Eduardo Chillida: Bizitza eta obrak
- Kultura
- 2024 Mai 05
Eduardo Chillida, artista unibertsala
Eduardo Chillida, Estudio para el Homenaje a Calder -ren ondoan. Argazkia: Robert Royal
Eduardo Chillida Juantegui, XX. mendeko artista donostiar unibertsal eta eraginkorrenetako bat, 1924ko urtarrilaren 10ean jaio zen eta, bere bi anaiekin batera, Donostiako erdigunean bertan dagoen Zaragoza plazako etxe batean hazi zen, Kontxako hondartzatik metro gutxira.
Eduardo Chillida (ezkerrean) txikitan bere lehengusuekin Kontxan, 1926an. Eduardo Chillida artxiboaren argazkia.
Segur aski, gure badia enblematikotik hain hurbil jaiotzeak, Kantauri itsasoko haize gozoa arnasteak eta egunik zakarrenetan olatuen indarra sentitzeak artista unibertsal honen nortasuna moldatu egin zuten.
Natura, askatasuna eta espiritualtasuna Chillidaren eskulturetan eta artelanetan nahasten eta islatzen direla esaten dute. Donostiako itsasoak eta inguruko mendiek, hiriko giro kosmopolita eta irekiak, gurea bezalako kultura sustraitu batekin batera, Eduardo Chillida bere sortze lan guztietan inspiratu izanak ez gaitu bat ere harritzen.
Eduardo Chillida Villa Paz-eko bere estudioan, 1965ean. Argazkia: Budd Studio
Hark berak esan zuen: "Zuhaitz bat bezalakoa naiz, sustraiak herrialde batean eta adarrak mundurantz zabalik".
Gaztaroaren zati handi bat jaioterritik kanpo (Madril, Paris...) igaro bazuen ere, mundua arakatuz eta ezagutza berriak bereganatuz, azkenean Euskal Herrian bizitzen jartzea erabaki zuen, Hernanin hain zuzen, Donostiatik oso gertu, bere sustraiak indartu nahian.
Eduardo Chillida bere Ingeborg estudioan. 1990. Argazkia: Jesús Uriarte
Hori 1950ean gertatu zen, Paristik Donostiara itzuli, Pilar Belzuncerekin ezkondu eta 8 seme-alabetako lehena izan zuenean. Garai hartan burdinaren aurkikuntza ere egin zuen lanerako ekai gisa. Izan ere, esperimentatzeari inoiz utziko ez zion ekai hau tradizio handikoa da Euskal Herriko landa-giroan.
Lehenengo erakusketa Maeght Galerian, Parisen (Argazkia: Galerie Maeght). Chillida Hernaniko tailerrean (Argazkia: Gonzalo Chillida) - 50eko hamarkada
Hain zuzen ere, burdinaren antzeko ekai bat —altzairua— erabiliz egingo du bere lanik ezagunena eta enblematikoena: Haizearen Orrazia. Bertan eskultura uztartzen du haurtzarotik primeran ezagutzen duen ingurune batekin. Obra ikoniko hau, harro egoteko arrazoi dena donostiar ororentzat, hiriko iruditeriaren eta nortasunaren parte da gaur egun.
Argi dago: Donostia ez litzateke egun ezagutzen dugun bezala izango Chillidaren eragina gabe eta, era berean, Chillida ez zatekeen izan zen bezala izango bere jaioterriaren eragina gabe. Bere obran maisuki islatu zituen nortasuna, izaera eta zerizana Donostian landu zituen.
Eduardo Chillida Realarekin Atochako zelaian jokatutako futbol partida batean, 1942. Eduardo Chillida artxiboaren argazkia
Ba al zenekien 19 urterekin Realeko atezaina izan zela eta zaleek "Katu" esaten ziotela salto egiteko zeukan bizkortasunagatik? Belauneko lesio batek futboletik apartatu zuen eta agian, horri esker, gaur egun ezagutzen dugun artista bihurtu zen.
