Ibilbide bat autobusez... Donostiako txoko guztiak ezagutzeko!

sierrah-antipasado-singsing-eu
Sierrah Antipasado Singsing Blogger

Familian egiteko planen bila nenbilela, eta hirian bizitzen hainbat urte neramatzanean, askotan entzun izan nuen txango bat inoiz ez nuela egin jabetu nintzen: hiria eta haren historia autobus turistikoaren bidez ezagutzea. Zenbaitentzat, bitxia izan daiteke halako txangoa egitea hirian bizi edo bertakoa izanez gero, baina, egia esan, donostiarra ala bisitaria izan, merezi duela esan dezaket.

Eguraldi oneko egun bat bilatu, familia prestatu eta hara joan ginen laurok autobusera igotzeko asmoz. Modurik erosoenean, hiriari buruzko datu bitxi eta informazio mordoa ezagutzeko aukera izan genuen. Haietako batzuk, gainera, gero, donostiar peto-petoekin aipatu genituenean, ez zituztela ezagutzen ikusi genuen.

Zaletasunei eta bakoitzak ikusi eta bisitatu nahi duenari dagokienez oso txango malgua dela izan zen txangoa egitea erabakitzeko beste arrazoietako bat. Autobus turistikoak hainbat geldialdi egiten ditu ibilbide osoan eta nahi duzunean igo eta jaisteko aukera duzu. Hori ezin hobea da bakoitzari interesatzen zaiona presiorik eta jende-pilaketarik gabe denboraren mugarik gabe ikusteko.

Hiriko toki garrantzitsuenetako batetik bestera eramango zaituen gidaria eta autogida bat dituzula esan dezakegu. Ez duzu autoak berekin dakartzan zirkulazioko edo aparkalekuko eragozpenez kezkatu beharrik.


Jar gaitezen abian!

Victoria Eugenia antzokiaren aurrean dagoen geltoki ofizialetik abiatu ginen. Hala, ibilbideari ekin aurretik, begirada bakarrean eraikin enblematikoak ikusteko aukera duzu: Maria Cristina hotela, Victoria Eugenia antzokia edo Rafael Moneok diseinatutako Kursaal kongresu-jauregia, adibidez.

Hiria postal batean jartzeko modukoa da eta autobusa geratzen den tokietako bakoitzean aterako duzu argazki-kamera unea eta bistak betiko gordetzeko. Egia esan, bide osoan liluratuta utziko zaituzte bistek.

Ibilbideko lehen geldialdia Pasealeku Berrian egiten du. Han hiria oso ikuspegi interesgarri batetik ikusi ahal izan genuen; Santa Klara uhartea Igeldo mendiarekin gainjarrita ikus daitekeen perspektibatik. Geltoki horrek aukera ugari ematen du; izan ere, hiriko toki estrategiko batean uzten zaitu. Jorge Oteizaren “Eraikuntza hutsa” eskultura ikusteaz gain, Urgull mendira igo zaitezke. Bertatik, badiaren 360º-ko panoramikaz gozatzeko, oinez urrats batzuk emateko eta, Ulia mendiaren beste aldea, Zurriola hondartza ikusteko aukera izango duzu. Gainera, mendian paseoan ibiltzeko eta garai bateko kanoiak, gotorlekua eta ingelesen hilerria ikusteko aukera izango duzu beste hainbat gauza harrigarriren artean.

Geltoki horretan autobusetik jaisten zarenean izango duzun beste aukera bat da Alde Zaharrean sartzea. Bertan dago Frantziako inbaditzaileek eragindako hiriko sute entzutetsuenean zutik irautea lortu zuen kale bakarra. Sutea abuztuaren 31n gertatu zen eta, ondorioz, izen hori bera du kaleak.

Aquariumera joateko aukera ere izango duzu. Haurrekin derrigor egin beharreko plana da hori. Itsasoko espezie guztiak ikusten dituzten bitartean haurrek nola gozatzen duten ikusi besterik ez dago… Baina baita helduek ere! Europako ikusgarrienetako bat da; 360 graduko tunela ere badu eta marrazoz, arraiaz eta beste hamaika espeziez inguratuta zeharkatu ahal izango duzu. Eta egia da: merezitakoa du bere ospe ona.

Gure ibilbidean aurrera jarraitu genuen, ikusten, ikasten eta ulertzen ari ginen horrekin poz-pozik. Urte askotako historia duen hiria den arren, harrigarria da bertako modernitatea; izan ere, audiogidan azaltzen duten moduan, Donostiak 11 sute jasan ditu bere historian eta, ondorioz, etengabeko zaharberritzea bizi izan du.

