Euskara eta turismoa bidelagun Donostian

Garai batean, jende gehienak euskaraz hitz egiten zuen gure hirian

Donostian, gaztelaniaz gain, euskara hitz egiten da. Garai batean, jende gehienak euskaraz hitz egiten zuen gure hirian, eta horren seinale da Donostiako leku askok euskarazko izenak gorde dituztela. Adibidez, hiriko leku izenetako bukaerei erreparatuz gero, ikusiko dugu haietako askok -berri, -aga, -eta, -tegi, -ene(a)... bukaerak dituztela.

hitzak

Baina, hainbat arrazoirengatik, donostiarren ohiko hizkuntza izatetik euskara baztertua eta zokoratua egotera igaro zen. Izan ere, eskolan eta esfera publikoan debekaturik egon zen urte luzez, XX. mendearen erdialdean. Garai bertsuan, beste fenomeno bat gertatu zen hizkuntzaren ezagutzan eragin zuzena izan zuena, immigrazioa, hain zuzen. Gaztelania bakarrik hitz egiten zuen jende asko etorri zen Euskal Herrira urte haietan, eta, adibidez, Donostian, biztanleria bikoiztu egin zen 1930-1970 urteen bitartean. Harrezkero, Donostiako erakunde publikoak eta gizarte eragileak lanean aritu dira eta ari dira hizkuntzaren ahultasun egoera hori iraultzeko. Horren ondorioa da, gaur egun, donostiarren % 46,67 euskal hiztunak izatea, eta beste % 21 inguruk euskara ulertzea.

eskuak bikote

Hala ere, proportzio hori ez da berdina auzo guztietan. Zenbait auzotan euskaldunen proportzioa dezentez handiagoa da, hala nola, Zubietan (% 78k jakin, % 12k ulertu) eta Igeldon (% 63,4k jakin, % 17k ulertu), eta, neurri apalagoan, Añorgan. Hiru auzo horiek erdigunetik aparte daude, biztanle gutxikoak dira, eta orain arte bizimodu tradizionalari lotuagoak egon dira.

igeldo 2Ikuspegi panoramikoa Igeldotik

Euskara bere lurraldean hizkuntza gutxitua da, hau da, hizkuntza batek betetzen dituen funtzio guztiak ezin dira bete euskaraz, hainbat faktorerengatik. Adibidez, biztanle guztiek ez dakite euskaraz, eta, horiekin hitz egiteko euskaldunek hizkuntza aldatu behar dute. Bestalde, euskara dakiten guztiak ez daude euskaraz alfabetatuak, eta horrek esan nahi du haiekin testu bat partekatzean, normalean gaztelaniaz partekatuko duzula. Beste faktore bat da, adibidez, prentsa, telebista, interneta eta unibertso digitala, oro har, askoz txikiagoa dela hizkuntza gutxitu batean.

Horregatik, hizkuntza batek bizirauteko, funtzio guztiak hizkuntza horretan betetzen diren espazioak behar ditu; espazio horiei arnasgune deitzen zaie, hizkuntzaren biriken antzekoak direlako. Bertan, euskara modu naturalean ikasten da, eta ohiko harremanetan euskara erabiltzea gauza normala da bertan bizi diren guztiek edo ia guztiek hizkuntza ezagutzen dutelako. Aipatu ditugun Igeldo eta Zubietan euskara arnas daiteke bertako biztanle gehienek euskara sarri erabiltzen baitute.

Igeldo gure hirian gehien bisitatzen den txokoetako bat izanik, bisitatzen gaituztenek gure kultura eta gure hizkuntza babesten lagun dezakete, hitz batzuk ikasiz eta erabiliz, aldeko jarrera erakutsiz, eta abar. Horrela, turismoa eta euskara bidelagun izan daitezke gure hirian

igeldoIgeldo mendiko itsasargia

X