Euskal Inauteriak
- Geurea
- 2023 Urt 22
Badatoz inauteriak!!
Inauteriak mundu osoan zehar ospatzen badira ere Euskal Herriko herri askotan inauteriak bereziak dira benetan! Euskal tradizioekin eta ama lurrarekin lotura haundia duten Inauteriak topa daitezke oraindik ere!
Lesakako Inauteriak
Donostiatik ordu batera, Nafarroan, Lantz, Ituren eta Zubietan aurkitu daitezke euskal inauteri famatuenak eta tradizionalenak!
ITUREN-ZUBIETAKO INAUTERIAK
Lehen ospatzen direnak Ituren eta Zubietakoak dira urtarrileko azken igandearen ondorengo astelehen eta asteartean ospatzen dira (aurten 2023 – urtarrilak 30 eta 31).
Joaldunak
Joaldunak dira bertako inauterietako protagonistak. Ohiturak dioenez, Joaldunek bizkarrean dituzten joareak astintzen dituzte indarrez espirtu gaiztoak uxatzeko eta lurreko indarrak esnatzeko, udaberriari dei eginez.
Ikusgarriena bi herritako joaldunak bide erdian aurkitzen diren momentua izaten da!
Ituren-Zubietako inauteriak goiztiarrenak badira Lantzekoak berantiarrenak dira. Hausterre-egunaren aurreko egunetan egiten dira. (aurten 2023 otsailak 19tik 21era).
LANTZEKO INAUTERIAK
Egunaren azken argiak joaten hasten direnean Lantzeko herritarrak pertsonaia desberdinez jantzi eta kalera ateratzen dira kondairak dioena antzeztera:
Ziripot
Kondairak dionez Lantzen Ziripot izeneko gizon lodi bat bizi izan zen. Bere gizentasunak ez zion lan egiten uzten ta janariaren truke ipuinak kontatzen zizkion herriko jendeari. Baina egun batean Miel Otxin izeneko erraldoi bat agertu zen Zaldikoz lagundua (erdi zaldi erdi gizon den pertsonaia) . Herriko jende guztiak haiei egin behar zien men eta izutuak euren atzetik joaten ziren zeukaten guztia haiei emanez.
Baina Ziripotek ezin zien ezer eman… Haserretua zaldikok bultza egin zuen lurrera bota arte eta bertan geratu zen lurrean ezin altxatu, gau osoa bertan pasatu beharko zuela pentsatuz.
Baina gauean herritarrak beraien etxeetatik ateratzen ziren Ziripot laguntzera eta Miel Otxinen bila joatea erabakitzen zuten. Hesolak, aitzurrak, sardeak, laiak hartu eta Miel Otxin harrapatu eta erre egin zuten.
Pixka bat beldurgarria izan badaiteke ere… benetan merezi du!!! A eta kontuz ibili arotzekin jende ferratzen saiatzen dira eta!!!
Nafarroan batez ere mantentzen dira inauterietako euskal jantzi tipikoak (herriz herri desberdinak izaten dira) horregatik Lesakan, Beran, Altsasun, Goizuetan edo Luzaiden ere euskal mozorroak aurkitu daitezke.
Gipuzkoan Tolosako eta Donostiako inauteriak dira ezagunenak. (aurten 2023 – otsailaren 16tik 21era).
TOLOSAKO INAUTERIAK
Tolosan egoten da zalantzarik gabe girorik handiena bertan elkartzen dira txarangak, danborradak, lagun taldeak, konpartsak... Mozorro originalenak eta parranda onena bertan aurkituko duzu. Adin guztietako jendea erakartzen du urtero Tolosako inauteriak.
Baduzu mozorroa?? Nik dagoeneko hartu det erabakia!! Eta zu non eta nola biziko dituzu zure inauteriak??