Kontxako hondartza

Kontxa hondartza da Donostiaren postal ezagunena

playa-la-concha-barandilla-atardecerIlunabarra Kontxako hondartzan. Argazkia: The Passport Memorandum

Kontxa Donostiako harribitxia da bete-betean, eta Donostiaren erakusgarri handienetako bat: bere irudi paregabea. Santa Klara uhartearen aurrez aurre kokatuta, Kontxa hondartzak aldizkari eta egunkariak betetzen ditu, eta Europako zein estatuko lehendabiziko hondartzatzat aukeratu dute.

Egun, milaka pertsona pausatzen dira itsas pasealekuko baranda ospetsutik begira, eta hondartzara jaisten dira paseatzera, edo haren ur liluragarrietan bainu bat hartzera.

Kontxa hondartzaz gehiago ezagutu nahi zure Donostiako oporretan bertan disfrutatzeko? Hemen duzu behar duzun informazio guztia:

Hondartza guztien erregina

Kontxa hondartza historiaz eta istorioz beteta dago. Elisabet II.ak modan jarri zuen Kontxa hondartza 1845ean, bere medikuek azal-arazoetarako itsas bainuak gomendatu zizkiotenean. Haren ondotik, hondartzara joateko moda berriarekin batera, heldu ziren gainerako gortea eta goi-klaseko gizarteko aristokratak, Donostia dotorea eta ponpoxoa sortu zutenak. Gero, gainerakoa heldu zen: Kantauriko Perla, turistak eta munduko hiri hondartza ederrenetako bat izatearen aipamena.

Caseta Real de baños en la playa de la ConchaErrege-aldagela Kontxako hondartzan. Argazkia Alday

la-concha-1923Emakumeak Kontxan paseatzen 1923an. Argazkia: Martín Ricardo

Estilo handiko hiriko hondartza

Kontxa hondartza Donostiako erdialdean dago, eta Kontxako badiaren zati da. Hala hondartzaren nola badiaren izena airetik ikusita maskor baten formarekin duen antzekotasunagatik datorkio, gaztelaniaz.

Sakonera txikiko urak dituen hondartza da eta, sarritan, itsasaldiek Kontxa hondartzako azalera erabilgarria murrizten duten arren, beti eskaintzen ditu ikuspegi zoragarriak ur barrutik zein kanpotik. Aste Nagusian, su artifizialei esker, eszenategi handi bat bihurtzen da, eta hala bisitariek nola donostiarrek izozki bat jaten disfrutatzen dute hartaz. Gainera, estropada ospetsuen bitartez, milaka zale hurbiltzen dira hondartzara txapelketa gertu-gertutik jarraitzeko.

Halaber, Kontxa oso ondo hornituta dago, eta era guztietako zerbitzuak ditu: hasi itzala eta isuri pintoresko bat ematen duten toldo txuri-urdin ezagunetatik, eta bainu-hartzaileei erosotasuna ematen dieten komun, dutxa eta arropategietaraino.

Servicios de playa de La Concha: Toldos, gabarrón, wc, duchas...Kontxako hondartza udan eguzki-oihalekin

Udako hilabeteetan, hondartzako ur lasaiei esker, egitura bat jartzen da itsasoan, gabarroia deitua, eta txirristak eta tranpolinak ditu.

Paseatzeko eta kirol egiteko hondartza

Bere hondar xehea eta urrezta eta 1.300 metro eta gehiagoko luzera ezin hobeak dira oinutsik hondartzan pasatzeko. Kontxa hondartzatik beretik, itsas behera dagoenean, Ondarreta hondartzaraino jarrai daiteke oinez Loretopeko pasabidean zehar: bi hondartzak banatzen dituen haitz inguru bat.

Urgull mendiak eta Igeldo mendiak, mutur banatan, Kontxako urak babesten dituzte, eta toki aparta bihurtzen da era horretan piraguaz edo paddle surfez arraunean egiteko edo, nahiago baduzu, itsaso lasai eta kulunkari honetatik hiriko ikuspegiez disfrutatzeko. Eta belaontzi, urpekaritza edo igeriketa-zeharkaldien zalea bazara, hau duzu ere zure txokoa.

Una playa para pasear y hacer deporte: pasear, nadar, paddle surf, piraguaKontxako hondartza leku ezin hobea da Paddle Surf egiteko

Donostia eta itsasoarekin duen harreman estua

Donostia baleazaleen, esploratzaileen eta arrantzaleen itsas herri bat izan zen. Itsas isuri hori eta harekiko harreman estua agerian geratzen dira artean ere donostiarren bizitzeko moduan. Itsasoa zuretzat ere benetako plazera baldin bada, Donostiak aukera ederra ematen dizu Kontxako urez, txango laburrez eta barku-zeharkaldi handiez disfrutatzeko, baita arrantza-egunez, ilunabarreko oskorri zoragarriez edo, are, ontzi bat eskuratzeko aukeraz ere (patroiarekin edo gabe, zuretzat eta lagunentzat).