Haizearen orrazia, Donostia hiriaren ikono
Askotan aurkitzen dugu egutegietan, katiluetan, posterretan... Haizearen Orrazia, Kontxako baranda bezala, Donostiako ikonografiaren zati bihurtu da; eta ez da gutxiagorako. Ziur asko, Donostiako Haizearen Orrazia izango da euskal eskultorearen lanik ezagunena.
Obra monumental hau arroketan txertatutako altzairuzko hiru eskulturak osatzen dute, itsasoaren parean, Ondarretako hondartzaren amaieran. Inguruarekin bat eginik, altzairuzko atzapar itzelek 1976tik daramate leku berezi horretan, olatu handiei eta haizeari aurre eginez, zeina hirian sartzen baita orraztuta.
Haizearen Orraziak eta anfiteatro antzeko plazak osatzen duten espazio artistikoan egotea zinez merezi du. Lehorraren, haizearen eta itsasoaren arteko uztartze sentsazioa azaltzea zaila da. Batez ere, itsasoa harro dagoenean.
Olatuak Haizearen Orrazian
Zenbait aldiz, urteak joan urteak etorri, ibiliko zen Eduardo Chillida inguru horretatik, itsasoaren indarra sentituz?
Eduardo Chillida eta Haizearen Orrazia XV.a Donostian. Argazkia: Francesc Català-Roca
Leku hau da guztiaren jatorria. Bera da obraren benetako egilea. Nik aurkitu besterik ez nuen egin. Haizea, itsasoa, arroka... horiek guztiak erabakigarriak dira obraren sorreran. Ezinezkoa da horrelako obra bat egitea ingurunea kontuan hartu gabe. Nik egindako obra bat da, nik egin ez dudana".
- Eduardo Chillida –
Olatuak Haizearen Orrazian
Chillidaren beste eskultura batzuk hirian
Eduardo Chillidaren hainbat artelanetan oso nabarmena da espazio publikoarekiko kezka. Kalean bertan kokatzen zituen diseinuek hiru helburu zituzten: gizartearekin bat egitea, naturarekiko lotura topatzea eta banakako gogoeta sustatzea. Donostian, ezkutuxeago, Haizearen Orraziaz gain, artista donostiarraren beste sortze lan batzuk aurkitu ditzakezu. Aire zabaleko museo honetan zehar ibilalditxo bat egitera gonbidatzen zaitugu. Luxu handiagorik!
Flemingen monumentua (1990) eta Besarkada eskultura (1992)
Mendeurrenaren ospakizuna
2024ko urtarrilaren 10ean Eduardo Chillidak 100 urte beteko zituen. Hori dela eta, 2024an, "Eduardo Chillida 100 urte. Topalekua" izenpean, nazioarteko ospakizunak antolatuko dira, Eduardo Chillida - Pilar Belzunce Fundazioak bultzatuta. Aukera paregabea izango da Chillidaren artelanak zabaltzeko, bai eta Chillidaren balioak, sentiberatasuna eta ekarpenak ezagutzera emateko ere.
Eduardo Chillida eta Haizearen XV. orrazia Donostian. Argazkia: Eduardo Chillida Artxiboa
2024an zehar, munduko hainbat tokitan, proposamenak eta jarduerak kateatuz joango dira. Egitarau osoa kontsultatzeko eta informazio eguneratua lortzeko, esteka hau bisitatzera gonbidatzen zaitugu.
Eduardo Chillida eta Haizearen XV. orrazia Donostian. Argazkia: Eduardo Chillida Artxiboa
Eduardo Chillidak 2002ko abuztuaren 19an utzi gintuen, Donostian, jaiotzen ikusi zuen hirian. Utzi bagaitu ere, haren legatu artistikoak, ideiek eta munduari buruz zuen ikuspegi paregabeak betiko iraungo dute.