Urumean gora

Beti da atsegina ibaiertzean paseatzea! Urumea ertzean dagoen pasealekua inguru lau eta erosoa da, haize leuna ibiltzen da gehienetan eraikin dotoreen artetik, eta uraren ibilia lagun izango duzu bide osoan zehar... Urumeako ibaiertza ohiko ibilbidea da donostiar askorentzat eta bisita egiten digutenentzat.

Distantzia

Icono distancia 3,86Km

Geldialdiak

Icono localización 11

Denbora

Icono tiempo a pie 45m
  • Maria Cristina Hotela eta Victoria Eugenia Antzokia Urumea ibaiaren bokaletik ikusita
  • Kursaaleko zubia eta Kursaal Kongresu Jauregia
  • Urumea ibaiaren bokalea Kursaal Biltzar Jauregitik ikusita
  • Urgull mendiaren bista, Urumea ibaiaren bokaletik

1. Urumearen bokalea

Audio gida

Urumearen bokalea

Gure ibilbidea Kursaal eraikinaren ondoan dagoen zabalgunean hasiko dugu, kai-muturra hasten den lekuan. Itsasoari begira jartzen bagara, gure ezkerrean ikusiuko dugu Urumea ibaia Kantauri itsasoan itsasoratzen dela, eta haren atzean Urgull mendia.

Aspaldi, badiako protagonismoa Santa Klararekin partekatzen zuen beste uharte txiki bat zen Urgull. Kontxako badia Igeldotik Uliaraino hedatzen zen, eta bertan Urumea ibaia itsasoratu, hezeguneen azalera zabal bat sortuz. Santa Klara eta Urgull uharteak ziren bertan. Ondoren, ibaiaren bokalea ekialderantz mugitzen joan zen, Urgull eta lehorra lotu zituen tonbolo hareatsu baten eraketaren ondorioz, Urgull penintsula bihurtuz. Horrela, badiak Urumea ibaiarekin zuen harremana galdu, eta gaur egun duen itxura hartu zuen: oskol formakoa, Santa Klara uhartea erdiko erliebe gisa duela. Gaur egun, duna eta paduren jatorrizko inguruneak erabat desagertu dira hiriaren egituraren azpian.

Beste aldean, ekialderantz, Zurriola hondartza ikusiko dugu, eta, atzealdean, Ulia mendia. Donostiako paisaia osatzen duten hiru mendietatik, Igeldo eta Urgullekin batera, Ulia da gutxien artifizializatu dena eta baita natur balio handiena duena ere. Itsas labarretan eta ametz eta haritzezko zuhaiztiekin batera, espezie exotikoak eta apaingarriak bizi dira Ulian.

Itsasora ematen duen iparraldeko mendi-magalak oso baldintza bereziak betetzen ditu, gazitasun handiarekin, ozeanoko haize indartsuekin eta zoru silizeoarekin, eta oso ondo egokitutako espezieak bakarrik hazten dira hemen. Horregatik, Uliako itsaslabarrek babes-figura bat dute, eta Europako Natura 2000 Sarean sartzen dira, Kontserbazio Bereziko Eremu gisa. Ingurune honetan baino aurkitzen ez ditugun landare-espezieak daude, itsaslabarretako irtenguneetan babesten diren hegazti ugarirekin batera.

Zurriolako hondartza, Uliaren oinetan ikusten duguna, hondartza artifiziala da. Hondartza naturala, bere duna-zelaiarekin, XX. mendearen lehen erdian urbanizatu zen. Proiektuaren arduraduna Tomas Gros izan zen, eta haren izena hartu zuen hiriko auzo honek.

Ibaian gora joango gara haren ondotik, Ramon Maria Lili kaletik. Urumea ibaiaren ertzeko pasealeku honetako zuhaitzei erreparatuko diegu, ziurrenik ezagunak egingo zaizkigunak.

1
Maria Cristina Hotela eta Victoria Eugenia Antzokia Urumea ibaiaren bokaletik ikusita

1 Urumearen bokalea

  • Donostiako Ramon Maria Lili pasealekuko milazkak
  • Donostiako Ramon Maria Lili pasealekuko milazkak
  • Milazka loretan

2. Milazkak Donostian

Audio gida

Milazkak Donostian

Tamariza edo milazka deritzon zuhaitz hau, bertako zuhaitza da, eta oso erraza da aurkitzea egoera naturalean hareatzetan, dunetan, itsas labarretan eta euskal kostaldeko antzeko inguruetan, haizeari eta gatz kontzentrazio handiei aurre egiteko duen gaitasunagatik.

