Zergatik Donostiako gazta tartak mundu osoa bereganatu duen
- Jan ta edan
- 2024 Api 29
James Bond filmetako gaizkile ezagunak erne ibili izan balira, sukaldean ikasiko zuten. Aholku bat dugu 007 agentearen hurrengo filmen gidoilarientzat: ahaztu uharteetan gordetako bonba atomikoak eta sateliteak kontrolatzeko ahaleginak, gas paralizatzaileen formulak eta gilletteak ezkutatuta dituzten kapelak. Besterik gabe, jantzi gaizkileak mantalaz eta eman pintxo donostiarrak egiteko errezeta liburu bat. Ziurrenik, arrakasta handiagoa izango dute horrela.
Donostia da eredua. Gipuzkoako hiriburuak 180.000 biztanle pasatxo ditu, baina orotariko bisitarien artean gailendu dira hiriaren xarmak. Berdin dio Hollywoodeko izarrak, goi mandatariak, eliteko kirolariak, Nobel sariak edo, oro har, bidaiari ikusnahiak diren, guztiek dute amets bera: etorri, eta sabelaren bitartez maitemintzea.
Bai, Donostiak mundua mendean hartzeko plan bat dauka. Eta gure arma ultrasekretu berria gozoa da, urre kolorekoa kanpotik eta krematsua barrutik, txigortuta dago ertzetan, eta Baliko dantzari baten gisara kulunkatzen da. Egia da, ez da kondaira. La Viñako gazta tarta apartekoa da. Hemen badakigu hala dela, eta New York, Japonia, Australia eta are Istanbuleko gastro giro mokofinenetan ere badakite, nahiz eta, toki horietan, ezagunagoa den beste izen batez: San Sebastian cheesecake.
La Viñako gazta tartaren errezetaren sekretua
Euskadi potentzia gastronomikoa bada, Gipuzkoako lurraldea dago indar horren oinarrian. Frogak ditugu lagun. Zehazki, Michelin izarrak: 18 ditu 25 kilometroko erradio batean, eta 2019an Michelin gidak 11 jatetxe bereizi zituen izarrarekin. Hori marka hori!
Donostiako Parte Zaharra da munduan berdinik ez duten zifra horien epizentro historikoa –ideien laborategia eta proba eremua–. Hor, Abuztuaren 31 kale mitikoan, egunero ateak zabaltzen ditu La Viña jatetxeak. Santiago Rivera da La Viñako bihotza, eta bera izan da lehen harritua euskal gazta tarta onena omen denak zer iskanbila sortu duen ikusita.
Jatetxean ia-ia hogeita hamar urte daramatzate postre gozo hori zerbitzatzen, baina gutxi gorabehera duela hamar urte hasi zen ahoz aho ospea hartzen (Interneti esker), munduko arrakasta gastronomikoen Olinpoan sartzeraino. Santiago Riverak eta haren lantaldeak argi dute ez dagoela sekretu berezirik askorentzat munduko gazta tarta onena dena egiteko. Egotekotan ere, prozesuari maitasun handia jartzea. Honela egiten da:
La Viñako gazta tartaren jatorrizko errezeta (trikimailu eta guzti!)
Osagaiak (10/12 lagunentzat):
• 1 kg gazta krema
• 7 arrautza
• 400 g azukre
• 1 koilarakada eta erdi irin
• 500 ml esne-gain
Tresnak:
• Bol bat
• Laberako molde desmuntagarria
• Paper sulfurizatua
• Labea
Prestatzeko:
-Aurrez, berotu labea 210º-tan.
-Berotzen den bitartean, nahastu bol batean osagai guztiak (pazientziaz eta goxo-goxo, betiere ongi dator eta), goiko zerrendan agertzen diren ordenari jarraikiz. 1. trikimailua: ez irabiatu arrautzak aurrez. 2. trikimailua: irinak osagai guztiak hobeto lotzeko balio du.
-Molde batean, jarri paper sulfurizatua, apur bat busti ondoren. 3. trikimailua: paper horri esker, ez da beharrezkoa inguruan gailetarik edo hostopilik jartzea, eta horrela lortzen du gazta tarta honek bere arintasun famatua.
-Isuri boleko edukia moldean eta sartu moldea labean kontuz. Hor hasiko da magia, eta gutxi gorabehera 40 minutuz 210º-tan eduki ondoren zeuk ere ikusi ahal izango duzu emaitza.
-Denbora horren buruan, atera gazta tarta labetik, eta utzi pausatzen lau orduz gutxienez.
-Moldetik ateratzeko, ongi hoztuta egon behar du… harrituko zara zenbat pisatzen duen sumatzean! Bi kilo inguru, dena ongi atera bada.
Esperientzia gastronomiko paregabe baten amaiera bikaina
Ikus dezakezunez, errezeta itxuraz erraza da… Baina askoz errazagoa da La Viña jatetxera gerturatzea eta San Sebastián cheesecake ezaguna probatzea, asmatu zuten lekuan bertan.
Zalantzarik gabe, amaiera ezin hobea da Donostian jatea den esperientzia gastronomiko paregabearentzat.