Donostia LGTBI, bere garairako aurreratuta beti

jokin-egana-eu
Jokin Egaña Kazetaria

LGTBI-ren gaia hiri garapenaren eta modernitatearen termometro bihurtu da, eta hiri bakar batek ere ez du atzean geratu nahi. Hiri askok ahalegin instituzionala egiten dute LGTBI komunitatearentzat erakargarriak izan nahian. Baina Donostiak jariatzen dituen LGTBI inklusio eta dibertsitatea ez dira kasualitatea izan, ezta nahita bilatuak ere; aitzitik, hiri kosmopolita, multikultural, ireki eta abegikor baten emaitza ebolutibo eta naturala da, duela zenbait hamarkadatatik oso nabarmena.

Donostian jaio nintzen duela 56 urte, eta bertan bizi izan nintzen 30 urte bete arte. Orduz geroztik, lan kontuengatik, Espainiako hainbat hiritan bizi izan naiz eta herrialde askotan ibilia naiz. Jakin-gose eta bidaiari geldigaitz, bai eta giza portaeraz eta gizarteaz jakinzale, gure LGTBI komunitatearen bizitza aztertu ahal izan dut hainbat eta hainbat tokitan. Gure hiriaren edertasun aski ezagunaz harago, zeinetaz hainbeste orri idatzi diren, lerro hauetatik gure hiriaren bizimodua eta idiosinkrasia ez ezik, gure hiriak jariotzen duen giro berezia ere azpimarratu nahi dut, turista guztiak kutsatzeko ahalmena du eta. Eta, bereziki, LGTBI komunitateari eta beste gutxiengo sozial batzuei dagokiena.

canalyou1

70eko eta 80ko hamarkadetan, Donostia ordurako benetako erakargarria zen LGTBI turistarentzat, hiriaren interes orokorrez haratago. Mirakontxa aldean, LGTBI gaueko aisialdirako hainbat lokal zeuden, hala nola Master, Valentino, Wali-Jai, Cristal, Orient Express... benetako underground queer bat osatzen zutenak. Garai hartan, eremu hori askatasun oasia zen eta estatuko eta nazioarteko LGTBI komunitatea hartatik edateko irrikan zegoen. Horri guztiorri gehitzen badizkiogu KU dantzaleku enblematikoa (1970eko hamarkadan sortua eta aurrerago Eivissara esportatua) eta Igeldo Mendiak handik eskaintzen zuen ikuspegi paregabea, bai eta garai hartako estiloarekin hausten zuten dekorazioa, gogo-ak eta musika-soinuak, Donostia urte haietan modernitatearen, estiloaren eta errebeldiaren ikono bihurtu zela garbi dago, garaiko kanon makurrei aurre eginez.

Gaur egun, LGTBI aisialdirako ia ez dago gaueko lokalik gure hirian. Hiri osoak LGTBI komunitatearekiko giro seguru eta irekia eskaintzen zuela erabaki zuten ostalariek duela zenbait urte. Nire iritziz, LGTBI lokalak ez dira soberan, gure kulturaren, musikaren eta gizarte mugimenduaren parte baitira, eta abar. Baina, zalantzarik gabe, LGTBI komunitateari espazio seguruak eskaintzeko premiarik ez duen hiria, hiri horren LGTBIfriendly izaeraren seinale garbia da

bares inclusivos

Aldi berean, LGTBI edo heterofriendly hotelen kate esklusiborako erakargarri izateko gai izan da Donostia, hiriaren hotel eskaintza beste LGTBI hiri batzuen eskaintzari gehituz: Eivissas, Mas Palomas, Berlin edo Miami, batzuk aipatzearren.

