Pintxo onenak Egian
- Jan ta edan
- 2019 Ots 27
Ordaindu gabeko zor handi bat geneukan. Alde Zaharra, Erdigunea eta Amara, Gros eta Antigua beren pintxo onenen atzetik ibili ondoren, argi zegoen Donostiako auzorik karismatikoenetako bat bisitatu beharra genuela: Egia, “zorionaren herria” eta askoz ere gehiago azkenaldi honetan…
Kultura eta artearen arloetako erreferentzia bilakatu da Egia, arrazoi askorengatik. Le Bukowski eta Gasteszena bezalako betiko guneek eta Dabadaba edo La Farandula bezalako beste berri batzuek kultur-ekitaldiak eskaintzen dituzte ia egunero. Kontzertu, antzerki eta era guztietako ekitaldiak. Tabakalera kultura garaikidearen zentroa 2015. urtean irekitzeak azken ukitua suposatu zuen.
Baina Egian gustukoen duguna da bere betiko nortasuna, euskal nortasun eta langile kutsu hori berean mantentzea lortu duela auzoak, modan jarri diren beste auzo batzuetan gertatu ez bezala.
Eta, noski, auzoak ez du pausorik galdu eskaintza gastronomikoari dagokionez. Gaurko gure ibilbiderako historia handiko zenbait toki eta apustu berri batzuk aukeratu ditugu, Egiatarrek maisuki uztartzen jakin izan duten atzokoaren eta berriaren arteko nahasketa hori agerian uzteko.
Cafetería Atotxa
Onddo-tartaleta urdaiazpiko iberiko eta roquefort-saltsarekin
Atotxa izeneko kafetegiak 2003. urtean ireki zituen ateak, etxe duen Kalkutako Teresa plaza amaitu berritan, eta etxeko jakiak eskaintzen ditu giro moderno batean. Plaza horretako beste lokaletan bezalaxe, auzokideak eta hiriko epaitegietako langileak eta bisitariak nahasten dira bere bezeroen artean.
Espero zitekeen bezala, bere kartaren pintxorik nagusiena kafetegiaren izena daramana da: Atotxa pintxoa alegia. Onddo-tartaleta urdaiazpiko iberiko eta roquefort-saltsarekin eta hori guztia ontzeko, porru errea, Modenako ozpina eta piperbeltz-bolatxoak.
Itziarrek, zerbitzatu gaituen zerbitzariak beren sukaldaritza “ohikoa” dela badio ere, hartu berri dugun mokadua bikaina, ez ohikoa iruditu zaigu. Osagai arruntak agian, baina bikainki aukeratuta eta uztartuta.
Tribuna Norte
Plantxan egindako urdaiazpiko tosta
Lokalak auzoaren historia omentzen du, 1913. urtetik 1999ra arte Atotxa futbol-zelai mitikoaren ipar tribunak hartzen zuen tokian baitago taberna. Kalkutako Teresa plaza ospetsuaren beste klasikoetako bat da Tribuna Norte. “Uztailaren 23an 15 urte beteko ditugu. Zelaiak utzitako hutsunea bete eta auzo berriari bizia eta eskaintza berri bat emateko xedearekin etorri ginen”, azaldu digu Pepe jatorrak barraz bestaldetik. Beren kartaren eskaintza zabala (tortilla-miniak, hirugiharrez betetako alkatxofa bitxiak edo ganba txikiak, esaterako) azaltzeaz gain, tabernaren ezaugarri nagusienetako bat aipatu digu: “uneoro ematen dugu jaten, ez dugu sukaldea ixten. Eta, horrexegatik, epaitegiko jende asko ugari hartzen dugu: berandu edo otordu normaletatik kanpo ateratzen dira eta hor gaude gu, eskaintza zabaleko aukera ezin hobea”.
Beren tostetako bat aukeratu dugu. “Plantxan egiten dugu, baratxuri ukitu batekin, kalitate oneneko oliba-olioa eta urdaiazpikoa… zera, ikusi besterik ez dago”.
Egia! Hemen duzue argazkia, esandakoaren froga gisa.
Bar Egia
Ogi txigortua, urdaiazpikoz bilduriko gari-zainzuri birrineztatuak eta porru xaflatua
Egia kaleko maldan gora egin eta gaina jotzerakoan eguneko laugarren geldialdia egingo dugu: Bar Egia delakoa. Lokalak barra eta jangela handiak ditu. Iragaitzaz dauden bezeroak egurrezko mahaietan kartetan ari diren auzokideekin nahasten dira.
“35 urte inguru daramatzagu. Plater konbinatuak, ogitartekoak eta pintxo asko zerbitzatzen ditugu gehienbat. Ostiraletan pintxo-potea, behar den bezala… Baina gure tortillengatik gara ezagunak batez ere”, azpimarratu du Antonio jabeak.
Zoritxarrez, goizegi -eta beranduegi- etorri gara tortillak dastatu ahal izateko. Goizeko 11:30ak dira eta lehen bi tortillak dagoeneko agortu dira. “Une honetan bigarren txanda prestatzen ari dira sukaldean, beste bi tortilla. Hemendik gutxira aterako dira”.
Arazorik ez. Barrako pintxoetako bat hartu dugu, tabernan sartu bezain pronto begiz jo dugun hori: ogi txigortua, urdaiazpikoz bilduriko gari-zainzuri birrineztatuak eta porru xaflatua. Ederra.
Baina, egia esan, tortillak dastatzeko gogo handiz gelditu gara: “Enkarga ditzakezue. Inguruko enpresa askok eta epaitegietako langile ugarik enkargatzen dituzte”.
Aurki eskari bat egiteko hitza emanaz utzi dugu taberna… Ezinezkoa litzateke Bar Egia taberna bueltatzea askoren ustez hiriko tortillarik onenetako bat den hori dastatu gabe.