Udan, txalupa motordunen zerbitzu batek moila eta Santa Klara uhartea lotzen ditu, donostiarren oasi gogokoenetako bat. Uhartean, farozaina bizi izan da hainbat urtez, eta hiriko zalapartatik urruti geratzen da: ez du ibilgailurik, hondartza txiki bat besterik ez (Euskal Autonomia Erkidegoan bakarra eta Kantauri itsasoan bakarrenetakoa hegoaldera begiratzen), bidezidorrak, eskailerak, piknik-mahaiak, bazter isilak eta itsaso zein Donostiaren skyline gaineko ikuspegi bikainak.

paseos en barco y velero por la playa y bahía de la conchaIrteera Lucretia belaontzian

Bisitatu Kontxa hondartza inguratzen duten txokoak

Kontxa hondartza galdu ezin dituzun interes handiko txokoz inguratuta dago. Eskuin muturrean, Klub Nautikoa hiriko eraikin nabarmenetako bat da, Arkitektura arrazionalismoaren harribitxitzat hartua, Le Corbusier-en txaleta baino lehenagokoa. 1929an eraiki zuten Jose Manuel Aizpurua eta Joaquin Labayen gipuzkoar arkitektoek kaian pausatutako barku baten antzaz, eta eguneko azken argi printzak biltzen ditu eguzkia sartzeko unean. Haren aldamenean itsasora irteten den plataforma donostiarren leku gogokoenetako bat da egonean patxadaz egoteko.

playa-concha-real-club-nauticoErrege Klub Nautikoaren eraikina, gaur egun kopa-klub bat dena

playa-concha-nautico-pasarelaNautikoko plataforma, ilunabarrak ikusteko leku aproposa

Nautikoaren aldamenean, berriz, Udaletxea dago, hiriko lehengo kasinoa, Frantziako Côte d’Azurren eta Italiako Rivieran ugaltzen ziren joko-etxeen estiloari lotuz 1887an eraikia. Aurrean ditu, Alderdi Ederreko lorategiak: XIX. mende amaieran, Pierre Ducasse frantses paisajistak arretaz diseinatutako espazio berdea, tartean dituela umeak txoratzen dituen zaldiko-maldiko bat eta tamarizak non-nahi, Donostiako itsas alderdi guztietan dauden zuhaitzak.

playa-concha-ayuntamiento-carruselDonostiako Udala Kontxako hondartzatik ikusita

Alderdi Ederreko lorategien bazter batean On Kixote Mantxakoaren eta Santxo Panzaren brontzezko irudi txikiak daude 1973tik, hamarkadak lehenago Lorenzo Coullaut-Valera sevillar eskultoreak asmatuak (1876-1932). Bada dioenik eskultura hori egileak berak Madrilgo Espainia Plazarako ondutako irudi ospetsuen kopia hutsa dela, baina txikian; aldiz, benetan guztiz kontrakoa da. Alegia, Madrilgo Cervantesen bikotea bide da kopia, eta donostiarra, berriz, egiari hertsiki lotuz, jatorrizkoa. Madrilgo On Kixote eta Santxo Panza egiteko, Coullaut-Valerak prototipo bat egin zuen, lehen eskultura bat, eta hori ikus dezakegu, hain zuzen, Kontxaren ondoan.

Kontxako baranda ezaguna orduko udal arkitektoak diseinatu zuen, Juan Rafael Aldaik, 1916an, eta hari tiraka helduko gara La Perla Talasoterapiara. Itsas ikuspegia duen bainuetxe hori 1912an eraiki zen, eta garai hartako ederrenetakotzat jo zen.

playa-concha-barandilla-tamaricesKontxako baranda ilunabarrean

playa-concha-talasoterapia-perlaLa Perla talasoterapia, itsasoari begira egindako bainuetxea

Aurrerago, pasealekuan jarraituz, Kontxa gainean altxatzen da Flemingi omenaldia, 50eko hamarkadan Eduardo Chillidak miresten zituen gizon handien omenez egin zituen eskulturetako bat, tartean zirela Georges Braque margolari frantsesa, Lucca Paccioli italiar matematikaria eta Alexander Fleming bera, penizilina deskubritu zuen bakteriologoa. Chillidak 1955ean egin zuen artelan honen jatorrizkoa, Donostiako Udalak hala enkargatuta. 1991n, Joaquin Montero arkitektoak, Chillidari oso lotuak, granitoz zizelkatutako artelan eta haren idulkiaren multzoa kokatzeko terrazak diseinatu zituen, Kontxako pasealeku bete-betean.

playa-concha-homenaje-fleming-chillidaEduardo Chillida eskultoreak egindako Flemingen monumentua

Kontxako pasealekuaren azken tartea bakarti doa aurrera, eraikinik gabe, eta bertan nabarmentzen da Miramar jauregia. XIX. mende amaierako eraikin berezi horrek landazabal ingeleseko jauregitxo estiloa ekartzen du gogora, eta 1893tik udako bizileku izan zuten Maria Kristinak, Alfontso XIII.ak eta Juan Carlos Borboikoak. Multzo horren onena bere lorategi dotoreak dira, Pierre Ducassek diseinatuak ere, eta ezin hobeak bertan etzan, irakurri edo berriketan aritzeko, badiaren ikuspegi zoragarriak dituela.

jardines-palacio-miramarMiramar Jauregiko lorategiak

palacio-miramar-marMiramar Jauregia itsasotik

 


X