Zer egin Donostian hotza edo euria ari duenean

Donostia oporrak igarotzeko edo asteburuko irtenalditxo bat egiteko leku paregabea da. Kantauriko Perlan egun batzuk igarotzea erabaki baduzu eta espero ez zenuen (ala agian bai) klima aurkitzen baduzu, ez kezkatu, Donostiak eguraldi txarrari aurre egiteko makina bat aukera eskaintzen ditu:

Hurbildu Turismo Bulegora

Euria, trumoia edo eguzkia egin... Ezer ez galtzeko behar dituzun datu guztiak Boulevard 8an daude! Gainera, Donostia Turismoko euritako polit bat edo txubaskero eder bat eros dezakezu euritik babesteko (euri asko egiten badu, baliteke aterkia ez izatea nahikoa...).

Donostiako museo eta arte espazioetan aterpea hartu

Ez dago egun euritsu bat baino ezer hoberik euskal kulturan edo kultura garaikidean barneratzeko San Telmo museoan, Sagardoaren lurraldean, Albaolan... Horretaz gain, Donostian arteari eta kulturari eskainitako beste espazio batzuk ere badaude. Bisitatu Donostiako museo eta arte-galeria ugariak.

Euri egunetan olatu ikuskizuna izaten dugu!

Ba al zenekien Donostian, denboralea dagoenean, 5-10 metroko olatuak sortzen direla, eta 20 metrokoak ere izan daitezkeela? Ikuskizun berezi hau Pasealeku Berritik, Urgull menditik edo Haizearen Orrazitik goza dezakezu, baina kontuz, ez hurbildu gehiegi!

Aprobetxatu erosketak Donostian egiteko

Donostiak merkataritza tradizionalaren oinarria mantentzen du; betiko produktuak betiko kalitatearekin eskaintzen dituzten establezimenduen eskaintza zabala da. Oso denda sofistikatuak, lokal alternatiboak eta marka nagusien boutique-ak topatuko ditugu. Eta oso hiri handia ez denez, merkataritza pilatuago dago eta erosketak egitea erosoagoa da. Ezagutu erosketak egiteko aukera guztiak!

Ondo pasa familian busti gabe!

Ikasi modu dibertigarrian Aquariumeko 200 arrain-espezie baino gehiagoren artean, harri eta zur geratu planetarium handiarekin eta haurrentzako esperimentu zientifikoekin Eureka Zientzia Museoan, Kutxa Ekoguneko edo egin piruetak Txuri-Urdin izotz jauregian. Haurrekin batera gozatzeko plan mordoa dugu!

Gozatu zaparradaz itsasora begira dagoen spa batean

Itsasoari begira egon zaitezke, La Perla Talasoterapia zentroan bainu termal lasaigarri bat hartzen duzun bitartean. Ehun urte daramatza aipatutako zentroak bere bisitariei osasuna, ongizatea eta erlaxazioa eskaintzen.

Hiri honetan modu guztietan jaten da ondo... utzi zeure buruari gozatzen!

Sagardotegi garaian gaude... Zutik edo eserita, sagardotegi batean sortzen den giroa bizi beharreko zerbait da. Nahiago baduzu, Donostiako sukaldaritza beste esperientzia gastronomiko ahaztezin batekin dastatu dezakezu! Michelin izarrak, merkatu tradizionalak, pintxorik onenak...

Ezagutu Donostiako txoko guztiak, euri-tantak sahiestuz

Donostiako City Tourrak hiriko bista onenekin, ibilbide panoramikoak eskaintzen ditu. Busti gabe hiria ezagutzeko modu dibertigarria!

Pilota gertuagotik ezagutu

Pilota dibertsioa eta kultura da! Galarreta pilotalekuan euskal pilota modalitate ikusgarrienetako batez gozatzeko aukera izango duzu: Erremontea!. Euskal pilotaren mundua bertatik bertara ezagutzeko, Atano III.a pilotalekura edo Baldara ere hurbildu zaitezkete.

Bestelako aisialdi-planak...

Gehiago jakin nahi duzu? Ezagutu orrialde hauetan Donostiak eskaintzen duen guztia: Antzezlan bat ikustea, gure kontzertu ugarietako batean dantzatzea, zinemako azken estreinaldiekin gozatzea edo zoriaren jokoetan murgiltzea...


X