Milazka zuhaitza oso ezaguna da hirian, bere pasealeku enblematikoenetako batzuetan, Alderdi Ederren eta Kontxako pasealekuan, eman zaion apaingarri-erabileragatik.

Horren arrazoia da XX. mendearen hasieran Agapito Ponsol Donostiako Udaleko zinegotziak zuhaitz hori aurkitu zuela Frantziako kostaldera egindako bidaia batean. Garai hartako udal-lorezaina eta, besteak beste, Gipuzkoa Plazako lorategien eta Miramar eta Aieteko jauregien egilea zen Pierre Ducasserekin batera ohartu zen, enbor sendoko zuhaitz bat zela, eguraldi txarrari eta gatzari ondo eusten ziena. Hori dela eta, Kontxako pasealekuan jartzea proposatu zuten.

Bere proposamena oso gustukoa izan zen hirian, ordura arte landatutako zuhaitzetako bakar batek ere ez baitzuen lortu Kantauriko haizeari eta denboraleei aurre egitea. Donostiarrek onartu ez zutena izena izan zen; izan ere, gure artean ehun urte baino gehiago daramatzaten arren, oraindik ere tamarindo deitzen baitzaie, nahiz eta zuhaitz tropikal horrekin zerikusirik ez izan.

2
Donostiako Ramon Maria Lili pasealekuko milazkak

2 Milazkak Donostian

  • Colon pasealekua eta Donostiako Mirakruz kalea lotzen dituen eraikinaren goialdean dagoen arranoa
  • Donostiako Kolon pasealekuaren eta Mirakruz kalearen bidegurutzea

3. Colon pasealekuko arranoa

Audio gida

Colon pasealekuko arranoa

Santa Katalina zubira iristean, ibaiaren ertza utziko dugu, Kolon pasealekua eta Mirakruz kalea lotzen dituen eraikin bikainaren gainean arreta jartzeko, eta teilatuan nagusitzen diren bi arranoei, harrizkoak noski, erreparatuko diegu. Hegazti harrapari hauek, badirudi beren harrapakinaren zelatan ari direla teilatutik, harrapakinaren gainera botatzeko une egokiaren zain. Hiriko arrano eskulturarik ezagunena, Mendeurrenaren Plazan dagoena da, baina ez da hiriko bakarra.

Aurrera jarraitu eta Urumea Pasealekutik Mandasko Dukearen kalera desbideratuko gara, epaitegien eraikinera hurbilduz. Toki honetan, trenbidea gure buruen gainetik igarotzen den lekuan, lurpeko ur-biltegi handi batzuen gainean gaude.

3
Colon pasealekua eta Donostiako Mirakruz kalea lotzen dituen eraikinaren goialdean dagoen arranoa

3 Colon pasealekuko arranoa

  • Donostiako Kalkutako Teresa plazako ekaitz-deposituak

4. Ekaitz-deposituak

Audio gida

Ekaitz-deposituak

Euri-urak biltzeko sortutako lurpeko depositu erraldoiak dira ekaitz-tankeak. Hasierako ur hauek, kutsatzaileenak dira, kaleetan eta asfaltoan pilatutako zikinkeria guztia arrastaka eramaten dutelako. Horrela, tankeek saihestu egiten dute araztegiek gehienezko emaria gainditzea eta soberakina tratatu gabe isuri behar izatea.

Prezipitazio handiko egunetan, ura estoldetan zehar iragazten da, baina bere bolumen handia dela eta, ezin da berehala araztu. Hori dela eta, ur horiek ekaitz-tankeetan mantentzen dira, euria egiteari utzi arte. Orduan bideratzen dira pixkanaka arazketaestazioetara. Horrela, ibaiak kutsatzea saihesteaz gain, gerta daitezkeen uholdeak eta ingurumen-kalteak saihesten dira.

Udal estolderia sarearen azpiegitura bat da, agian ezezaguna eta gure begietara ikustezina, baina hiriak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoa.

Ibaiertzera itzuliko gara, Urumea Pasealekura.

Ez da zaila izango hemendik kaioren bat ikustea, ibaiaren gainetik hegan eginez, taldeka bainatuz edo itsasbehera aprobetxatuz harrien gainean eguzkia hartzen.

