Donostia, zinema-hiria duela mende batetik
- Kultura
- 2025 Urt 02
Zer dute gustura sentiarazten zaituzten tokiek? Tratua al da? Lekua bera? Giroa, agian? Haien berezitasuna? Beharbada, gauza horien guztien konbinazioa izango da, baina halako tokiek badute zerbait komuna: haietara itzuli nahi izaten dugu beti.
Eta horren jakitun dira Saden, aurten gure hiriko ehun urtetik gorako enpresen taldean sartzen den enpresa donostiarrean. Hain zuzen, mende oso bat daramate Donostian zinema eta kultura sustatzen, gizartearekin batera eboluzionatzen, beren sustraiak atzean utzi gabe.
Zinema, mende batez Donostian
Sade 1925eko abenduaren 28an sortu zen, Kirolen eta Ikuskizunen Sozietate Anonimo gisa, zinema-aretoen kudeaketan jarduteko. Hasieran, hiriko zenbait areto ospetsu administratzen zituen, esaterako, Príncipe, Trueba, Arte Ederrak antzokia eta Petit Casino. Hala, Donostiako zinemaren erreferente bihurtu zen, sektore zinematografikoko bi enpresak bat egin ondoren: Vicente Mendizábal e Hijos eta Príncipe Films enpresek, hain zuzen. Sortu zenetik, zinema-emanaldiak izan ditu xede, eta bere eguneroko emanaldiei esker Donostiako hainbat belaunaldik zazpigarren arteaz gozatzeko aukera izan dute. Lehenengo hamarkadetan, sarreren prezioa 6 eta 16 pezeta artekoa zen, aretoaren eta eserlekuaren arabera. Garai hartan, Donostiaren historia markatu duten aretoak aurki zitekeen, esaterako, Príncipe, Trueba, Arte Ederrak, Astoria eta Petit Casino.
Hamarkadek aurrera egin ahala, Sadek ere aurrera egin du Donostiako zinemaren bilakaerarekin batera. 1981ean Donostiako lehenengo zinema-multzoa zabaldu zuen, Petit Casino aretoa, eta 1990eko hamarkadan Príncipe eta Astoria zinema-areto ospetsuak zaharberritu eta handitu zituen. Gaur egun, oraindik ere, hiriko zinema-emanaldien enpresa nagusia da, Príncipe, Trueba eta Antiguo Berri zinema-aretoekin.
Beti Zinemaldiarekin
Saderen historia Donostiako Zinemaldiarekin ere hertsiki lotuta dago. Laguntzaile ofizial gisa, haren aretoetan eman dira sariketako filmik nabarmenenetako batzuk. Zinemaren kulturari egindako ekarpena saritzeko, Sadek ohorezko Zilarrezko Maskorra jaso zuen.
Etorkizunera begirako legatua
Sadek kulturarekiko eta hiriarekiko duen konpromisoak ez du zinema soilik izan ardatz; aldiz, eboluzionatu egin du eta bere jarduera dibertsifikatzen jakin du. 2009an, Zinema 7 Hotela inauguratu zuen. Horretan, zinemaren eta Zinemaldiaren omenaldi bizia izanik, gela bakoitza Zinemaldiarekin lotutako aktore edo zuzendari baten gorazarrea da.
2018an, Lasala Plaza Hotela zabaldu zuen. Espazio horretan, portuaren parean duen kokaleku pribilegiatu horrekin, Donostiaren marinel-izpiritua islatzen du, hiriaren nortasunaren beste funtsezko alderdi batekin konektatuz.
Enpresa bat baino gehiago, izateko modu bat
Zinema, kultura, artea, xehetasunak eta etengabe aldatzen ari den ikuspegi bat. Sede ez da ehun urtetik gorako enpresa bat soilik; aitzitik, Donostiaren izaeraren isla da. Haren historia hiriaren historia da, eta haren mendeurrena, berriz, haren alderdi guztiez gozatzen jarraitzeko gonbita.