Slow Fishing-a: ez egon gure kostaldeari begira; barneratu bertan, eta ezagutu eta senti ezazu

Ezagutu Kantauri itsasoaren gure zatitxoak ezkutuan dituen sekretu guztiak iluntzean, arrantza jasangarria eginez, eta amaitu eguna uhartearen atzean, ilunabarra itsasotik ikusi ahal izateko eguzkia jaitsi arte zain egonda. Horiei guztiei esker, Donostian itsasontziz egiten diren irteerak oroimenerako arratsalde bikain bihurtzen dira.

Gure hiria ezagutzen ez duen norbaitentzat plan bikaina dela pentsa dezakezue. Eta horren aurrean, baietz biribil bat botako dizuet, baina halaxe izan zen niretzat ere. Donostiar peto-petoa naiz, gure txoko guztiekin gozatzen duena, gure badian eta handik kanpo aurretik ere nabigatu izan duena, baina gure itsasoarekin eta bertako sekretuekin itsasontzi hartan sentitu zuen moduko konexiorik aurretik sekula sentitu ez zuena.

Iñaki de Oribayk, portuan jaiotakoak, “arrantzaleak”, itsasoko eta munduko gizonak, eta haren txakurtxo Wandak egin ziguten harrera itsasoan, geografian eta denboran zehar egindako zeharkaldi bihurtu zen itsasontzian.

Arrantza egitera joan behar genuela uste genuen eta euskal arrantzako tradizioan sartuta geratu ginen, gure kostalde, gandorretan eta urpeko mendietan bizi diren animalien eskola magistral atseginean… izan ere, itsasontzi barruan gertatzen zen guztiak oreka eta konexio bikaina zuen.

Gure lurrarekin eta kulturarekin lotutako pasioa eta maitasuna barreiatzen zituen harmonia. Itsasoratu bezain pronto, eta itsasontziaren balantzara ohitu ostean, uhartea inguratu genuen. Han, bertan bizi den antxeten kolonia ikusteko aukera izan genuen. Hegazti beraren hainbat klasetako mestizajearen emaitza da. Eta, hala, toki hartako bitxikeriak ezagutuz, Igeldo menditik Orioraino iristen den bidearekiko paralelo doan itsasoko gandorretako baterako bidea hartu genuen gainetik.

Puntu hartara iritsita, dagoeneko hiru apeu genituen itsasoan eta arrainek tenk egiteko zain geunden irrikaz. Eta badakit hau galdetuko diozuela zeuen buruei: hiru apeu? Arrantza mota ugari dago aukeratzeko; guk hastapeneko arrantza, jigging-a eta spinning-a egin genituen. Bai, spinninga. Bizikleta estatiko batean gimnasioan egiten denaz gain, arrantza-metodo bat da.

Horiek dira arrantza jasangarriko modalitateak eta arrain bat harrapatzen erakutsi beharrean, arraina konkistatzen erakutsi zigun Iñakik. Toki zehatz bakoitzeko espezieak, haien ohiturak eta ordutegiak ezagutzeaz gain, itsas hondoak miatzeko punta-puntako teknologia bateratzen du eta, hala, arrainen bizitza-erritmoan barneratu ginen. Modu natural eta errespetuzkoan harrapa ditzakegu, gero itsasora itzultzeko.

Izan ere, zalantzarik gabe, txango hura esperientzia ezin hobe bihurtu zuten osagaietako bat izan ziren naturarekiko eta tradizioarekiko mimoa. Iñakiren aitonak itsasoarekin eta arrantzarekin lotuta hezurretaraino sartu zion mimoa, eta patroiak biologiaren eta geografiaren inguruan zituen ezagutzak zirela eta, guztiok gure oinen azpian gertatzen ari zenarekiko erabateko sintonian sentitu ginen.

Eta bat-batean… tenk egin diote! Hura ilusioa egin ziguna lehen arrainak! Eta, gainera, karrete zaharrarekin. Bi kanabera modernoago eta karrete tradizional bat genituen (eskuz jasotzen den horietakoa). Eta halaxe lortu genuen gure lehen arraina, neurri politeko lanpo haginzorrotz bat eskuz hartzen.

.

Nire aldetik, arrantza egiten nuen lehen aldia ez zela esan dezaket, baina lehen eguna balitz bezala sentitu nintzen. Izan ere, zer egiten ari nintzen, arrain hark zergatik heldu zion, eguneko une hartan zergatik izan zen eta abar jakinez arrantza egiten nuen lehen aldia izan zen hura. Adrenalina-igoera hura zela eta poz-pozik jarri ondoren, berriro ere itsasora itzuli genuen.

Huraxe izan zen gure aukera, baina nahi denak eguneko harrapaketak etxera eraman ditzake gero sagardoarekin batera elkartean edo portuko jatetxeetakoren batean gozatzeko. Izan ere, gidariak portuarekin eta bertako jatetxeekin duen harreman estuari esker, harrapatutakoa hara eraman eta bertan gozatzeko aukera duzu.

Beste arrainen bat harrapatu zain geunden bitartean, gidariak itsasoaz eta hango bizimoduaz hitz egin zigun, marinelen istorio dibertigarriak kontatu zizkigun, haien hizkera erakutsi zigun eta baita haien istorio mitikoak ere. Horietako bat izan zen, adibidez, gure kostaldeko azken balea nola harrapatu zuten. Ba al dakizue nork arrantzatu zuen? Gaur egun, eztabaidak hor jarraitzen du, baina argi dugu nork gorde zituen balearen hezurrak, Aquariumean ikusgai baitaude. Eta horiek, hain zuzen ere, gaur egun oraindik zutik irauten duten hiri-portu bakarrenetako batean, Donostiako portuan, ikus ditzakegu.

Euskal Herriko eta Galiziako arrantzarako itsasontziak ere gure istorioetan hizpide izan ziren. Hain zuzen ere, 4 hilabete inguruz atuna eta hegaluzea arrantzatzeko itsasoratu aurretik beita nola harrapatzen zuten ikusteko aukera bikaina izan genuen. Alde batetik, haiek zeuden eta, bestean, gure hiriaren ezizenetako bati izena ematen dion panoramika: “Hirutxulo”. Eta biologiari, geologiari, “slow fishing”ari eta abarrei buruzko informazioaz inguratuta, nabigatzen jarraitu genuen ilunabarra iritsi eta beste arrainen bat harrapatu zain geunden bitartean.

Hiru ordu eta milaka kontakizun geroago, berriro lehorreratu ginen nire bilduman gordetzeko beste ilunabar batekin. Zalantzarik gabe, ilunabar hark nire oroimenean txoko berezia izango du. Hiru abenturazalerekin, txakurtxo batekin eta hainbat arrantza-ontzirekin batera partekatu nuen ilunabarra izango da. Ilunsenti hark nire lurrari lotuago sentitzen eta askotan Pasealeku Berritik begira egoten naizen geruza urdin horren azpian ezkutuan dagoena ezagutzen lagundu zidan.

X