Bitxia bada ere, eta ikonoez ari garela, ba al zenekien San Sebastian —Elizak gehien gurtzen duen santuetako bat— benetako gay ikonoa dela? Haren irudikapen piktoriko eta eskultoriko zabala ez zen oharkabean pasatu gay komunitatearentzat. XIX. mendearen amaieran, orduko gizon gayek ideal homerotiko bat eta "armairuan" torturatutako gizon gay baten sinbologia ikusi zituzten San Sebastian santuaren irudikapenetan. San Sebastian santuaren irudia inspirazio iturri izan da literaturako maisu handien obran, esaterako, Oscar Wilderen edo Yukio Mishimaren obran, eta baita zineman ere, jakina.

Eta, hain zuzen ere, zinema da Donostia hiriak gure LGTBI komunitatearentzat eskaintzen duen erakargarritasunik berezienetako bat, zazpigarren artearekiko dugun grina gure bereizgarrietako bat da eta. Nire bizitza profesionala dela-eta ezinezkoa gertatu zait Lurreko hiririk ederrenetako batean bizitzea, baina urtero neure agendan iraileko aste bat aurkitzen dut ezinbestean, Donostiara itzultzeko eta munduko zinemaldi garrantzitsuenetako batez ahalik eta gehien gozatzeko. Jaialdiak iraun bitartean hiriak jariotzen duen giroa paregabea da. Artea, kultura, sofistikazioa eta estiloak donostiar eta bisitari oroz jabetzen dira. Izan ere, luxua nonahi jario arren, hiriak jaialdiari izaera herrikoia ematea lortu du, mundu guztiaren gozamenerako.

zinemaldia 7 arte

Bai, kultura hiriaren parte da, eta hori funtsezko elementua da, Donostia LGTBI komunitatearentzat hiri irekia eta begirunetsua izan dadin. Era berean, beste elementu garrantzitsu eta aberasgarri bat hiriaren nazioarteko eta kultura anitzeko profila dela gaineratuko nuke, izan ere, duela hamarkada batzuetatik hona mundu osoko unibertsitario ugari hartzen baititu urtero Erasmus programaren bitartez.

Hondartza eta gastronomia erakargarriak dira hiri askorentzat; Donostia hiria, ordea, erabat urruntzen da hiri masifikatu eta txosnaz beteriko ereduetatik. Gure kultura eta kalitate gastronomikoa mundu osoan ezaguna da. Eta hondartza-giroa hiriko beste giro guztiak bezain dotorea da, surfarekiko grina eta ingurumenarekiko errespetua bereziki azpimarratzekoak izanik

naturaleza amor

Ezin artikulu hau amaitu hiritik gertuko atzerriei buruzko aipamen txiki bat egin gabe. Donostian egiten dudan egonaldi bakoitzean, joan etorria egin ohi dut beti Frantziako Landetara, hango hondartza eta duna amaigabeetan askatasun, intimitate eta aire berritu bila joaten naiz eta. Pribilegio horren ondoren, ibilalditxoa dator Biarritz edo Donibane Lohizuneko kaleetan zehar.

Berdin dio zertarako etortzen zaren Donostiara: ikastera, hiria ezagutzera, kongresu batean parte hartzera... aniztasunean errespetuz hartuak dira denak, bai eta jakin-minez ere. Bai, euskal herriko biztanleok neurritsuak izan ohi gara ("itxiak" izatearekin ez da nahastu behar), baina bisitariak ezagutzeko eta hartzeko irrikan gaude, baita elkarri eragiteko ere, bizipen eta gauza berriak ezagutu nahian. Eta, jakina, LGTBI bidaiarien kasuan ere bai.

Donostia, historikoki, politika-kontuengatik zapaldua izan da; horregatik, gure izaeran errebeldia-puntu bat izaten dugu, kanon zaharkituei aurre egin eta haize kontra joaten garelako ospea dugu, iraganeko garaietan zein egungoetan. Nik hori izugarri gogoko dut. Eta LGTBI komunitateko kide bazara eta Donostia bisitatzen baduzu, bere garairako aurreratuta beti dabilen hiri batez gozatzeko gogo bizia kutsatuko zaizu.

X