Cristobal Balenciaga: Modaren arkitektoa

Modaren maisua

Cristobal Balenciaga Eizaguirre XX. mendeko modaren maisu handienetako bat da. Bere teknika bikainak eta formekin eta bolumenekin jokatzeko zuen dotoreziak goi mailako joskintza irauli zuten, eta garaikide zituenen zein ondorengo belaunaldien miresmena eta aitortza eskuratu zituen.

Aurten 130 urte dira Balenciaga jaio zela, eta urteurrena aukera ezin hobea da Getariako Balenciaga Museoa bisitatu eta modaren munduan murgiltzeko.

Cristobal Balenciaga

 

Sorlekua

Balenciaga 1895ean jaio zen Getarian. Aldamar kalean bizi izan zen haurra zenean; eraldaketak izan dituen arren, gaur egun zutik jarraitzen du eraikinak. Getariako portua eta Kantauri itsasoa ikusten dira bertatik, horrenbeste miretsi eta maite zuen itsasoa.

Balenciagaren aita Estatuko ontzi bateko patroia zen, eta Getariako alkatea izan zen hainbat urtez. Ama jostuna zen, eta uda garaia Getarian pasatzen zuen Blanca Carrillo de Albornoz Casa Torreseko markesarentzat lan egiten zuen. Ama izan zen Balenciagaren lehen maistra, eta mutikoaren aparteko talentua agerian geratu zen oso txikitatik.

12 urte zituela, Casa Torreseko markesak erronka bat jarri zion: bere soineko esklusiboenetako bat berregiteko eskatu zion, emandako oihalekin. Emaitzarekin txundituta, Balenciagaren mezenasa bihurtu zen, eta une horretan abiatu zen jostun getariarraren ibilbide arrakastatsua.

Calle de Getaria

Vista aerea de Getaria

 

Lehen urratsak

Semea profesionalki trebatzeko asmoz, 1907an Donostiara etorri ziren ama-semeak, eta Boulevard eta Elkano kaleen arteko izkinan zegoen Casa Gómez entzutetsuan hasi zen aprendiz gisa.

Aurrerago, New England jostundegian ikasten jarraitu zuen, eta 16 urte zituela, hiriko luxuzko merkataritzaren erreferente ziren Hernani kaleko Au Louvre biltegietako jantzigintza-sailean kontratatu zuten Balenciaga.

almacenes calle hernani

Casa Torreseko markesaren laguntzari esker, Bordelen eta Parisen ikasten jarraitzeko aukera izan zuen Jacques Doucet jostun ospetsuaren eskutik, eta Donostiara itzuli zenean, Maria Kristina erreginarentzat lanean hasi zen.

Erregina izan zen, hain zuzen, lehen etapa hartako Balenciagaren bezero garrantzitsuenetako bat; tailer propiorik gabe, Miramar Jauregiko gela batean egiten zituen sorkuntzak, eta horrek ospe handia eman zion Donostian.

 

Hirian errotuta

1917an, 22 urterekin, lehen tailerra ireki zuen Bergara kalean. Oihalak eta langileak lortzeko kapitala falta zuenez, mertzeria baten jabe ziren Lizaso ahizpekin elkartu zen Balenciaga sei urtez.

Urte hartan, emakumeen moda iraultzen ari zen Coco Chanel diseinatzaleak bere bilduma aurkeztu zuen Donostian (Miarritzen denda bat zuen). Diotenez, Balenciaga gazteak Kasinoko joko-areto esklusiboetara sartzea lortu zuen, eta Chanel aurrez aurre ezagutzeko aukera izan zuen. Bien arteko harremanak bizitza osoa iraun zuen.

Balenciaga y Cocó Chanel

Lizaso ahizpekin zuen lotura bukatutakoan, Avenidara aldatu zen Balenciaga, eta 1924ko urrian ireki zuen bere establezimendu berria. Lehenengo solairuan, Santa Katalina kalera ematen zuten balkoien atzean, lantegi argitsua eta biltegia zeuden; Avenidara ematen zuten aretoetan, berriz, desfileak eta probak egiten zituen.

Barruko eskailera batekin komunikatuta zegoen bigarren solairuan zuen bere etxebizitza, eta amarekin eta Wladzio D 'Attainville lankide eta laguntzailearekin bizi izan zen bertan hainbat urtez.

Bezero berriengana iristeko, bi saltoki berri zabaldu zituen Donostian ondorengo urteetan: bata Okendo kalean, eta bestea Santa Katalinan, Errepublika iritsi berritan. Dena den, Donostian izandako saltokien artean bakarra mantendu zuen zabalik 1968an erretiratu zen arte: EISA izenpean zuen Avenidako establezimendua.

