Martxoaren 8an Donostia morez tindatuko da
- Kultura
- 2023 Mar 05
Argazkia: Iván Castillo Otero
Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen da martxoaren 8an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1975ean horrela erabaki zuenetik. Emakumeen eskubideen berdintasunaren alde eta gizartean pertsona gisa dugun garapenerako eta partehartzerako eskubideen alde egiten duen borroka oroitzen du egunak.
Aldarrikapenerako, festarako eta ikusgarritasunarako egun aproposa, urteko gainontzeko 364 egunak bezalaxe.
Askotariko jarduerak, martxoaren 8aren bueltan
Hemen duzu Udalak emakumearen egunari buruz prestatutako egitarau osoa.
Emakumeen Hiria ibilbidea
Zenbat dakigu Donostiako historiaren emakumeez? Belle Époque garaiko María Cristina eta Victoria Eugenia erreginez gain, zeintzuk ezagutzen ditugu? zer dakigu haiei buruz? Donostiako historia ulertzeko funtsezkoa da oharkabean pasa diren emakumeen bizimodua, lorpenak eta lanbideak ezagutzea, eta horiek guztiak ikusgarri egitea. Ibilbide honetan hainbat emakumek utzitako legatuaren arrastoari jarraituko diogu.
"Emakumeak zientzian" ekimena
Ekimen honen helburu nagusia emakumeek zientzian duten jarduera ikusaraztea eta estereotipoak haustea da, neska eta nerabe gehiagok ikasketa zientifikoak egin ditzaten.
Ekitaldi honen harira, hainbat jarduera antolatzen dira, besteak beste, jardunaldiak eta prestakuntza-saioak. Emakume zientzilarek beren lana eta esperientzia erakusten dute etorkizunean zientzian jardun nahi duten neskei.
Argazkia:Emakumeak Zientzian
Donostiako emakumeen Etxea
Emakumeen Etxea Donostiako erdigunean dagoen emakumeen topagunea eta gogoetarako gunea da. Urte osoan antolatzen dira jarduerak.
Ilustrazioak: Emakumeen Etxea, Okendo Kalea, 9
Gure Ahotsak: Bost kontzertu emakumeen ahotsak ozenago entzuteko
Martxoaren 1etik 9ra, Donostia musikaz beteko da Gure Ahotsak ekimenaren zazpigarren edizioarekin, emakume musikarien talentua nabarmenduz, ahotsa eta plaza emateko helburua du iniziatiba honek. Victoria Eugenia Antzokia eta Antzoki Zaharra izango dira Olatz Salvador, Travis Birds, Amaia Miranda, Ginebras eta Tulsa bezalako artistek emanaldi bereziak eskainiko dituzten agertokiak.
Emakumeen sormenari bide emateaz gain, musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea du xede Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen den zikloak. Artista zerrenda luzea igaro da Gure Ahotsak-eko oholtzatik.
Lilatoia
Milaka emakumek parte hartu zuten joan den igandean, martxoaren 3an, Lilatoian, Club Atlético San Sebastianek antolatutako emakumezkoen lasterketa ezagunean. Lasterketa honek berdintasuna aldarrikatzen du, eta emakume guztiok batzen gaitu kirol-ekitaldi batean, jaiarekin batera. Inoiz hurbildu ez bazara, hurrengoan parte hartzera animatzen zaitugu, korrika egin ala ez, giro ona ziurtatuta dago!
Argazkia: Lilatoia 2019