bihurri, eta plazako zuloetatik geiserrak balira bezala jauzi egiten dute. Baina kontuz, ez despistatu, bete-betean harrapatuko zaituzte bestela eta. Itsaso zakarreneko egunetan, baliteke poliziak sarbidea moztea zure segurtasunagatik. Errespetatu seinaleak!
Olatuen indarra leku seguruago batetik ikusi nahi baduzu, igo Urgull Mendira.
Errealitatean ez dira 3, 23 eskultura dira
Haizearen Orrazia eskultura berezia da duen formagatik, kokapenagatik eta atzean duen historiagatik. Izan ere, Donostian ikus ditzakegunak 3 eskultura badira ere, errealitatean, Chillidak 23ko segida bat egin zuen. Hain zuzen ere, jatorrizko izena Haizearen Orrazia XV zen, hau da, 23 eskulturako hamabosgarrenak ziren.
60ko hamarkadaren amaieran, eta kontuan izanik Eduardo Chillida dagoeneko ospetsu egiten ari zela, donostiar batzuk elkartu ziren omenaldi bat egiteko. 10 urte baino gehiago pasatu ziren Donostiako Udalak artistaren obrari beretzat hain berezia zen leku hori eskaini zion arte. Izan ere, Chillida umea zenean leku horretara joaten zen itsasoaren eta olatuen erasoaz gozatzera.
Artista 1952 inguruan hasi zen Haizearen Orrazia izenburua zuten eskultura segida egiten, baina 1977an osatu zuen, azkenean, Chillidak behin betiko artelana, eta hiriari oparitu zion. Hala ere, 1999ra arte diseinuan lanean jarraitu zuen, eta guztira 23 artelan egin zituen. Haietako batzuk Madrilgo Reina Sofía Museoan, Pariseko Unescoren Jauregian edo Hernaniko Txillida Lekun ikus daitezke.
Baina, zalantzarik gabe, Donostiako Haizearen Orrazia da segida osoko ezagunena. Eskultura osatzen duten hiru piezak corten altzairuzkoak dira. Ezaugarri bereziak dituen materiala da; zintzotasunez erakusten du denboraren joana eta naturaren eraldaketa.
Hasiera batean eskultura bakarra jartzeko asmoa bazuen ere, azkenean, Donostiako eskultoreak hiru jartzea erabaki zuen, osotasun geometrikoagoa eta orekatuagoa osatzen baitzuten. Lehen biek, elkarren aurrean jarrita, egun batean lotuta egondakoa eta iragana sinbolizatzen dituzte. Aldiz, urrutien dagoenak, zerumuga eta etorkizuna irudikatzen ditu.
Eduardo Chillidak eskulturak harkaitzetan sartuta jartzen zituen bitartean, Luis Peña Ganchegui euskal arkitektoak granito arrosazko anfiteatroa eraiki zuen. Altuera ugariko plaza da, Igeldo mendiaren magalean dagoena, eta bertatik naturari desafioka ari zaizkion hiru orrazien ikuskizunaz gozatuko duzu.za.
Hala, aldi baterako erakusketa izateko sortu zena, hiriko puntu enblematikoenetako bat bihurtu da.
El Peine del Viento en pleno temporal con las olas rompiendo contras las esculturas de Eduardo Chillida
Paseo bat Donostiako Chillidaren eskulturen artetik
Haizearen Orrazia ez da Donostian Eduardo Chillidak duen artelan bakarra. Hiria aire zabaleko museo zabala da, eta Donostiako artista ospetsuaren eskultura ugari daude.
Eskultorearen artelanekin apaindutako hiriko txoko batzuetatik paseo txikia egitea proposatzen dizugu. Artea maite dutenentzat oparia da, baina baita jakin-mina dutenentzat ere, Chillidaren eskulturek ez baitute inor hotz uzten.
Ibilbidea nahitaez bisitatu beharreko leku batetik abiatzen da: Kontxako badiatik. Hemen, pasealekuko begiratokietako batean, Miramart tunelera iritsi aurretik, artistak hiriari egindako oparietako bat topatuko duzu. Hirian zenbait kokapen izan ondoren, Flemingen monumentua granitozko artelana hemen jarri zen Santa Klara uharteari eta Urgull mendiari begira.
La escultura de Chillida "Homenaje a Fleming" está situada en un mirador sobre la Playa de la Concha cerca del Palacio de Miramar
Chillidaren bideari jarraituz, Miramar jauregira iritsiko gara. Hemen, Kontxa hondartza eta Ondarreta bereizten dituen muino harritsu txikiak, Loretopea izenekoak, ‘besarkada’ eskaintzen dizu. Izan ere, izen hori du Rafael Ruiz Balerdi Donostiako margolariari eskainitako estelak.
Ezinbestean, ibilbidea Haizearen Orrazian amaituko da. Eduardo Chillidarentzat hori zen bere lekua, ezagutzen zuen haren zentzua eta honela partekatu nahi izan zuen:
“Leku hau guztiaren jatorria da. Hau da artelanaren benetako egilea. Nik egin nuen gauza bakarra aurkitzea izan zen. Haizea, itsasoa, harria… guztiek esku hartzen dute modu erabakigarrian. Ezinezkoa da horrelako artelan bat egitea ingurunea kontuan hartu gabe. Nik egin dudan, baina nik egin ez dudan artelana da”.
- Eduardo Chillida -
Ez du inporta zenbat aldiz joango zaren leku horretara, inoiz ez baituzu egoera bera topatuko. Olatuek, zeruak eta haizeak kapritxoz jolastuko dute altzairuarekin eta harkaitzekin, aldi bakoitzean argazki oso ezberdinak eskainiz.
Haren artelanetan sakondu nahi baduzu, Donostian baditugu Chillidaren eskultura gehiago. Chillida Leku Museora bisita gidatua ere eska dezakezu. Donostiatik kilometro gutxira dagoen familiako baserria da, eta formatu handiko artelan ugari biltzen ditu lorategietan, baita pinturak eta eskultura txikiak ere barruan.