4
Donostiako Kalkutako Teresa plazako ekaitz-deposituak

4 Ekaitz-deposituak

  • Kaioei jaten ematen ari den gizona, Donostiako Argentinako Errepublika kalean

5. Kaioak

Audio gida

Kaioak

Kaioak dira itsas hegazti ezagunenak, ugarienak eta portu, itsasertz eta itsaslabarretan erraz ikusten direnak. Egokitzeko gaitasun handia duten hegazti oportunistak dira. Azken urteotan, hirietan bizitzera egokitu dira, hondakinen kontura eta herriek eta hiriek ematen dieten babeslekuari esker. Kolonialak dira eta talde handietan bizi dira, eta, desordena eta anarkia itxura eman dezaketen arren, ondo antolatuta daude. Zaratatsuak eta adierazkorrak dira, animalia talde gutxi daude kaioen koloniak baino zaratatsuagoak, eta oso komunikatiboak dira, bai ahotsean, bai keinuetan.

Ikasteko gaitasun handia duten hegaztiak ere badira, eta hainbat hamarkadatako ikerketa zientifikoek erakutsi dute zenbait trebetasun ikasi, gogoratu eta beste kaio batzuei irakatsi ahal dizkietela. Monogamoak dira, bikoteak betiko dira, nahiz eta urte osoan elkarrekin bizi ez, eta ugalketa garaian bakarrik elkartzen diren.

Kaio espezie ezberdinak daude, fisikoki antzekoak izan daitezkeen arren. Noizbehinka bisita gaitzakeen exotikoagoren batekin batera, Urumean ohikoenak hauek dira:

  • Kaio hankahoria: Donostian ohikoena da. Bere hankengatik nabarmentzen da, horiak baitira.
  • Antxeta mokogorria: txikiagoa da, eta hankak eta mokoa gorriak ditu. Kaputxoi beltz bat du ugalketa- garaian (udaberri-uda). Gainontzeko hilabeteetan, helduek txanoaren luma ilunak galtzen dituzte, begi ondoan orban txiki bat soilik mantenduz.
  • Kaio iluna: hanka-horiaren oso antzekoa da hanken eta mokoaren tamainari eta koloreari dagokienez. Bizkarreko lumak, berriz, ilunagoak ditu.

5
Kaioei jaten ematen ari den gizona, Donostiako Argentinako Errepublika kalean

5 Kaioak

  • Maria Kristina zubiko obeliskoa
  • Maria Kristina zubiko obelisko baten itsas izakien irudiak
  • Donostiako Maria Kristina zubiko obelisko bat koroatzen duen zaldi urreztatua
  • Donostiako Maria Kristina zubiko barandako animalia mitologikoen irudiak

6. Maria Cristina zubia: dragoiak eta zaldiak

Audio gida

Maria Cristina zubia: dragoiak eta zaldiak

Urumeak sorpresa handiak ezkutatzen ditu, eta bere ibilguan dauden animalia guztiak ez dira benetakoak... ezta hezur-haragizkoak ere. Maria Cristina zubiraino hurbilduko gara haiek aurkitzeko.

Zubi hau, askoren ustez Urumea ibaia zeharkatzen dutenen artean dotoreena, 1904an eraiki zuten Jose Eugenio de Rivera ingeniariak eta Julio Zapata arkitektoak. Zubi honek Parisko estilo nabarmena du, Belle Epoqueren eragin handia, garai hartan eraikitako eraikin gehienak bezala (horietako asko 1887 eta 1929 urteen artean, alegia Maria Kristinak udak Donostian ematen zituen garaian). Izan ere, zubi osoa Parisko Alexandro III.a zubian inspiratua dago.

Lau obeliskoen gainetik begiratu behar dugu, zerurantz gailentzen diren urrezko zaldiak ikusteko. Estatuak zementuz eginak daude eta urre kolorez margotuta daude. Zaldiez gain, Donostiako zubi enblematiko honek baditu beste animalia magiko batzuk, ipuin eta kondaira zaharretako protagonistak, dragoiak, farolen gainetik edo barandetan ezkutatuta pasatzen ikusten gaituztenak.

Baina animalia bizigabe hauek ez dira zubi honetan aurki ditzakegun irudi bitxi bakarrak. Xehetasunei erreparatzeko tartetxo bat hartzen baduzu, ikusiko duzu arkuen barandak eta zeramika izaki mitologiko eta itsasokoekin apainduta datozela, sugeak, haurrak, itsasontziak, eta, oro har, itsas irudi erromantiko batekin lotutako hainbat irudi.