Avenida de San Sebastián

 

Donostiatik Parisera

Gipuzkoako hiriburuan egonkortu ondoren, Madrilera eta Bartzelonara zabaltzeko urratsa eman zuen Balenciagak. Gerra Zibila iritsi zenean, ordea, Parisera joatea erabaki zuen, eta 1937an lehen bilduma aurkeztu zuen. Goi-mailako burgesiaren eta zinemaren alorreko izarren miresmena lortu zuen pixkanaka, eta Grace Kelly, Jackie Kennedy eta Audrey Hepburn bezalako nazioarteko ikonoak janzteko aukera izan zuen.

Tienda Balenciaga en París

 

Modaren iraultza

Jantziak diseinatzeaz gain, Balenciagak emakumearen silueta birdefinitu zuen. Zaku formako soinekoa, bonboi itxurako gonak eta gerri altua erabili zituen, ordura arte ezarritako arauen kontra. Bere diseinuaren zehaztasunari eta garbitasunari esker, garaiko sortzaileen eta bezeroen errespetua eta miresmena lortu zituen.

Balenciaga da couturier bakarra, hitzaren zentzurik zorrotzenean... Gainerakoak moda-diseinatzaile soilak gara.
 
Coco Chanel
Guk ahal duguna egiten dugu ehunekin. Balenciagak, aldiz, nahi duena egiten du.
 
Christian Dior

Balenciaga trabajando

 

Gortinen atzean

Balenciaga oso diskretua zen, ospea saihesten zuen eta bi elkarrizketa baino ez zituen eman bere bizitza osoan: Paris Match astekari frantziarrari lehena, 1968an, eta Prudence Glynn kazetariari bigarrena, 1971n, The Times egunkarirako.

Balenciaga

Salbuespenak salbuespen, bere bezeroei ez zien arreta pertsonalik ematen, gehienek ez zuten ezagutzen, eta bere desfileak gortinen atzetik ikuskatzen zituen. Perfekzioarekiko zuen debozioa eta bere zehaztasuna ezagunak egin ziren.

Jostun on batek izan behar du: arkitektoa patroientzat, eskultorea formarentzat, margolaria marrazkientzat, musikaria harmoniarentzat eta filosofoa neurriarentzat
 
Cristóbal Balenciaga

 

Itsasoaren ondoan

Gerra Zibila amaitu zenean, Donostian, Madrilen eta Bartzelonan zituen lantegien jarduera suspertzea lortu zuen, eta Avenidan zuen etxebizitzaz gain, Otondo baserri zaharra erosi eta egokitu zuen 1941ean, Igeldon.

Gurutzalde izena eman zion, alboan zuen mendi-tontorreko gurutzeari erreferentzia eginez, eta hiru hamarkadatan, Balenciagaren bigarren bizitokia izan zen. Kantauri itsasoa eta Getaria sorterria ikusi zitzakeen handik.

Balenciaga

Balenciaga

 

Azken urteak

1968an, "prêt-à-porter" modaren etorrerarekin, Balenciagak erretiratzea erabaki zuen eta Gurutzaldera joan zen bizitzera. Itsasoari begira eta adiskideren batekin hizketan igarotzen zuen denbora, eta sekula ez zitzaizkion lagunek eramandako jantzirik falta izan, konponketa txikiak egiteko.

Baina bizimodu hark ez zuen luze iraun. 1972an, Carmen Martínez Bordiú Francoren bilobaren ezkontzako soinekoa egiteko enkargua jaso zuen, eta Madrilera joan zen jantzia diseinatu eta jostera. Ezkondu eta hamabost egunera, 1972ko martxoaren 23an, Javean (Alacant) hil zen jostuna.

Haren gorpuzkiak Getariara eraman zituzten, eta herriko hilerrian daude, itsasoari begira. Urtebete geroago, Igeldoko baserriak su hartu zuen.

Balenciaga

 

Legatua

Balenciagaren ondareak bizirik dirau moda garaikidean. Gainera, bere obraren zati handi bat Getariako Cristobal Balenciaga Museoan dago gordeta. 2011n zabaldu zuten eta jostun bati eskainitako museo bakarra da munduan. 5.500 pieza original baino gehiago gordetzen ditu, tartean, bere ibilbidearen hasierako diseinu ugari, eta sortzaileak goi-mailako joskintzan izan duen eraginaren ikuspegi sakona eskaintzen du.

Eduardo Chillida lagunak, halaber, omenaldia egin zion 1990ean. Altzairuzko bi pieza bertikalekin osatutako eskulturak eta barruko espazio hutsak emakume baten silueta delikatua iradokitzen dute. Obra Hernaniko Chillida Leku Museoan dago ikusgai.

Cristobal Balenciaga

X