San Joan Gaua
- Geurea
- 2023 Eka 17
Eman ongietorria udari eta erre gauza txar guztiak!
Azkenean! Ekainaren 23a hurbiltzen ari da, nire egunik gustukoenetako bat, gau magiko eta misteriotsua baita. Txikitatik ospatzen dut, uste dut ez dudala San Joan gau bat ere galdu Donostian!
Eta dagoeneko heldu da berriro ere garaia. Donostiarrok prest gaude udari ongietorria emateko!
San Joan gauaren jatorria
Bizitza osoan ospatu dudan arren, orain arte ez nuen jatorrian pentsatu. San Joan Gaua festa paganoa zen, antzinako ohituretan oinarritua. Kristautasunak festa bereganatu aurretik, naturarekin eta sorginekin zegoen lotuta. Hori ere izugarri gustatzen zait!
Gainera, udaberriaren amaieran belarra mozteko garaia heltzen da eta baserri guztietan belar-metak egiten ziren (egun ere egiten dira belar-metak hainbat tokitan), ekainaren 23 gauean erretzeko.
San Joan gauarekin hasten da uda. Badirudi, eguzkiaren sasoiari hasiera emateko eta indartzeko, euskaldunek gaua argitzen zutela, eguzkiari sua eskainiz. Ondoren, suaren inguruan biltzen ziren eta suaren gainetik egiten zuten jauzi, arima garbitu eta zorte ona izateko.
Dantzak lizarraren inguruan, Konstituzio Plazan
Konstituzio Plaza hiriko ospakizun askoren erdigunea da; Donostia Eguna, San Tomas, Inude eta artzainak... Eta, nola ez, San Joan Gaua ere Donostiako toki ospetsu horretan egiten da.
Ekainaren 23ko goizean, zuhaitz bat jartzen da plazaren erdian, lizar bat zehazki -esperantzaren ikurra da-. Deigarria da sokekin nola altxatzen duten ikustea, XIX. Mendean egiten zuten moduan. Ekitaldian, txistulari bandaren musika eta hainbat konpainiatako dantzarien dantzak uztartzen dira. Ni izan nintzenean, 2019an, Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin bertsolariak ere izan ziren.
Arratsaldean zuhaitzari agurra egiten zaio, alkatea eta zinegotziak bertan direla. Dantzak izaten dira eta, azkenerako, zuhaitza erre egiten dute eta erromeria izaten da.
Musika eta folklorea gustuko badituzu, nik bezala, hau da zure tokia!
Argazkia: Donostia Kultura
Sagues, topagunea
Auzo bakoitzak bere sua izan ohi du. Ikusgarrienetakoa Sagueseko zabalgunean egiten dena da, eta musika eta beste ekitaldi batzuk ere izaten dira. Su hori Donostiako ezagunenetakoa da, Zurriola plazaren alboko zabalgunean egiten baita. Giro handia izaten da beti, suaren inguruan ez ezik, baita hondarretan ere, bertan elkartzen baikara koadrilakoekin.
Beraz, aurten, antzinako ohiturei jarraituz, gustuko ez dituzun gauza horiek erre eta suaren gainetik jauzi egitera -kontu handiz- animatzen zaitut, gauza txar guztiak atzean uzteko.
ONGI ETORRI UDARA!