Pantxineta® donostiarraren jatorria

marti-buckley-eu
Marti Buckley Blogger

Zer da zehazki Pantxineta®?

Pantxinetaren erakargarritasun ukaezina ulertzeko, lehenik, pantxineta zer den jakin beharra dago. Begi hutsez, pantxinetak hostopil xumea dirudi, arbendola hautseztatuak gainetik dituela. Hala ere, atal bat mozten dugunean agertzen da magia: hostore gurineztatuz osatutako bi geruza, Marcona arbendola txikitu eta arinki txigortuek estaliak, eta pastel krema finez beteak.

Baina, non dago benetan sekretua? Egungo kudeatzailea den Iñigo Otaeguiren arabera, arrakastaren zati bat tokiko hornitzaileak dira: “Irinak Nafarroakoak dira eta esnea Kaikuri erosten diogu”, dio Iñigok. Dena den, jakina, bertako produktuen kalitateaz gain, errezeta bat ere bada, Casa Otaeguiko errezeta, eta hoberen gordetako hiriko sekretuetako bat da oraindik ere.

Irinak Nafarroakoak dira eta esnea Kaikuri erosten diogu.
 
Iñigo Otaegui

 

Pantxineta, hostopil tarta arbendolekinArgazkia: Alex Iturralde - Casa Otaegui

 

Casa Otaeguiren historia

Postre donostiar ospetsu honen historia bere sortzaileen, Otaegui familiaren, historiari estuki lotua dago. 1886. urtean, elikagai denda bat ireki zuen familiak, despentsa eta delicatessen produktuekin. Pedro Otaegui eta Josefina Malcorrak sortu zuten denda hori, eta, zenbait urte geroago, haien alaba Emilianaren eskuetara igaro zen.

Emiliana gazte gelditu zen alargun, bederatzi seme-alabarekin eta negozioaren buru. “Viuda de Otaegui” izen berria eman zion orduan. Momentu hartan, okindegia egungo dendaren sotoan zegoen. Gaur egun, hor jarraitzen du oraindik ia 3 metroko luzera duen jatorrizko zurezko lan mahaiak, bere gurin eta gozogintza ore usainarekin. Otaeguiren ekoizpena orain soto horretan ez egin arren, familiaren iraganeko altxor eta aztarnez gainezka dago, besteak beste, ehun urtetik gorako kristalezko potoak eta, goiko partean kafetegi bat zegoenean, bezeroen kapelak gordetzeko erabiltzen ziren apalak.

Gaur egun, Casa Otaegui familiako laugarren eta bosgarren belaunaldien esku dago. Urtetan zehar mantendu eta hobetuz joan diren trebetasun artisauari esker, beren tarta, pastel eta opilek betiko zaporearen bermea eskaintzen dute. Hori da, hain zuzen ere, Otaegui Donostiako gozotegi kutunenetako bat bihurtu duen funtsa.

Bere pantxineta ospetsuaz gain, Donostiarrak Otaeguira joaten dira hurdun txokolatearen bila, ospakizunetarako tarta eskaintza zabalarengatik eta te pasta txikiak erostera.

Otaegui gozotegiaArgazkiak: Pablo Axpe eta Alex Iturralde - Casa Otaegui

 

Pantxinetaren® historia

Sarritan, plater ezagunenen jatorria ezezaguna izaten da. Aldiz, pantxinetak ongi dokumentatutako historia dauka, 30ko hamarkadan hasi zena.

Izan ere, Lehen Mundu Gerran, chef, sukaldari eta zerbitzari ugari Espainiara iritsi ziren babes bila eta, urteak joan ahala, Donostian bizitzera gelditu ziren, jatetxe eta gozotegietan lanean, Casa Otaeguin, kasurako.

Handik gutxira, Espainiako Gerra Zibila hasi zen eta horrek elikagaien eskasia eta prekarietatea ekarri zituen.

Bi inguruabar horiek funtsezkoak izan ziren pantxinetaren sorreran. Hala azaltzen du María Otaeguik: “pantxineta beharraren beharrez jaio zen benetan. Gozotegian arrautzak eta irina genituen, eta bi osagai horiek abiapuntu hartuta, nazioarteko gozogileen eraginarekin batera, jaio zen pantxineta”.

Arrakasta berehalakoa izan zen. Gaur, 80 urte baino gehiago igaro ondoren, asteburu jendetsuenetan, Casa Otaeguik 1000 pantxinetatik gora saltzen ditu.

Pantxineta beharraren beharrez jaio zen benetan. Gozotegian arrautzak eta irina genituen, eta bi osagai horiek abiapuntu hartuta, nazioarteko gozogileen eraginarekin batera, jaio zen pantxineta.
 
María Otaegui

 

Pantxineta Casa Otaegui gozotegianArgazkia: Alex Iturralde - Casa Otaegui

 

Noiz, non eta nola gozatu Pantxinetaz®

Pantxinetaren historia liluragarria nahikoa izaten da gosea pizteko, baina benetako esperientzia hura dastatzea da. Otaeguiren jatorrizko pantxineta Donostiako zenbait jatetxeren kartan aurki dezakezu, baina pantxineta dastatzeko tokirik onena Donostiako Alde Zaharreko Narrika kaleko gozotegia da oraindik ere.

Pantxineta freskoak jasotzen dituzte egunean zenbait aldiz, lantegitik eskuz ekarriak. Duen kokaleku paregabeari esker, hiriko pintxo taberna onenen aldamenean, pintxo ibilaldi baterako amaiera ezin hobea da.

Donostiar baten antzera gozatu nahi baduzu, jan ezazu pantxineta zati bat hamaiketakoarekin, kafe fuerte batekin, edo eraman ezazu osorik familia edo lagunekin partekatzeko, bazkari berezi batean.

Hori erabat ulertzeko modurik onena pantxineta egin berri bat hartu eta mokadu on bat ematea da.

X