Kontxako badia
Hiri-hondartzarik onenetako bat izatea da
Kontxako badia Donostiaren irudia da: irudirik klasikoena, argazki gehien egin zaiona, bisitatuena… Kontxako hondartza hiriaren erdi-erdian dago; kilometro eta erdiko hondartza da, hondar zurikoa, udaletxe paretik Loretoperaino iristen dena. Inguru horretan dotorezia eta hiri-izaera dira nagusi (ez da, ez, kasualitatea Kontxak Europako hiri-hondartzarik onenetako bat izatearen ospea edukitzea).
Kontxa pasealekuan barrena nortasun propioa duten eta hiritik kanpo ezagunak diren hainbat elementu aurkituko ditugu: Kontxako baranda (gure hiriko ikonorik unibertsalenetako bat, nahastezina, bere forma edergarriei esker), kale-argiak (Zinemaldian sari gisa ematen direnak), “erlojuen” ingurua (hondartzarako sarrera nagusia), La Perlaren ingurua (bertan, eskaintza zabala da: talasoterapia, ostalaritza, kirol-elkarteak…). Elementu horiek aintzat hartuta, Kontxan barrena (hondartzan edo hiri-pasealekuan) paseatzea nahitaezko jarduera da turista nahiz donostiarrentzat. Badiaren inguruan hasitako paseoa luzatu egin daiteke Pasealeku Berrian barrena Urgull mendia inguratuz eta Zurriolako hondartzaren muturreraino, Sagues ingururaino, iritsita. Inondik ere, hiri-inguruneko paseo zoragarria da, 6 kilometro ingurukoa.
Santa Klara uhartea da badiaren beste elementu nagusia. Hiri gutxik esan dezakete harro uharte bat dutela badiaren bihotzean. Donostia da horietako bat. Uhartean, gozatzeko aukera ugari daude: hondartzatxoan, itsasargiaren eraikin bereziraino paseatuz, han-hemenka merenderoak dituzten bidexketan ibiliz, edo tabernako terrazan kafea hartuz. Eta, badiako hondartzetatik hurbil dagoenez, igerian ere joan daiteke urte osoan.
Santa Klarak hondartza propioa du, agertzen eta desagertzen iaioa dena. Txikia denez —30 metroko luzera baitu— mareen mende egoten da, baina horrek ere xarma berezia eman dio. Dena den, txikia izanagatik denetarik du, bai horixe. Uharteko hondartzak era guztietako zerbitzuak ditu, hala nola taberna bat, terraza eta guzti, eta sorospen-postua, besteak beste; are gehiago, itsasoko ura duen “igerileku naturala” ere badu. Esaten denez, bada udazkeneko marea bizien garaian, itsasbeheran, Haizearen Orrazitik hara oinez joan denik.