Korrikak aurten Donostian du helmuga!
- Geurea
- 2022 Mar 24
Badator Korrika, euskararen aldeko lasterketa erraldoia! Martxoaren 31ean Amurrion hasi eta apirilaren 10ean Donostian amaituko da.
Egunez egun, Euskal Herriko txoko guztiak zeharkatuko ditu, herriz herri, kilometroz kilometro, euskararen aldarria lau haizetara zabalduz.
Hitz-Ekin
HITZEKIN da edizio honetarako aukeratutako lema. Hitzek (hitz) osatzen dute hizkuntza bat, baina ekintzek (ekimen) osatzen dute hizkuntza-komunitatea. Ekiteko garaia da: hitzetatik ekintzara pasatzeko unea.Konpromisua guztiona da!
11 egun eta 2.500 kilometro inguru, lekukoa eskuz esku
Zirraragarria da ikustea nola beti, gau eta egun, goiz, arratsalde edo ilun, kilometro bakoitzean, errepide bazterrean, norbait lekukoaren zain dagoen. Elur edo haize, euri edo eguzki, hotz edo bero, euskararen aldeko ekimenak ez du trabarik, beti doa aurrera, oztopo guztien gainetik.
Hunkigarria da Korrika norberaren herrira iristen den unea, haur, gazte, heldu eta zahar, denak lekukoa hartu eta hurrengoari pasatzeko prest, denok nahi dugu lagundu, denok parte hartu, eta gure hizkuntza bultzatu. Bakoitzak bere alea jarrita, elkarrekin gauza ederrak egin ditzakegunaren adibide da Korrika.
Amaiaera paregabea
Eta aurten, Donostian du amaiera. Besoak zabalik hartuko ditugu korrikalariak eta gurea egin euskararen aldarria.
GORA KORRIKA! GORA DONOSTIA! GORA EUSKARA!