6
Maria Kristina zubiko obeliskoa

6 Maria Cristina zubia: dragoiak eta zaldiak

  • Ostrak Urumea ibaiaren ohantzean

7. Ostrak

Audio gida

Ostrak

Geltokia gure atzean utzi eta zubia eskuineko espaloitik zeharkatzen badugu, ia amaieran barandatik begiratzen badugu, ibaiaren hondoan muino zuri batzuk ikusiko ditugu, lehen begiratuan harriak edo hondakinak diruditenak. Ostrak dira. Marearteko eremuetara ondo egokitutako molusku bibalbioak, itsasoko ura iragaziz eta plakton eta partikula esekiak harrapatuz elikatzen direnak. Nekaezinak, orduko bost litro ur ere iragazi ditzakete.

Urumea Pasealekura itzuliko gara eta eskuinaldetik jarraituko dugu, ibaiaren ondoan.

Argi dago azken zati honetan ibaia kanalizatuta dagoela, eta ibilgua harrizko hormen artean doa, bi aldeetara mugatzen dutenak. Ura biltzen duten horma horiei erreparatzen badiegu, haien gainean ere bizia dagoela ikusiko dugu. Bere pitzaduretan landare oso bereziak bizi dira.

7
Ostrak Urumea ibaiaren ohantzean

7 Ostrak

  • Itsas mihilua Urumea ibaia bideratzen duen horma batean
  • Itsas mihilua Urumea ibaia bideratzen duen horma batean
  • Itsas mihiluaren lorea

8. Itsas mihilua

Audio gida

Itsas mihilua

Kostaldeko pitzaduretara eta hormetara oso ondo egokitutako landarea da, ez baitu ur askorik behar, zurtoin eta hosto haragitsuetan gordetzen baitu, eta lur harritsu eta ez oso sakonetan hazten baita. Lehen lerroan dago, gatzez eta olatuen zipriztinez betetako haizeen aurrean. Itsas mihilu deitzen zaio, bere infloreszentziak, ohiko mihiluaren oso antzekoak direlako.

Antzina, nabigatzaileek landare honen hostoak zeramatzaten, gatzadoboarekin eta ozpinarekin kontserbatuak beren zeharkaldi luzeetan, eskorbutoa saihesteaz gain (C bitamina asko duelako), ezaugarri arazgarri, digestibo eta diuretikoak ere badituelako. Bere hosto samurrak entsaladetan edo kontserban jaten dira, eta adoboetan eta gatzunetan ere gehitzen dira, beren usain berezia emateko.

8
Itsas mihilua Urumea ibaia bideratzen duen horma batean

8 Itsas mihilua

  • Urumea ibaiaren meandroa, Mikel Laboa pasabidetik ikusita
  • Emakume bat Mikel Laboa pasabidea zeharkatzen patinete elektrikoan Cristina Enea parkerantz
  • Mikel Laboa pasabidea

9. Cristina Eneako meandroa

Audio gida

Cristina Eneako meandroa

Loiolako Erribera auzoa eta Cristina Enea parkea lotzen dituen Mikel Laboa pasabidearen parera iristean, beste ertzeko eraikinek zuhaitz eta landareei lekua uzten dietela ikusiko dugu. Cristina Enea parkearen aurrean gaude.

Mandasko dukeen finka izandakoa, gaur egun hiri-parkea dena, Urumea ibaiaren azken meandroak sortutako muino txiki batean dago. Mandasko dukeek lursail hauek aukeratu zituzten, garai hartan hiriaren kanpoaldea zena, beren udako bizilekua eraikitzeko. Erosi zituzten lehen lurrak Mundaiz finkarenak izan ziren, ondoren eskuratu zituzten inguruko baserriak, baratzeak eta baita ibai ondoko marea-errota bat ere. Hori guztia erosteko inbertitutako diru kopuru handiari esker, lursailak, bere paradisua eraikitzeko tamaina perfektua izatea lortu zuten Mandasko dukeek. Lurrak erosi ahala, garai hartako eta bikotearen gustuen arabera diseinatzen joan zen finka. Bideak, basoak, zuhaitzak eta urmaela bera, jauregia edo zerbitzu-eraikinak baino lehen diseinatu eta eraiki ziren. Horretarako, garaiko arkitekto eta paisajista onenak kontratatu zituzten, Lecour lorezaina, Georges Aumont paisajista paristarra edo Pierre Ducasse lorezain ospetsua kasu.

