Donostiako denda historikoen ibilbidea
- Donosti Feeling
- 2025 Api 23
Casa Munoa (1935): Donostiako altxorra
Gure ibilbidea Casa Munoan hasiko dugu, ia mende batez hirian gailentzen den bitxi-denda honetan. 1935etik, etxe honek pieza bakanak egin ditu, Balenciagan, Chanelen eta izen handiko beste sortzaile batzuetan inspiratuta. Estilo paregabea izaten jarraitzen duen klasiko bat da.
Otaegui gozotegia (1886): Betiko zaporea
Gutizia gozo batez gozatzeko etenaldia egitea baino gauza hoberik ba al da? Casa Munoa dendatik hurbil, Alde Zaharraren bihotzean, Otaegui gozotegia aurkituko dugu, 1886an sortua. Hango gozogintzak euskal eta europar tradizioen alderdirik hoberenak uztartzen dituenez, Errege Etxearen hornitzaile ofiziala izan zen XX. mendearen hasieran. Esaten dutenez, Maria Kristina erreginak izugarri maite zuen gozotegi honetako almendra-bizkotxoa.
Ponsol (1838): Kapela-dendarik zaharrena
Ibilaldia eztitu ondoren, Ponsolera joango gara. 1838an sortutako kapela-denda hau Euskadiko zaharrena da, eta benetako erreferentea hirian, gainera. Garai batean, kapelarik gabe irtetea pentsaezina zen eta, modak aldatu diren arren, denda honetan oraindik ere adituak dira estilo bakoitzerako osagarririk onena aurkitzeko orduan.
Irulea (1932): Eskuz egindako jantzigintza
Kapeletatik betiko ehunetara igaroko gara. Iruleak bere jatorrizko altzariak izaten jarraitzen du eta etxeko arroparen eta eskuz egindako jantzigintzaren arloko dendarik nabarmenetako bat da, oraindik ere. Hemendik irteten den jantzi bakoitzak halako historia duen denda batek soilik eman dezakeen ukitu paregabe eta pertsonalizatua dauka.
Benegas lurrindegia (1908): Hiriaren esentzia
Ibilbideari jarraituz, Benegas lurrindegira iritsiko gara: Donostiako denda klasiko bat da, 1908tik. Sortu zenean, ingeles estiloko ile-apaindegia zen, lurrindegi eta guzti, eta laster bihurtu zen Belle Époque garaiko goi-mailako gizartearen bisiten xede. Denborarekin, ile-apaindegia bertan behera utzi eta kalitate handiko lurrinetan eta kosmetikan espezializatu zen; hala, hiriko dendarik ezagunenetako bat bilakatu zen.
San Martin azoka (1884): Hiriko merkataritzaren erdigunea
Hiria sentitzeko modurik hoberena azoka bateko korridoreetan barrena ibiltzea da. San Martin azoka 1884an inauguratu zuten eta hornidura-azoka izatetik merkataritza-gune moderno bilakatu da. Azken urteotan, hiriko azoka nagusi bihurtu da, baita donostiarrentzako topagune ere, tradizioa, gastronomia eta jantzi-dendak uztartzen baititu.
Box (1948): Larruaren artea
Azokaren freskotasunetik, larruaren artera igaroko gara. 1948tik, larrukigintzaren munduan kalitatearen, diseinuaren eta tradizioaren sinbolo bihurtu da Box. Hasieran lantegi txiki bat zen, baina gaur egun dotoreziaren eta aparteko artisautzaren sinonimo da.
Miner (1926): Donostia bi gurpiletan
Ibilbidea amaitzeko, Miner etxeko bizikleta batean igoko gara. 1926tik, bi gurpiletan mugitu nahi duten donostiarrentzako erreferente bat izan da. Hasieran lantegi txiki bat zena hiri- eta kirol-jantzien marka aipagarri bilakatu da; hain zuzen, hiru belaunaldi daramatza mugikortasun jasangarriaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten.
Denda hauetako bakoitza hiriaren parte da. Produktuak saltzeaz gain, istorioak kontatzen dituzte. Beraz, Donostiara etortzen zarenean, sartu, kuxkuxeatu, eta eman amain zure buruari. Txoko bakoitzean iraganaren zati bat baitago, jendeak ezagutu zain.