"Clima Ideal:Udako Kartelak" erakusketa

Ba ote dago leku hoberik erakusketa hau aterpetzeko San Telmo museoa baino?

2011z geroztik Euskal Gizartearen Museotzat hartua, Donostiako gune enblematiko honek harritu egiten gaitu gure hiria garai bereziki interesgarri batean sustatzen zuten kartelak biltzen dituen erakusketa batekin, batez ere XIX. mendearen amaieratik (1864an harresiak eraitsi zituztenean) XX. mendearen hirurogeiko hamarkadara iristen dena. Donostiak kanpoan duen irudia osatuz joan diren 80 urte inguru, hain zuzen.

STM clima ideal HANDIA©San Telmo Museoa

Garaiko "argazkilariak"

Clima Ideal: Udako Kartelak erakusketan ilustratzaileak garaiko "argazkilariak" izan zirela ikusiko dugu, bat-bateko argazkien artea ez baitzegoen orduko hartan oso garatuta. XX. mendeko 60ko hamarkadara arte haiek izan ziren protagonista, orduan sartu baitzen indarrez argazkilaritza. Donostia irudikatu zuten ilustratzaileak askotarikoak izan ziren. Argazkietan eta grabatuetan oinarrituta hiria ezagutu ere egin gabe birsortu egiten zutenetatik hasi eta Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan trebatutako euskal ilustratzaile handietaraino, non ekitaldiak ilustratzeari esklusiboki eskainitako irakasgai bat izan baitzuten.

expoa 2©Iker Azurmendi

“Clima ideal”

Agian, izenburu bitxi horren zergatiaz galdetu diozue zeuen buruari. Bada, "Clima ideal" erakusketa honetan ikusi ahal izango duzuen karteletako baten goiburua da. Manolo Prieto ilustratzaileak diseinatua 1934an, udan batez beste Donostian gozatu ohi dugun 22 graduko tenperatura atsegina nabarmentzen zuen. Baina, gainera, izenburu honi buelta eman zaio, esanahi gehiago har ditzan. Adibidez, XX. mendeko 20ko eta 30eko hamarkadetan, artearen munduan "giro ideala" gertatu zen, erakusketan begietsi ahal dituzuen jatorrizko karteletako asko sortzeko. Arte berrikuntzaz eta euskal ilustratzaile handiez betetako garaia izan zen; hori dela eta, kartelgintzak arte gisa garrantzi handia hartu zuen gure hirian. Gainera, kartelak probintziako moldiztegietan inprimatzen hasi ziren, eta emakumeek ikusgarritasun handiagoa hartu zuten arte grafikoetan.

muntaia 4
1.Rafael Elósegui.Regatas Internacionales, Real Club Náutico, San Sebastián, 1929. San Telmo Museoa. 2.Ricardo García K-Hito.Roberto Gómez Roberto.San Sebastián, 1928. San Telmo Museoa.

Kartel iragankor eta bidaiazaleak

Gozatu ahal izango dituzuen kartelak ugariak izan arren, garai hartan sortutako gehienak denborarekin desagertu egin direla jakitea harrigarria da. Azken finean, garai hartan udako kanpainak edo egun bakarreko ekitaldiak sustapen zehatzetarako egiten ziren, eta ez zegoen ordenagailurik edo disko gogorrik horiek gordetzeko... Erabili eta botatzeko materialtzat hartzen ziren. Hala eta guztiz ere, bilduma horietako asko gorde zituzten bildumazaleei eta artistei eurei esker, posible izan da erakusketa handi hau antolatzea. 

expoa 3©Iker Azurmendi

Izan ere, kartel hauetako batzuk AEBetan edo Parisen berreskuratu dira. Zenbat bidaiatu duen Donostiak munduan zehar diseinu hauen eskutik! 

Baina diseinu hauekin bakarrik ez. Ba al zenekien hiriko hotelek maletan jar zitezkeen pegatinak ematen zizkietela bisitariei, jende guztiak jakin zezan pertsona hori Donostian izan zela? Sticker horiekin, gu bisitatu izateaz harro plantak egin zitzaketen eta.