Hain zuzen ere, asko harritu gintuen audiogidako informazioak. Ba al zenekien… antza denez, hiriaren gaztelaniazko izena garai bateko monasterio batetik datorrela? Izan ere, hiriaren izena aipatzen duten lehen dokumentuak “San Sebastian zaharra” monasterioa aipatzen duen eskuizkribu batekoak dira. Itxuraz, monasterio hura gaur egun Miramar jauregia dagoen tokian zegoen. Oso ederra izan zen autobusez jauregira bertara gerturatzen ari ginen bitartean entzutea istorio hura entzutea, garai hartako bizimodua nolakoa izan zitekeen imajinatzen genuen bitartean.

Miramarren azpiko Loretopean dagoen tuneletik igaro ostean, Haizearen Orrazirantz abiatu ginen. Oso aukera ona da; izan ere, autobusa funikularraren sarreran gelditzen da eta, hala, beste bi aukera oso interesgarri sortzen dira. Haizearen Orrazira joatea edo Igeldo mendira igotzeko funikularra hartzea.

Ordua zela eta, Eduardo Chillidaren eskulturarantz (Haizearen Orrazia) joan ginen, baina beste batean Igeldo menditik ikus daitekeen hiriko panoramika ospetsuaz gozatzeko gogo handia geratu zitzaigun. Gainera, hiriko atrakzio-parkea ere han dagoela jakinda, mendira igoz gero han ordu batzuk ematea merezi zuela pentsatu genuen. Ondorioz, beste baterako utzi genuen.

Alde batean Miramar, eta besteak estropadak. Zortea izan genuen: txangoa hiriko ekintza esanguratsuenetako baten egun berean egin genuen: Kontxako banderaren egunean. Horixe izaten da Kantauri itsasoko estropadetako sari nagusia. Badia are ederrago egiten zuen ikuskizuna zen. Gero, hiriko funtsezko tokien jatorriaz eta historiaz gehiago ikasten jarraitu genuen: San Telmo museoa, Koruko Andre Mariaren basilika, San Bizente eliza edo Gipuzkoa plaza, besteak beste.


Zubitik zubira

Zoragarria izan zen autobus deskapotablearen goiko zatian Urumea ibaia zeharkatzea eguraldi eder harekin.  Zubiz zubi joan ginen, haietako bakoitza, bertako historia, ezaugarriak eta, noski, izena identifikatuz. Deigarria iruditu zitzaidan ibaia Nafarroan jaiotzen dela eta Donostian itsasoratu aurretik 40 km egiten dituela jakitea. Hain zuzen ere, antzinaroan, Nafarroako erresumako portua izan zen, eta Erdi Aroan, ospetsu bihurtu ziren ibaiertzean zeuden ontziolak. Han eraiki zituzten Itsas Armada Garaiezina izeneko itsasontzi nagusiak.

Autobusetik, ezkerrera edo eskuinera begiratuta ere, iraganeko eta oraingo historia ikus zenitzakeen. Horren erakusgarri da, adibidez, Santa Klara uhartea, itsas mailarekiko 48 metrora dagoena. Hainbat geltokitatik ikusi ahal izan genuen eta, bere garaian, herritarrak epidemiak jasaten ari zirenean eta gaixo zeudenak isolatzea gomendatzen zutenean, ospitale gisa erabiltzen zuten.

Eta, ibilbideko beste zati batzuen artean, Boulevarda zeharkatutakoan, gaur egun udaletxea denera iritsiko gara. Eraikina 1882an egin zuten hiriko luxuzko Kasino Handi bihurtzeko. ‘Belle Époque’ garaian, pertsonaia ospetsu ugari bihurtu zen bertako luxuzko festetako lekuko: Mata-Hari, Leon Trotsky, Maurice Ravel, Belgikako Leopoldo erregea edo Persiako Xah, besteak beste. Dena den, kontatu zigutenez, 1925ean jokoa debekatu zutenean, distiraz betetako garai hori amaitu egin zen. 

Udaletxearen atzean dago Donostiako portua. Txikia da, baina urte askoko historia du. Bertako arrantzaleak izan ziren baleak eta bakailaoa arrantzatzeko asmoz Ternuara iritsi ziren lehenengoak.

Autobuseko ibilbidearekin aurrera jarraituta, ibaia zeharkatuko dugu Gros auzoa ezagutzeko. Ulia mendiaren hegaletako batean dago eta erpinetako batean du Kursaal jauregia. Autobusera igotzen eta handik jaisten ibili ginen, gure erritmoan, txoko guztiez gozatzen eta guztietan ikasten. Eta, eguna biribiltzeko, Groseko tabernetan sartu eta bertako barretako pintxo zoragarriak dastatu genituen… Ondo merezia genuen!


Bus turistikoa
16/pertsonako
Bisita-gidatua
5/pertsonako
X