9
Urumea ibaiaren meandroa, Mikel Laboa pasabidetik ikusita

9 Cristina Eneako meandroa

  • Ubarroi burua
  • Andarrioa, mokoan ornogabe bat duela

10. Ubarroiak eta zangaluzeak

Audio gida

Ubarroiak eta zangaluzeak

Urumea ibaiaren behealdean gaude, bokaletik gertu. Ura astiro igarotzen den eta malda moteltzen den tarte horretan, ibaiak sedimentua ertzetan uzten du. Batez ere lohi eta hareaz osatutako sedimentu honetan aurkitzen dute beren elikagaia hegazti zangaluzeek, euren moko luze eta finei esker, lohiaren azpian ornogabeak bilatzen eta harrapatzen dituztenak. Kolore arreak izaten dituzte lohietan ezkutatzeko, eta, beraz, kostatu egiten zaigu lehen begiratuan aurkitzea, baina arretaz begiratzen badugu, seguru andarrio txikiren bat aurkituko dugula, sabel zuri deigarriarekin eta isatsaren mugimendu bertikal bereizgarriarekin. Harri-iraunlariak ere aurki ditzakegu harrikoskorren artean ornogabe txikien ehizan.

Ubarroien bat ere aurki dezakegu, hegoak eguzkitan zabalik.

Uretan bizi diren hegazti gehienei beren lumen olioak lehor mantentzen laguntzen die, ura uxatuz. Ubarroiaren kasuan bere lumajeak olio gutxiago du eta bere lumek ur gehiago xurgatzen dute. Hau desabantaila bat dela dirudien arren, ubarroiak sakonera handian urpekatzen eta urpean modu eraginkorragoan ehizatzen laguntzen duen egokitzapena dela uste da.

Ubarroi bat uretatik irteten denean, lehenik bere lumajea astintzen du. Gero, hegoak zabaltzen ditu, lumajearen alde hezeak azkarrago lehor daitezen.

Gure zorioneko eguna bada, ziztu bizian ikus genezake gezi urdin turkesa bat ibaiaren gainazalean. Martin arrantzalea da.

10
Ubarroi burua

10 Ubarroiak eta zangaluzeak

  • Urumea ibaiaren ikuspegia Astiñene zubiaren ingurutik
  • Astiñene zubia, Loiola eta Egia auzoen arteko lotura

11. Urumea ibaia

Audio gida

Urumea ibaia

Bere izenak, Urumea "ur mehea", bere ur garbi eta gardenei erreferentzia egiten die.

Ezkurrako portuan (Nafarroa) jaiotzen da, Iberiar penintsulako lekurik euritsuenetako batean, eta Goizueta, Hernani eta Astigarragatik igarotzen da Donostian hiltzeko. Bere ibaiadar nagusia Añarbe ibaia da, Artikutzako finkan jaiotzen dena. Oro har, Urumea ibaiaren arroa Gipuzkoan hobekien kontserbatutakotzat jotzen da, eta ibaiaren bi tartek babes-figurak dituzte balio ekologiko handia dutelako, nahiz eta Hernanitik aurrera lurraldearen urbanizazioak natura-balioa kentzen dion.

Hala eta guztiz ere, ibilaldi honetan ikusi ahal izan dugu ibai baten inguruan dagoen biodibertsitatea eta aberastasun kulturala. Hiri-ibai osasuntsua biodibertsitate-korridore bat da, gozamenerako eta ongizate-iturrirako gune bat.

Hori dela eta, espero dugu ibilbide honetan zehar begiak ireki izana Urumeari bizkarra emateari utzi eta gure betaurreko berde berriekin begiratzea.

11
Urumea ibaiaren ikuspegia Astiñene zubiaren ingurutik

11 Urumea ibaia

Vista del Hotel María Cristina y el Teatro Victoria Eugenia desde la desembocadura del río Urumea

Cristina Enea Fundazioak diseinatutako ibilbide autogidatu bat proposatzen dizugu, orain arte oharkabean pasa zaizkizun ezusteko, berezitasun eta ñabardura txikiak ikusi ahal izateko.

Gure hirian bizi diren animaliak eta landareak; irudizkoak, bizigabeak edo bizirik dirautenak.

Mikel Laboa pasabidetik harago, Urumea ibaiak 6 km gehiagoko ibilbidea egiten du Loiola, Txomin Enea eta Martutene auzoetan zehar. Ibaian gora oinez jarraitzea gomendatzen dizugu, Urumea inguratzen duten historia, aniztasuna eta aberastasuna hobeto ezagutzeko!

Bisita horren ostean, gure ibilaldietan lagun izan ditugun biztanleak eta altxorrak hurbilagoak eta preziatuagoak izatea espero dugu.

X