“Una noche en el reino de las mariposas” (Gau bat tximeleten erreinuan)

Gaur egun arraroa egiten bazaigu ere, Donostia sustatzeko lehen pizgarria ez zen Kontxako badia izan. Kasinoa, zuzenketak eta Caminos del Hierro del Norte tren konpainia sustatzeko egin ziren lehenengo kartelak.Ekitaldi esklusiboei eta gai anitzei buruzko kartelekin arrakastarik gehien erdietsi zuena batez ere Kasino Handia izan zen (1887an inauguratua); izan ere, 1924an jokoa debekatu ondoren, horrelakoak diseinatzeari ekin baitzion. Era berean, 1922an Kursaal Handia sortu zen, Kasinoaren lehiakide zuzena; eta horren ondorioz, biak bereizteko eta bezeroei zuzendutako jarduera erakargarriak antolatzeko beharra handiagotuz joan zen. Horrenbestez, gaur egun oso kartel originalak begiets ditzakegu, hala nola "Una noche en el reino de las mariposas" (Gau bat tximeleten erreinuan) eta horren moduko izenburu iradokitzaileak dituztenak. (Zertan zetzan ekitaldia?)

expoa mariposas
©John Zabalo, Txiki. Gran Casino de San Sebastián, una noche en el reino de las mariposas, 1920. San Telmo Museoa

Dena ez da Donostian gertatzen

Erakusketan zehar, Donostiako kartelak ez ezik, Gipuzkoako beste herri batzuetakoak ere ikusiko dituzue, udako helmuga turistiko gisa ere garrantzitsuak baitziren. Zarautz, Hondarribia... eta barrualdeko zenbaitzuk, Tolosa eta Eibar kasu. Zein bere nortasun ikur partikularrez irudikatua. Era berean, 1927an "Euskal Aste Nagusia" sortu zen, Euskal Herriko ohiturak eta kultura bultzatzeko ekimena. Hala bada, karteletan aizkolariak, bertsolariak, txistulariak... agertzen ziren, eta euskal folklorearekin lotura zuten ikuskizunak sustatzen zituzten.

 muntaia3
1.Nicolás Múgica Errasti(Nikol).Zarauz, playa de moda, c. 1929. San Telmo Museoa.  2.Carlos Landi Sorondo. San Sebastián, Gran Semana Vasca, 1930. San Telmo Museoa.

Kirol tradizioa

Erakusketaren barruan kirolari bakarrik eskainitako atal bat egotea ez da kasualitatea. Donostiak hamarkadak daramatza estatuko eta nazioarteko kirol ekitaldi ugari aterpetzen (aurten, urrutira joan gabe, Frantziako Tourraren bisita izan dugu). Itsaso eta mendi artean kokatua, kirol ugari egiteko helmuga turistiko paregabea da gure hiria. Itsasoarekiko lotura estuak, adibidez, gure egunotaraino iritsi diren lehiaketak bultzatu zituen, Kontxako estropadak kasu. Automobilismoa, hipika, uso tiroketa edo tenisa ere pizgarri eta bereizgarri izan ziren Europako eliterako. Nahiz eta jarduera horiek banaka batzuen eskura bakarrik egon, horien aztarnek denboran iraun egin dute, eta horri esker, gaur egun, hirian kirol horiez guztiez gozatzeko aukera dugu, kalitate maila handiekin gozatu ere.

expoa 1©Iker Azurmendi

150 urtetik gora uda Donostian igarotzen

Donostiak 150 urte baino gehiago daramatza bisitariak erakartzen. Harresiak eraitsi ondoren, hiriaren eraldaketa handia hasi zen, hiri moderno, kosmopolita eta liberal bihurtuz, non aristokraziako eta Espainiako eta Europako goi burgesiako kide askok denboraldi luzeak igarotzen zituzten. Hiriko xarma handiez gozatzera etortzen ziren, bai paisaia aldetik bai gizartearen eta kulturaren ikuspuntutik. Urte berean, 1912an hain zuzen, La Perla bainuetxea, Maria Cristina hotela, Victoria Eugenia antzokia eta Igeldoko Funikularra inauguratu ziren. Ezagunak zaizkizue leku horiek guztiak, ezta?

expoa 5©Iker Azurmendi

Clima ideal. Udako kartelak erakusketan, Donostiako espazio ikoniko horiek guztiak irudikatuta ikusiko dituzue. Halaber, Donostia lehen aldiz munduari erakutsi zioten irudiak diseinatzerakoan jarri zuten arreta aparta ere ikusi ahal izango duzue.

Orainaldiarekin konektatuz iraganera bidaiatzeko gonbidapena duzue erakusketa hau.

"Clima ideal. Udako kartelak" erakusketa San Telmo Museoan egongo da ikusgai uztailaren 1etik urriaren 15era arte.

"Donostia Belle Époque garaian, bi mendeko turismoa" artikulua irakurri

X